Albistea entzun

Lo lasai

Joxe Manuel Odriozola - Euskaltzalea

2022ko uztailak 26

Euskadiko Hezkuntza Legea ontzeko akordioaren gaineko adostasuna lortu zuten gauean «lo lasai» egin zuen Jose Antonio Pastorrek. Nazionalismo espainolak onartzen du, besteak beste, euskara hizkuntza minorizatua dela: «Onartu dugu bi hizkuntza ofizial ditugula, biek errespetu bera merezi dutela, baina bat minorizatua dela, eta, horregatik, euskarak izan behar duela hezkuntza sistemaren ardatza» (BERRIA, 2022-03-31).

Hitz horiek norenak diren jakin gabe, ez genuke datozen lekutik datozela usteko. Euskararekiko eta euskaldunokiko errespetua, euskararen estatus minorizatua, euskara ardatz hezkuntza sisteman... Behinolako PSOEren hizkuntza politika supremazista haren arrastorik ez da sumatzen. Ez dago garai bateko dokumentu batzuk ikusi besterik ideologia hari zerion gorrotoaz jabetzeko: «Muerte al euskera!»; «El euskera debe desaparecer»... Oraintsu arteko adierazpenek ere ezer gutxi izan dute errespetutik eta minorizatua izan den euskararen herriarekiko aitortzatik. Oraindik ere, Eneko Anduezak, adibidez, ezin du bere ideologia linguistiko nazionalista iraingarria ezkutatu.

Nazionalismo espainolaren euskalduntasunak nekez onar dezake euskararentzat eta euskaldunontzat bizitza soziolinguistiko duingarri eta errespetagarririk. Berdinen arteko harreman soziolinguistikorik. Euskararen nazioaren minorizazioa eragin duen nazionalismoaren ahotik orain hitz ulerkorrok entzuteak euskaldun batzuk poztuko zituen beharbada, baina egoera soziolinguistikoaren oinarrian dauden inplikazio nazionalak eta politikoak ezagutzen dituenak badaki zer-nolako euskalduntasuna nahi duen espainolismoak. Edonola ere, hona galdera: zeren adierazle izan daiteke Pastorren diskurtso-aldaketa hori?

Uste dut baduela zerikusirik hitz hauekin: «Nik, bederen, lo lasai egin nuen gau hartan». Alegia, euskal eskoletan euskara ikasiko duten belaunaldien euskalduntasunari —euskaldun denaren nolakotasuna— ez dio inolako beldurrik. Euskalduntasun horrek ez baitie inolako lehiarik egingo identitate soziolinguistiko eta kultural espainolean bizi diren euskal herritarrei. Lo lasai egin dezakete euskaldun izateko modu horrek dituen ondorio antzuez jakitun. Espainieraren hegemonia soziolinguistikoa eta kulturala erabatekoa izango baita orain arte bezala. Euskalduntasun etnofolklorikoa nagusitzen ari zaigun honetan, nazio euskaldunaren ahuldadeaz eta ezintasunaz jakitun da nazionalismo espainiarra.

Jose Antonio Pastorrek ez daki hezkuntzako lege berrian ezarritako helburu linguistikoak beteko diren euskarari dagokionez: «Ez dakit guztiz lortuko den, baina egoerak hobera egingo du. Aurrerapausoak egongo dira. Denek B2 maila lortuko duten? Ez dakit, baina hobera egingo da». Ekar ditzagun hitzok errealitate soziolinguistikoaren terminoetara. Pastorrek ondo baino hobeto daki orain arte zer gertatu den D ereduarekin, eredu horretan lortu den euskarazko gaitasun komunikatibo eta atxikimenduarekin. Badaki bihar-etziko eskoletan hezkuntza sistema osoa euskara hutsean egingo balitz ere, belaunaldi berrien euskalduntasunak ez lukeela euskaldun hiztun aktiborik sortuko. Onik onenean erdal elebidunak izango direla eta espainiera izango dutela beren pentsamendu, nortasun eta emozio hizkuntza nagusia. Azken beltzean, erdal elebidunen praxi soziolinguistikoa erdal elebakarren oso antzekoa dela, alegia. Horregatik, hain zuzen, euskararen ezaguera unibertsalizatzeak ez du ezer askotarako balio, ezaguera akademiko formalak ezin duelako euskararen erabilera ez egituratu ez finkatu.

Elebitasun orekatu idealaren alde ageri zaigu Pastor: «Irakats hizkuntzak biak dira, bi hizkuntza ofizialak. [...] zein nagusituko den? Bada, niretzat bietako batek ez du nagusitu behar; arazorik gabe jardun behar lukete herritarrek biekin». Jadanik ez dago euskararen inposizio konturik Pastorren diskurtsoan. Ikasi dute ez dutela halako zakarkeriaren beharrik. Nahikoa dutela euskararen aldeko hitz abegitsuak esatea nahi dutena lortzeko. Eta ez zaie arrazoirik falta. Ez daukate behinolako gutxiespen linguistikorik eta hurbilagoko inposizio argudiorik zertan hizpide hartu, ezta «euskara askatasunez» izeneko manifesturik zertan argitaratu. Izan ere, espainiera ezinbesteko hizkuntza nazional hegemonikoa izateko eta euskara komunitate etnokultural baten mintzaira lokal baztertua izateko zantzu guztiak alde dituzte.

Amaitze aldera, aholku zuhurra: «Inor deus inposatzen ari zaiola sentitu gabe; gainerakoan, jendeak uko egiteko arriskua dago. Eta nik ez dut nahi familia bakar batek ere euskara etsaitzat hartzea». Euskaldunon hobe beharrez ari zaigu: erne ibili euskararekin, euskararik nahi eta behar ez duen jende asko dago gure herrian, eta ez itzazu nazkatu zuen euskaltzaletasun setatiarekin. Hemen ere pentsamendu soziolinguistikoaren maila ohargarria erakusten du Pastorrek. Legebiltzarreko parlamentari abertzale askok erakutsi ez duten maila, hain zuzen. Badaki hizkuntzen auzia botere soziolinguistikoaren agertokian jokatzen dela, eta borroka horretan euskarak ez daukala zer eginik espainierarekin. Bestela esanda: botere harreman erakundetuetan joera soziolinguistikoa guztiz espainieraren aldekoa baldin bada, benetan beharrezkoa ez den hizkuntza batek ezin dio lehiarik egin beharrezkoa den beste bati.

Hizkuntza minorizatu baten normalizazio sozialak aldi berean normalizazio nazionala eta kulturala eskatzen du ezer taxuzkorik lortuko bada, nazio gutxietsi eta zapaldu batean hizkuntzak ezin duelako bere hiztunen duintasuna, nortasuna eta askatasuna bermatu. Auzi hau ez da hezkuntza arazo hutsa, are gutxiago euskararen ardatz izaeraren inguruko matraka edo hizkuntza aniztasunaren aldeko kalaka. Izatekotan, zorioneko ardatzak nazio politiko euskaldun baten indarra eta zilegitasun soziopolitikoa beharko luke, ez batez besteko ikastetxeen autonomiari de facto darion praxi nazional espainola. Duintasun nazionalik gorpuzten ez duen euskalduntze-politikarik gabe, betikoan gaude; hartara, ikasleei eskatuko zaien B2 mailak ez du ezertan bermatzen bihar-etziko belaunaldien atxikimendu euskaltzalea.

Bateko eta besteko abertzale asimilatuen maximoak euskararen normalizazio sozialak behar dituen minimoen azpitik dauden bitartean, nazionalismo linguistiko espainolaren ordezkariek lo lasai egingo dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...