Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Diru-laguntzak langileentzako?

2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Beti pentsatu izan da—azkeneko bostehun urteetan batik bat— enplegua dela pobrezia ekiditeko biderik eraginkorrena. Zalantzarik gabe, XX. mendean behintzat, enplegua pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako tresna nagusia izan da: lanpostu bat edukitzeak (edo lanpostu bat duen pertsona batekin bizitzeak) markatu izan du gizarteratzearen eta bazterketaren arteko muga. Hori horrela izanda, lanpostu bat zutenei pobreziaren aurkako diru-laguntzak emateak kontraesankorra zirudien: zertarako lagundu diru sarrera propio nahikoak bazituzten langileak?

Lan merkatuaren prekarizazioaren eraginez, logika hau apurtu egin da azken hamarkadetan: lanaren eta langabeziaren artean lurralde zabal bat sortu da eta, lanean arituta ere, langile askok ez dute pobreziatik ateratzeko diru nahiko irabazten, soldata txikiak edota lanaldi laburrak direla eta. Nahiz eta aspalditik egon gure artean, 2008ko krisiak working poor edo langile pobreen arazoa jarri zuen mahai gainean.

Egoera horren aurrean, herrialde askotan langile horiei zuzenduriko diru-laguntzak jarri dira abian, making work pay edo lanak merezi dezala lelopean. Herrialde batzuetan —Ameriketako Estatu Batuetan adibidez— laguntza horien bitartez gauzatzen dira pobreziaren aurkako neurriak, eta lanik egiten ez dutenentzako diru-laguntzak oso urriak dira. Beste herrialde batzuetan —Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian— diru sarrerak bermatzeko sistemak errotik aldatu dira egoera honi erantzuteko, soldata txikiak eta diru-laguntzak bateragarri egiteko asmoz. Aipagarria da, zentzu horretan, Frantziako kasua: langileen %15 inguruk jasotzen dute diru sarrera txikiak osatzeko prime d'activité delakoa, eta ia 10.000 miloi euro gastatzen ditu Frantziako Gobernuak diru-laguntza horretan. Gure artean, diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) aitzindari izan da bide horretan, eta aspalditik ematen zaie ere lanean ari direnei, nahiz eta, 2011tik aurrera, hiru urtez soilik. Tresna hori eraginkorra izan da oso langileen arteko pobrezia arintzeko Euskadin, eta ez ditu—pentsa zitekeenaren arabera— soldata maila orokorrak beherantz bultzatu.

Zentzurik ba al du horrelako diru-laguntzak zabaltzeak? Alde batetik, gogoratu behar da orain arte dirutza izugarria gastu dela kontratazioak egiteagatik enpresariei zuzenduriko diru-laguntza (askotan) antzuetan; beste alde batetik, gastu fiskal handia egiten da ere soldata jasotzen dutenentzako hobari fiskalen bitartez, eta horiez langile pobreenak—errenta aitorpena egiten ez dutenak, alegia— ez dira baliatzen.

Hiru argumentu daude, edozein kasutan, laguntza horien alde: alde batetik, eraginkorrak dira diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak laneratzeko eta pobreziaren tranpa deritzona saihesteko. Diru-laguntza jasotzen den soldataren heinean murrizten bada, laneratzeak ez du pertsonen egoera hobetzen: lanak ez du merezi. Garatu diren sistemek egoera hori hartzen dute kontuan eta bi diru iturri horiek bateratzea ahalbidetzen dute, lana errentagarriago bihurtuz. Bigarrenik, langile pobreen egoera arintzen du eta, maila batean behintzat, enpleguaren gaitasun gizarteratzaile hori indartu egiten du. Hirugarrenik, lanik egin gabe diru-laguntzak jaso eta lan txarrak eginez diru laguntzak jasotzen ez dituzten pertsonen arteko mesfidantza saihestu dezake, diru laguntza hauen gizarte legitimazioa bultzatuz.

Noski, laguntza hauek badituzte ere beren kontraindikazioak: lan kaskarren aldeko subentzio bezala ulertu daitezke, adibidez, eta soldatakjaitsiarazi ditzakete, nahiz eta argi dagoen gure artean hori ez dela horrelako tresnarik ez duten lurraldeetan baino gehiago gertatu. Horrekin batera, pertsona batzuen laneratzea bultzatu dezake, baina, era berean, pertsona batzuk gutxiago lan egitera bultza ditzake. Edonola ere, horrelako laguntzak deituak dira gure diru-sarrera sistemaren oinarrizko osagarri izatera. Argi badago ere langile pobreen figura desagerrarazteko beste neurri asko hartu beharko direla —soldata minimoak, hitzarmen kolektiboak eta eredu produktiboari dagozkionak—, argi dago diru sarrerak eta diru-laguntzak bateragarri egitea, ahalik eta baldintza gutxienekin, izango dela datozen urteetan gure ongizate sistemek edukiko duten erronka nagusietakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.