Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresua

Otso Borrokalaria, sendoago

Txina gero eta eragile indartsuagoa da munduko geopolitikan, orain arteko toki diskretua atzean utzita. Azken hamarkadetako ordezkari txinatarren soslai apalak ez du zerikusirik Xiren agindupeko jarrera liskartiagoarekin.

Txinako armadako bi soldadu Txinako banderarekin, joan den otsailean Zhangjiakoun (Txina), Neguko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian. FILIP SINGER / EFE.
Josep Solano
Tokio
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Txinatarrek ez dugu amore emango. Ez gara eserita geratuko, ezer egin gabe, gure herriaren interesei kalte nola egiten dieten begira». Halakoxe irmo mintzatu zen Txinako Atzerri ministrordea, Ma Zhaoxu, duela egun batzuk, nazioarteko berri agentzia nagusietako batek galde egin zionean zertan den Txinako diplomazia Xi boterera iritsi zenetik. «Orain bezala gero ere, diplomazialari txinatarrek oztopo guztiak gaindituko dituzte, eta beti izango dira gure herrialdearen eta gure herriaren interesen zaintzaile finak», adierazi zuen Atzerri ministroa izateko hautagaietako batek, Ma-k —luze gabe ordezkatuko baitute oraingo ministroa, Wang Yi—.

Txinak argi eta garbi azaldu du jarrera horretan segituko duela atzerri politikan hemendik aurrera ere, Xi Jinpingen hirugarren agintaldi aurrekari gabean, nahiz eta Mendebaldeko diplomazialariek kritikak eta kexak egin izan dizkioten, ugari, Otso Borrokalariaren estrategiari. CNNko Ben Westcott eta Steven Jiang kazetariek asmatu zuten Otso Borrokalaria terminoa, oldarkor tankerako diplomazia estilo berri horren sortzaileak izendatzeko. Kazetari horien arabera, Otso Borrokalariak oso bestelako diplomazialariak dira azken hamarkadetako ordezkari txinatarren soslai apalarekin konparatuz gero. Hala izenak nola jarrerak aurreko hamarkadako film arrakastatsuetatik atereak dirudite. Adierazpen luze eta xehe-xeheak egin ordez, funtzionario txinatar horiek Twitterren eta beste sare sozial batzuetan erantzuten diete, zuzen-zuzenean, Txinaren edo Alderdi Komunistaren kontrako kritikei. Maiz samar, funtzionario horiek nahiko garratz aritu zaizkie jendaurrean kritikoei, eta, zenbaiten iritziz, etxe barruko publikoari begira aukeratutako jokabidea da hori.

Halako lehen adibidea 2019ko udakoa da: Txinaren Pakistango enbaxadako aholkulari batek, Zhao Lijian-ek, Twitterren segurtatu zuen AEBek ezin zutela Txina kritikatu giza eskubideen kontrako gehiegikerien harira, AEBetan bertan arazo handiak dituztelako arrazakeriagatik, diru sarreren inguruko desberdinkeriagatik eta indarkeria armatuagatik. Hori esateak ez zion inolako arazorik ekarri Zhaoren diplomazialari karrerari, aitzitik baizik: gaur egun, Txinako Atzerri Ministerioaren hiru goi bozeramailetako bat da, eguneroko prentsaurrekoa antolatzen duen taldekoa. Horretaz gainera, mundu guztiko diplomazialari txinarrak Zhao imitatzen hasi ziren, haren taktika oldarkorrak antzeratzen, non eta Twitterren, zeina Txinan debekatua baitago hasiera-hasieratik. Era berean, Txinak Erresuma Batuan duen enbaxadore Liu Xiaoming-ek ere bereganatu du Otso Borrokalariaren estiloa, eta maiz erabiltzen du Twitter sarea Europan Pekin kritikatzen dutenen kontra ekiteko. Egunotan Txinako Herri Batzar Nazionala izan bitartean komunikabide ofizialei egindako adierazpenean, Liuk esan zuen Txinaren atzerri politikaren inguruko gaizki-ulertu bat zela Otso Borrokalariaren terminoa, haren ustez Txinaren «atzerri politika independentea bakezkoa» baita, baina erantsi zuen gogor jokatu beharra dagoela tarteka-tarteka.

2018rako, politika berri horretaz ohartarazi zuen Kanpo Harremanen Alemaniako Kontseiluko ikertzaile Tim Ruhlig-ek, Stockholmeko Segurtasun eta Garapen Politikaren Institutuaren bitartez. 2017ko urrian, Txinako Alderdi Komunistaren XIX. Biltzar Nazionalerako egindako txostenean, Xik argiro esan zuen nolakoa izango zen Txinaren jokabidea nazioartean handik aurrera: «Txinatar herria zutik jarri da, aberatsagoa da, indartsuagoa, eta begi aurrean du gaztetzearen ikusmira distiranta... Oraingo aroan, Txina hurbildu egingo da jokalekuaren erdialdera, eta ekarpen handiagoak egingo dizkio gizadiari». Gainera, azaldu zuen Txinako Herri Errepublika «indar boteretsu bat» dela nazioarteko aferetan, eta hauxe nabarmendu zuen: «Armadak borrokarako ahalmena izan behar du irizpide nagusi gisa bere lana betetzeko orduan, eta nola gailendu, horretantxe jarri behar du arreta, hala eskatzen zaionean». The New York Times-ek ohartarazi zuen alderdiko lehengo buruzagiek sekula ez diotela Xik adina aldiz deitu «potentzia handia» edo «botere indartsua» Txinari ekitaldi horren hasierako mintzaldian.

Hainbat alorretakoek —diplomaziakoek, politikakoek, ekonomiakoek— hanka sartzetzat jo dute planteamendu liskarti hori, eta asko bat datoz François Godement historialari frantsesarekin, zeina Parisko Ikerlan Politikoen Institutuko Nazioarteko Harremanen irakaslea baita, eta Txinako gaietan aditua: hark Montaigne Institutuan berriki egindako txosten batean adierazi duenez, Txinak soslai apala izan behar luke ostera ere, baina Putinen Errusiarekin duen aliantza «oraingo bide berri horren parte bat» da. Munduko zenbait herrialdetako iritzi publikoari egindako inkestetan, garbi ageri da Txinaren kontrako jarrera handitzen ari dela 2019az geroztik, besteak beste Europa, Australian, Japonian eta AEBetan. Singapurko kanpo harremanen arduradun ohi Bilihari Kausikan-ek esan izan du Txinako Otso Borrokalariak askozaz hobeto ari direla, mundu guztian txinatarren kontrako ezinikusia pizteko orduan, diplomazialari estatubatuar guztiak baino.

Inoiz baino oldarkorrago

Txinako Otso Borrokalarien auzia ez da maila globaleko geopolitikan kezkagarria den bakarra: eskualde hartan, tentsio larri-larria eragiten du Pekin Hego Txinako itsasoan egiten ari den politikak. Hego Txinako itsasoa beretzat eskatzen dutenen artean, Txina da oldarkorrena: uharte artifizial handi samarrak eraikitzen hasi zen 2013an, eta orain instalazio militarrak jartzen ari da, lurreratze pistak, kaiak, kuartelak eta misil bateriak barne, Spratly uharteetako arrezifeetan.

Xiren politika argi baino argiagoa izan da: bere nahia inposatzea auzoko ahulenei — Vietnami, Japoniari, Indonesiari eta Filipina uharteei, besteak beste—, saiatu beharrean hitzarmen diplomatiko bat osatzen, denentzako modukoa. Nazio batzuek partekatutako itsaso horretan ekintza gauzatuen bitartez gailentzea da politika horren beste erakusgarri bat; izan ere, Txinako Gobernuak ez ikusiarena egiten dio nazioarteko hitzarmenari, nahiz eta berak ere sinatu zuen. Pekinek, bere jokabidearen zurigarri, adierazi ohi du «eskubide historikoak» dituela Hego Txinaren itsasoaren gainean, eta eskubide horiek lehentasuna dutela Itsas Zuzenbideari Buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren gainetik; gainera, erdeinuz arbuiatu zuen Arbitratzeko Auzitegi Iraunkorraren epaia 2016an.

Urruneko toki horietan tropak edukitzea, Txina kontinentaletik hain urrun, baliteke zama bat izatea Txinako Herri Errepublikarentzat gatazka garaietan, lagungarria izan ordez. Periferia urrunean dauden base horiek ikusirik, nazioarteko behatzaileak jabetu ziren Xi oldarkortasuna eransten ari zitzaiola Txinaren atzerri politikari, eta gailendu egin nahi zuela, eta ez Indo-Pazifikoko tirabira geoestrategikoak gobernatu.

Itsasoz bestaldean, izozturik daude Txinak AEBekin dituen harremanak. Garairik makurrenetan ere, estatubatuarrek eta sobietarrek hizketan eta elkarri aditzen segitu zuten; gaur egun, AEBek eta Txinak apenas duten kontakturik. Pekin eta Mosku, berriz, egunean baino egunean hurbilago daude, orain dela egun batzuk The New York Times-ek esan zuen bezala: «Ez da gerra hotza izango, baina badu antz galanta». Txinak eta AEBek gero eta lehia handiagoa dute talka karrera moduko batean, eta badago Gerra Hotzaren beste bertsio bat pizteko arriskua, diplomazialari eta analista askoren iritzirako. Hortxe daude bi potentzien arteko tirabira militar, ekonomiko eta ideologikoak, kontrolik gabe, eta AEBek Asiaren Pazifiko aldean dituzten aliatuak beldur dira Pekinek ez ote dituen irentsiko, bere arma nuklearrak sortu eta erdieroaleen lehian sartzen denean.

Badago beste auzi bat, oso ezaguna eta garrantzi handikoa: Txinak Taiwanekin duen harremana. Xik erakutsi du ez duela asmorik konponbide irudimentsurik emateko Txinaren partetzat daukan uharte horrekiko harremanetan, baizik eta politika bat eta bakarra duela: bere aurreko buruzagiek bezala, presio militarra egitea, indar handiagoz egin ere, nahiz eta orain arte porrot egin duen jokamolde horrek. Nahiz eta urteetan Hong Kongeko herrialde bat, bi sistema formula proposatu izan den, taiwandarrek garbi ikusi dute Xirentzat kontzeptu horrek ez duela balio, eta bazter batera geratu dela Deng Xiaopingek Sortaldeko Perla berreskuratzeko asmaturiko formula. Pekinek martxan duen behartze politikaren ondorioz, taiwandarrek gero eta erresumin handiagoa diote Txinari, eta independentziaren aldeko jarrerak gero eta babes handiagoa dauka: orain bere esku ditu bai presidentetza eta bai legebiltzarreko gehiengoa. Taipeik sendotu egin du erresistentzia militarrean aritzeko gaitasuna, eta berretsi AEBen babesa duela. Japoniak berak ere gogoan ibili du Taiwan Txinaren gose espantsionistatik defendatzeko aukera.

Lur guztiak menderatuz

Txinak du, hain zuzen, mundu osoko mugarik luzeena: ia 23.000 kilometro dira, eta beti ez da oso garbi egon noraino iristen zen muga, aldakorra izan baita denboraren joanean. Xiren aurrekoek, menderik mende, apaldu egin dituzte lurraldeei buruzko eskaerak, baina Xiren agintaldian Tianxiari ekin diote ostera —zerupeko lur guztia menderatzean datza Tianxia—, eta argi utzi dute munduko lehen potentzia izan nahi duela Txinak, eta beretzat jotzen duen azken milimetro koadro ere kontrolatu nahi duela. Hamalau herrialde ditu mugakide; kontrolpean dauzka bi administrazio barruti berezi, hau da, Hong Kong eta Macao, eta hortxe puri-purian ditu lurralde liskar gehienak: Myanmar, Vietnam, Bhutan eta Nepal dira horietako batzuk, baina bakarrik Indiarekin izan ditu liskar militarrak, askotan gainera.

Hurrengo agintaldia bost urtekoa izango da gutxienez, eta ez dirudi politika hori leunduko denik ez auzi horietan eta ez luze gabe Txinak aurre-aurrean izango dituen erroka eta liskarretan. Otso Borrokalariak hazi eta indartu egingo dira: estatuaren egitura berri bat izango dira, munduko txoko guztietara iritsi nahi duen Txina berri horrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.