Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Umeak eta nerabeak

2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Europan orain arte onartuak dauden txertoak printzipalki 18 urtetik gorakoentzako baimenduta daude. Txertaketa-planetatik kanpo utzi dituzte gazteagoak diren ume eta nerabeak, presako arrazoiengatik, arrazoi zientifikoengatik eta zuhurtziagatik. Zer gertatuko da hurrengo hilabeteetan nerabe eta umeekin? Adin gazteetan birus honek ematen duen sintoma klinikoak gehienetan ez dira oso larriak, baina egia da umeak eta nerabeak kutsatu egiten direla eta, beraz, birusaren gordelekuak izan daitezkeela beste pertsona batzuei transmitituz. Euskadin azken asteetako kasu positibo asko 17-18 urteko nerabeetan atzematen ari dira.

Europako Medikamentuen Agentziak baimendu dituen lau txertoak jadanik entsegu klinikoak egitean ari dira ume eta nerabeetan. Azken adierazpen batean, Pfizer konpainiak kaleratu egiten ditu beraien datuak. Entsegu klinikoaren hirugarren faseko datuak dira, eta 2.260 boluntariotan egindako azterketaren datuak dira. Bertan adierazten dute 12-15 urteko umeetan txertoaren eraginkortasuna %100ekoa dela. Izatez, txertatutakoak ez ziren kutsatu, eta, beraz, ez zuten izan inolako sintomarik. Plazebo taldean, aldiz, 18 umek gaixotasuna pairatu zuten.

Azterketa horretan txertoaren bigarren dosia jarri eta hilabete igaro ondoren egindako analisietan ikusi zuten erantzun immunologikoa oso sendoa zela, albo-ondoriorik garatu gabe.

Entsegu kliniko hau tamainaz handitu nahi da beste hiru taldeekin: 5-11 urteko umeak, 2-5 urtekoak eta 6 hilabete eta 2 urteko umeak. Lehenengo taldekoak jadanik hasi dira, eta hurrengo taldeak ondorengo asteetan martxan jarriko dira.

Azterketa hauek ez dira arraroak umeetan zein nerabeetan, izatez eguneratua dugun txertaketa egutegian dauden txerto gehienak adin tarte horietan ematen dira, eta beraietan frogatzen dira txerto bakoitzaren eraginkortasuna eta segurtasuna.

Jaioberriei dagokienez ere berri onak daude. American Journal of Obstetrics and Gynecology aldizkarian argitaratu berri den lan batean ikusi dutenez, haurdun dauden emakumeak txertatu egin direnean, beraiek sortutako antigorputzek plazenta zeharkatzen dute, eta jaioberri horri ailegatzen zaizkio, eta, horrela, berau ere babestua dago. Lan honetan behatu dute funtsezkoa dela txertoaren bi dosiak erditu aurretik hartzea jaioberriak ahalik eta babesik handiena izan dezan. Honelako immunizazioari pasibo deitzen zaio, eta egun jaioberriak kukutxeztula edo gripearen kontra immunizatzeko erabiltzen da. Gainera, txertoa hartu zutenean bularra ematen ari ziren emakumeen ama-esnean ere aurkitu zituzten birusaren antigorputz espezifikoak. Horrek esan nahi du immunitate pasiboa ere bide horretatik gertatzen ari dela.

Aurreko emaitza horiek guztiak oso itxaropentsuak dira. Ezin da ahaztu txertaketa masibo batean munduko gizabanako guztiak txertatuak egon beharko ginatekeela birusaren transmisioa eten egin nahiko bagenu modu eraginkor batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.