Albistea entzun

Gerra Ukrainan. Errusiaren inbasioak urtebete

GERRA HAUSPOTUZ

Gatazka luzatzeko baldintzak ezarri ditu Moskuk, eta beste erasoaldi bat egitekoa da. Kievek ere asmo hori du. Zenbait aldagaik baldintza dezakete hurrengo hilabeteetako jarduna: Mendebaldearen laguntza noraino helduko den, Kremlinek nola erreakzionatuko duen, eta AEBetan eta Errusian 2024an egitea hauteskundeak.
Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko otsailak 12

Analista gehienak, baita Pentagonoa bera ere, bat zetozen diagnostikoan, iazko otsailaren 24an, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi eta ordu batzuetara: Errusiako indarrek egun bakan batzuk baino ez zituzten beharko Kiev hiriburua hartzeko. Ez zen halakorik gertatu, ordea. «Blitzkrieg, tximista gerra delakoa, planteatzen zuten. Argi geratu da, baina, errusiarren planteamenduak hutsegite estrategikoak izan zituela, eta inteligentziakoak», azaldu du nazioarteko politika aztertzen duen Descifrando la guerra hedabide digitaleko kazetarietako batek, Miriam Gonzalezek. Gatazkan dauden bi aldeak gerra danborrak jotzen hasi ziren, eta hilabeteak pasatu ahala horien zarata apalduz joan beharrean, inoiz baino ozenago entzuten dira inbasioa hasi eta urtebetera. Errusiak gerra luzatzeko baldintzak ezarri ditu, eta, zenbait herrialdetako informazio zerbitzuen arabera, erasoaldi handi bat egitekoa da. Hori batetik. Bestetik, Ukrainak ere asmo hori du —hala esan du—, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeek emandako armamentu astunaren laguntzarekin. Hau da, orain irtenbide militar bat besterik ez diote ikusten gerrari bi aldeek.

Ikusi gehiago: Analisia: Irtenbidea militarra izatearen arriskuez

Gonzalezen ustez, ez batak ez besteak ez dute lortuko erabateko garaipen militar bat. «Oso zaila da. RANDen beraren aurreikuspena ere hori da». Nagusiki AEBetako Gobernuak finantzatutako think tank bat da RAND. Kazetariak ohartarazi du, dena den, bandoek gaitasuna izan badutela beste bandoa «errausteko». «Baina zein kostu edukiko luke horrek?». Nolanahi ere, esan du abagune horretara iritsi arteko gerraren areagotzeak «oso arriskutsuak» liratekeela. «Eragin lezakete gatazka zabaltzea eta beste eragile batzuek zuzenean parte hartzea». Rafael Poch-de-Feliu kazetariak oroitu du, bestalde, 1945az geroztik izandako «konkista gerretan» ez dela egon alde baten garaipenik: «Hor daude Afganistango eta Irakeko kasuak, eta, lehenago, Vietnamgoa, non erasotzaileak hortzak txikitu zituen. Korean ez dago argi nork hasi zuen, eta bake akordiorik ere ez zen egon, armistizio bat baizik... Siriakoa eta Libiako ere ikusi dugu, zeintzuetan emaitza nahiko anbiguoa izan den».

Hori horrela izanda ere, aliatuek konpromisoa hartu dute Ukrainara erasorako tankeak bidaltzeko. Gonzalezentzat, «beharrezkoak» dira, «lurrak hartuz joateko» gerra bat baita. Nabarmendu du, gainera, Mendebaldeak babes militar horren bidez emandako laguntzaren helburua «Errusia ahultzea» dela. «Izan ere, Ukraina jasotzen ari den arma horiekin guztiekin, Errusiak baliabide askoz ere gehiago beharko ditu bere erasoaldirako». Argitu du, halere, gerraren ondorioz Errusia ez dela aliatuek espero bezainbeste hondoratu, eta NDF Nazioarteko Dirua Funtsak aurreikusten duela aurten %0,3ko igoera edukiko duela; alegia, Alemaniako ekonomiak baino handiagoa.

«Espiral bat»

Poch-de-Feliuren iritziz, baliteke aliatuen babesak beste mundu gerra bat eragitea, «muturrera» eramanez gero. «Ez dela oso litekeena? Ez, noski, ez da oso litekeena, baina aukera hutsa izugarriegia da gutxiesteko». La Vanguardia egunkarirako nazioarteko berriemailea izan zen 35 bat urtez; besteak beste, SESB Sobietar Batasunean eta Errusian (1988-2002), eta Txinan (2002-2008). Abagunea ez da hori, baina aliatuek aurrerapauso bat eman dute. Gonzalezen aburuz, frontean egoera aldatu delako gertatu da, Errusiak «ekimen estrategikoa» hartu duelako. «Aliatuek, orduan, Ukrainari laguntzeko tankeen entrega azkartzea erabaki dute». Poch-de-Feliuk ibilgailu blindatuen egitekoa erlatibizatu du. «Garrantzitsuak dira, baina, oraingoz, ez hainbeste, eta ez dituzte gauzak aldatuko». Aipatu du, hori bai, Mendebaldearen mugimenduak gatazkaren areagotzearen logika bati erantzuten diola, eta, finean, elkar elikatzen duen «espiral bat» dela hau: «Errusiarrek gatazkaren ekimen militarra daukate abendutik, eta Ukrainaren ia %20 dute kontrolpean. Egoera iraultzeko, Mendebaldekoek hornikuntza handitu dute, Errusiako lurrei eraso egin zaie, Krimeakoei, eta, are, atentatuak ere egon dira Moskun. Horrek, aldi berean, Errusiaren presio militarra handitu du».

Ikusi gehiago: Ihesean doazenentzako ostatu

Ukrainak irismen luzeko misilak eta gerra hegazkinak ere eskatu ditu. AEBek eta Alemaniak azpimarratu dute ez dituztela hegazkin horiek entregatuko. EB Europako Batasunak esan du NATOk ez duela «zuzenean» gerran parte hartuko. «Ez dago inongo bermerik esateko ez dizkiotela emango Ukrainari», adierazi du Gonzalezek, eta zehaztu Alemania eta AEBak «beldur» direla. «F-16 hegazkinek 4.000 kilometroko autonomia dute. Zer gertatuko litzateke Ukrainari entregatu eta erabakiko balu Errusiari eraso egitea? Badakigu Kieven eta Washingtonen arteko komunikazioa etengabea dela, eta Ukrainak egin dezakeenaren gidoiaren barruan dagoela Errusiari eraso ez egitea. Baina pentsa hori gertatzen dela: ondorioak ezin aurreikusizkoak lirateke». Beste alderdi batean jarri du arreta Poch-de-Feliuk: «Arma hain askotarikoak jasotzen ari dira ukrainarrak, ezen ez baitakit koordina ditzaketen». Dudak ditu hegazkinak eramateak zer ekarriko duen, baina beste zentzu batean: «Baina nola? Basea Polonian edukiko lukete? Hala balitz, errusiarrek baseei eraso egin ahalko liekete...». Agertoki posible hori laburbildu du: «Oso arriskutsua da dena».

Ikusirik gatazka nola garatzen ari den, Errusiak gizartea militarizatzeko neurriak hartu ditu —Ukrainak ere bai—. Ukrainak uda bukaeran eta udazken hasieran lur batzuk berreskuratu ondoren, Kremlinek mobilizaziorako deia egin zuen, eta 300.000 erreserbista deitu zituen. Horrekin lotuta, Putinek «armamentu modernoagoa» eskatu, eta, urtea amaitzear zela, zin egin zuen armadari «behar zuen guztia» emango ziola.

Erantzukizun partekatuak

Kieveko agintariak esaten ari dira Ukraina, de facto, NATOko kidea dela. Inbasioaren aurretik, Errusiak segurtasun berme batzuk planteatu zituen: besteak beste, aliantza militarraren hedatzea geldiaraztea Europa ekialdean, baita eremu horretan jarri ahal dituen erasorako armak Errusiaren mugetatik urruntzea ere. Poch-de-Feliurentzat, «probokazio erraldoi bat» da eskaerei jaramonik ez egitea eta «superpotentzia nuklear baten» mugen ondoan azpiegitura militarrak hedatzea; gerra horren arrazoi nagusietako bat ere bada. «Eta hori egin da 1997tik. Horregatik, errusiarren inbasioa gaitzetsita ere, konturatu behar da nabarmen probokatua eta sorrarazia izan zela, eta gerra honetako erantzukizunak partekatuak direla».

NATOko herrialdeek Errusiako mugetatik gertu duten presentzia gero eta nabariagoa da, Ukraina gero eta gehiago militarizatu ahala. Hala eta guztiz ere, Ukraina, «zentzu hertsi batean», ez dago «inguratuta», Gonzalezek dioenez. «Aliatu garrantzitsuak ditu, nahiz eta ez duten irmoki esaten babesten dutenik». India eta Txina aipatu ditu, kasurako. «Eta Lavrovek [Sergei, Atzerri ministroa] bira bat egin du Afrikan. Orduan, inguratuta ez dago, nahiz eta badituen kezkak segurtasun arloan».

Orain dela hilabete batzuk arte, Mendebaldeak aliatu horietako bati, Txinari, eskatzen zion bitartekari lanak egiteko gatazkan. Gonzalezen ustez, Turkiak hartu du rol hori. Hain justu, bi aldeek orain arte izandako elkarrizketa ahalegin bakarreko azken saioak Istanbulen (Turkia) egin zituzten, iazko martxoan. Bat-batean bukatu ziren, ordea. «Mendebaldekoak, bereziki AEBak, ez dira oso interesatuta egon negoziazioan», nabarmendu du La Vanguardia-ren berriemailea izandakoak. Esplikatu du, bide batez, estatubatuarrek ez zutela Minskeko akordioan (2015) parte hartu, eta gaineratu ukrainarrek, frantziarrek eta alemaniarrek orain jendaurrean onartzen dutela «denbora irabaztea» zutela helburu, Ukraina armatu zedin.

Ikusi gehiago: «Gizarteak, oro har, militarismorantz egin du gerra honetan»

Istanbulgo negoziazioari dagokionez, gerrari irtenbide diplomatiko bat emateko egon den aukera bakarra izan zen, Descifrando la guerra-ko kazetariaren iritziz: «Gatazka hasi berria zelako, bi aldeetan jada hildakoak ziren arren, orduko egoera ezin delako konparatu orain Ukrainak duenarekin: azpiegitura arloan nola dagoen, zenbat hildako egon diren...». Iazko maiatzetik urrira, Ukrainan egon zen Gonzalez, eta uste du «iritzi publikoa» oso garrantzitsua dela erabakiak hartzeko. «Ukrainar askok esaten zidaten, literalki, Zelenski Putinekin negoziatzera ausartzen bazen kanporatu egingo zutela. Hitz egiteko modu bat da, baina ukrainar askok ez dute beste irtenbiderik ikusten. Inkesten arabera, herritarrek ez dute babesten Errusiarekin negoziatzea». Poch-de-Feliuk uste du Ukrainako presidenteari ez zaiola inola ere komeni Errusiak bere egin dituen lau probintziak —Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson— eta Krimea galtzea, ezta herrialdearen «neutralizazioa» ere. «Egingo balu, ezingo luke justifikatu hildakoekin eta txikizioarekin ordaindutako prezioa; Donbassko bi eskualdeekin eta Krimearekin amore eman izan balu eta neutralizazioari bide eman izan balio, gerra eragotziko zen...».

Abagunea ulertzeko beste aldagai batzuk jarri dituzte mahai gainean. «Bidenek [Joe, AEBetako presidentea] bozak ditu hurrengo urtean, eta ez zaio batere komeni inork esatea Ukraina galdu duela Afganistan galdu ondoren», azaldu du Poch-de-Feliuk. Gonzalezek gogoratu du beste hauteskunde batzuk ere badirela egitekoak 2024an: Errusiako presidentetzarakoak. Agertoki bat irudikatu du. «Argi dago Putin ez dela arazoa, haren ondoan badelako hark bezala pentsatzen duen edo, are, hark baino jarrera bortitzagoa izango zukeen jendea. Hau da, baliteke Putin baino gerrazaleagoa den norbait heltzea boterera». Bi kazetariak bat datoz auzi batean: Ukrainako kontua existentziala da Errusiarentzat. «Gerra hau argi galtzen badu, Errusiako erregimena hautsi egingo da, 1905ean eta 1917an gertatu bezala», Poch-de-Feliuk. Horrekin lotuta, ohartarazpen bat: «Eta, kontuz, munduko potentzia nuklear handienaren haustura politikoaz hitz egiten ari baikara orain, e?».

Noiz arte laguntzen?

Hain aurrera begira jarri gabe, Gonzalezek planteamendu bat egin du: «Laguntza militar hori guztia emanda ere ez badu garaipen nabarmenik lortzen, baliteke Mendebaldeko kideen jarrera ahultzea eta Kievi erabateko babesa ematen segitzeko aukera txikitzea». Hori esanda, iruditzen zaio bando baten edo bestearen nagusitasun militarrak, «zalantzarik gabe», negoziazio batzuk bultzatuko lituzkeela. «Gogoratu dezagun ukrainarren erasoaldi eta kontraeraso arrakastatsuen ondoren negoziazioez hizketan hasi zela Errusia».

Aldagai guztiak mahai gainean jarrita, «korapiloa» errusiarren eta estatubatuarren arteko negoziazio batek soilik «askatu» dezakeelakoan dago Poch-de-Feliu. Gonzalezek Washingtonen eta NATOko herrialdeen interesak aipatu ditu: «Ukrainari buruzko kezka guztia interes bategatik da. Interesik funtsezkoena ez da hainbeste Ukrainaren subiranotasuna —hori ere bai—: interesik funtsezkoena Errusia ahultzea da. Ez da, Txina bezala, aurkari gorenetako bat, baina inportantea da. Orduan, aukera perfektu baten modukoa da, batik bat AEBentzat, ez direlako ari hango soldaduak edo Alemaniakoak hiltzen, armak ematen zaizkielako...».

Horiek horrela, Gonzalezek ez du iragarpenik egin nahi izan. Horri buruz galdetuta, urtebete barrurako zer-nolako agertokia aurreikusten duen azaldu du Poch-de-Feliuk: «NATOren zuzeneko esku hartzerik gabe, oso zaila da Errusia militarki gainditua izatea Krimeatik Donbassera, non herritar gehienek, gainera, nahiago duten errusiarrak izan ukrainarrak baino». Badu beste hipotesi bat: «Eta NATOren esku hartze militar bat egongo balitz, oso zaila da Errusiaren misilik ez erortzea Europan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©CENTRE DELAS

«Ez dute nahi Errusia politikoki kaos bat izatea»

Igor Susaeta

Iruditzen zaio AEBen nahia ez dela Moskuk militarki galtzea, baizik eta hura higatzea. Ohartarazi du gastu militarra handitzea gerrarako dei bat dela, eta NATOk horretarako prestatzea lehenesten duela.
Xebekinoko bonbardaketan hondatutako ibilgailu bat. Gutxienez lau pertsona zauritu zituzten erasoan. ©EFE

Errusiak egindako «krimenak» ikertzeko eskatu du Wagnerrek

Arantxa Elizegi Egilegor

Armadari «sabotajea egitea» egotzi dio talde paramilitarreko buruak Defentsa ministroari. Luhansk bonbardatu eta bost pertsona hil ditu Kievek, Moskuko iturrien arabera
Zenbait manifestari Brasilgo bandera eusten, odolez zikinduta, lege proiektuaren aurkako manifestazioan, Sao Paulon. ©Andre Coelho / EFE

Lur indigenen aitortza mugatzen duen lege proiektu bat onartu du Brasilgo behe ganberak

Maddi Iztueta Olano

Senatuak bozkatu behar du orain, eta, onartzen badu, Brasilgo presidente Luis Inacio da Silva 'Lula'-ren esku egongo da hori onartzea edo betoa jartzea. Legeak baimena emango luke lur indigenetan labore transgenikoak ereiteko.

Alemaniako armadako gerraontzi bat, Helsinkiko portuan amarratuta, apirilaren 14an. ©KIMMO BRANDT / EFE

NATOk ariketa militarrak hasi ditu Artikoan, eta Finlandia babesteko konpromisoa hartu du

Mikel O. Iribar

Wagnerreko buruak fiskaltzari eskatu dio iker ditzala Errusiako Defentsa Ministerioko goi agintariek Ukrainako inbasioaren aurretik eta bitartean egindako «krimenak». Moskuren arabera, Ukrainako armadak gutxienez bost pertsona hil ditu Luhanskeko herri errepublikan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...