Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Lau erronka legealdi berrirako

2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleok bihar izango dugu aukera Eusko Legebiltzarrean ordezkatuko gaituzten legebiltzarkideak aukeratzeko eta, zeharka, Eusko Jaurlaritzak aurrera eramango dituen politikak baldintzatzeko. Legealdi luze honen ostean, krisi baten amaieratik beste baten hasierara eraman gaituena, zeintzuk izango dira hauteskunde hauen irabazleen egiteko nagusiak? Zeintzuk izango dira —gizarte politiken alorrean— legealdiko erronka nagusiak? Asko eta anitz izango badira ere, lau nabarmendu daitezke.

Lehena, noski, enpleguaren eta diru-sarreren esparruan osasun krisiak eragindako ondorioei aurre egitea izango da, antzeman daitezkeen pobrezia eta bazterkeria egoera berriei erantzuna emanez. Alor horretan, erronka bikoitza da: alde batetik, beharrezkoa izango da enplegua sustatzen jarraitzea —are gehiago COVID-19ak lan merkatuan egindako sarraskiaren ostean—, jakinik gaur egun lanpostuen urritasuna ez ezik, lanpostu askoren prekarizazioa dela pobrezia eta bazterkeria sortzen dutenak. Lanpostu berriak sortu behar dira, bai; baina, batez ere, lanpostu onak. Bestetik, ezinbestekoa da diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) arautzen duen legea aldatzea, horren inguruan ahalik eta adostasun zabalenak eraikiz. Jakinik lan munduaren bilakaerak diru-laguntza sistema arinago eta malguago bat eskatuko duela etorkizunean, baldintza gutxiago eta argiagoekin, nahiz eta baldintzapekoa izaten jarraitu.

Bigarrenik, COVID-19ak agerian jarri ditu zaintzen krisiari aurre egiteko Europa Hegoaldeko gizarteek ditugun zailtasunak. Beharrezko da, zentzu horretan, mendekotasuna duten pertsonei osasun eta gizarte zerbitzuetatik ematen zaien arreta hobetzea, benetako eskubide bihurtuz. Krisi honek egoitzetan bizi diren pertsonen egoera jarri badu mahai gainean, euren etxeetan bizi diren adineko pertsonen (eta beren zaintzaileen) arreta indartzea da erronkarik nagusia, teknologia berriez edota ekimen komunitarioez baliatuz. Egia da zerbitzuak emateko eskumenak foru aldundien eta udalen esku daudela, baina Eusko Jaurlaritzaren ardura da arreta eredua sendotzea eta Osasun nahiz Etxebizitza Sailek esparru honetan dituzten erantzukizunei aurre egitea.

Hirugarrenik, nahitaezkoa da erronka demografikoari erantzutea eta alor horretan Euskadik dituen arazo larriei aurre egitea. Alde batetik, beharrezkoa da etorkinen harrera sistema sendotzeko politikak garatzen jarraitzea, Migraziorako Euskal Itun Sozialaren ildotik. Horrekin batera, ezinbesteko da familiei laguntzeko neurriei beste sendotasun bat ematea. Aurreko krisietan gertatu den bezala, COVIDarenak ugalkortasun tasen beherakada eragingo du: seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntza zuzenak, lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak, gurasotasuna lantzeko programak, haur-eskola sareak, amen eta aiten arteko berdintasuna sustatzeko, arrazoizko ordutegiak ezartzeko, eskola segregazioari aurre egiteko edota gazteen emantzipazioa arintzeko neurriak... Horien guztien aldeko apustu argia ez bada egiten —Familia eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Itunaren ildotik—, gero eta zailagoa izango da Euskadin seme-alabak edukitzeko asmoak gauzatzea.

Laugarren erronka Gizarte Zerbitzu sistemaren egituraketa berari dagokio eta, zentzu horretan,Eusko Jaurlaritzak arlo horretan dituen funtzio, ahalmen eta barne-antolaketari. Indarren dagoen Gizarte Zerbitzu legea orain dela hamabi urte onartu bazen ere, ez dira oraindik behar bezala garatu —arrazoi asko direla medio— sistemari behar bezalako sendotasuna eman diezaioketen osagarri asko. Zentzu horretan, beharrezkoa izango da Gizarte Zerbitzuen arloak Jaurlaritzan edukiko duen kokapen instituzionala berrikustea —Enpleguarekin batera, Osasunarekin batera, Etxebizitzarekin batera, Gizarte Segurantzarekin batera?— eta, horretaz gain, Gizarte Zerbitzuen sistema sendotzeko beharrezkoak diren egiturak eta neurriak garatzen jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.