BORBORKA HASI DA EUSKARA

Euskara gizarteko alor anitzetan presente badago ere, eragin eremuak baditu hutsuneak. Horiek betetzen ahalegintzen dira Borborraldiaren gisako herri dinamikak.

Bidasoko Euskara eta Kultura Azokarekin amaitu zen, atzo, Borborraldia. IÑIGO URIZ / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Euskararen auziari modu kolektiboan heltzea: horixe da Bortzirietan (Nafarroa) antolatu duten Borborraldia egitasmoaren xede nagusia. Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak prestatu du, eta atzo amaitu zen, Bidasoko Euskara eta Kultura Azokarekin. Taldeak Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean prestatu zuen azken jarduera hori. Xuban Zubiria Topaguneko kideak dio Borborraldiaren gisako egitasmoak «inspiragarriak» direla «biztanleria txikiagoa duten lekuetan euskararen aldeko elkartegintza sustatzeko».Hala, adierazi du bi taldeek elkarlanean jarraituko dutela etorkizuneko proiektuak garatzeko.

Borborraldiaren lehenbiziko saiakera Bortzirietan egin badute ere, Euskal Herriko bertze eremuetara eraman daitekeen dinamika bat dela adierazi du Zubiriak. Zehazki, zabalkunde eta ikasketa lan horretarako propio prestatutako jarduera izan zen atzo Beran (Bortziriak, Nafarroa) egin zuten azoka: «Nahi dugu [proiektuak] inspiragarriak izan daitezela, Euskal Herriko beste txokoetan martxan jarri daitezen». Horretarako, ezinbertzekoa da sortzaileak eta eragileak «elkartzea, saretzea eta proiektuen gainean konspiratzea». Funtsean, hori zen azokaren helburua: sortzaileek elkar ezagutzea eta «elkarlanerako plaza bat» eratzea, leku jakin bateko proiektuak bertze eremuetan ere aplikatu daitezen.

Azokan egon ziren taldeak, beraz, ez ziren ausaz hautatutakoak izan: Topaguneak bi asteko epea utzi zien parte hartu nahi zuten taldeei izena emateko, eta aurkeztu ziren horietatik zenbait irizpide betetzen zituztenak soilik aukeratu zituen. Lehenbiziko ezaugarria izaera berritzailea izatea zen; bigarrena, berriz, lurraldetasuna, zeren, Euskal Herriko eremuaren arabera euskararen erabilera eta presentzia ezberdina denez, errealitate guztiak aurkezten dituzten egitasmoak nahi baitzituzten; hirugarrena zen arlo edo sektore anitzi eragitea, «euskara sustatzen duten arlo desberdinetako proiektuak egotea» nahi baitzuten; azkenik, anitz baloratu dute proiektuak euskararen sustapena ez ezik «aldarri konkretuak» ere izatea.

Zubiriak dio aniztasun horretatik edatea ezinbertzekoa izan zaiela azoka antolatzeko, baita hemendik aurrera gertatuko dena antolatzeko ere. Izan ere, azokako proiektu bakoitzak erantzuna ematen dio leku jakin bateko auzi edo hutsune jakin bati —euskarari lotutakoa, betiere—. Baina, agian, Euskal Herriko bertze txokoren batean antzeko behar bat dute, eta horri konponbidea emateko proiektu jakin hori beren errealitatera moldatu dezakete.

Hirugarren azoka

Ez da lehenbiziko aldia tankerako azoka bat antolatzen dena; Zubiriak zehaztu du hirugarren aldia dela. Eta azken hau Pirinioetako Lan Elkarteak diruz lagundu duela. Euskal Herriko nekazaritza azoka arrunt baten estilokoa da, aldaketa batzuekin: eztia, loreak edo eskulanak egon beharrean, «euskararen erabilera eta presentzia indartzen duten proiektuak»daude. Egitasmo bakoitzeko postu bat egon ohi da; Beran, adibidez, hamabost zeuden. Gainera, sarean eskuragarri jarriko dute proiektu bakoitzari buruzko soslai xehe-xehea.

Postuez gain, janaria, edaria eta musika izan zituen azokak. Giroa moteldu ez zedin, gainera, dinamizazio lanetan aritu zen Pantxika Maitia Kanaldudeko kazetaria: talde guztiekin solasean ibili baitzen. Azokara joan zirenek ez zuten aspertzeko asti handirik izan, beraz; ezta Borborraldiaren antolatzaileek ere, aurtengo edizioaren balorazioarekin eta dinamikaren lekukoa bertze talderen bati pasatzearekin lan ausarki izanen baitute aurrerantzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.