Elkarlanerako bidea itxi diete Pasaiako eta Bilboko portuei

Ricardo Peña Pasaiako Portu Agintaritzako presidentearen ustez, ez da kanpoko kaia eraikitzeko garaia

Hego Euskal Herriko portuen inguruan hitz egin zuten atzo Donostian, udako ikastaroetan. ANDONI CANELLADA / ARP.
urtzi urkizu
Donostia
2013ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Pasaiako portuak 2,7 milioi tona fakturatuko ditu aurten. Bilbokoak, hamar aldiz gehiago. Bi portuen artean dagoen aldea ikusita, lehiatu baino gehiago, elkarlana sustatzearen alde azaldu da Ricardo Peña Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako mahai inguru batean mintzatu zen atzo Peña: «Pasaiako eta Bilboko portuen artean elkarlanerako zirriborro bat egin dugu, baina Estatuko Portuak ez digu onartu, lehiakortasun printzipioa hausten duela aitzaki jarrita. Hala ere, formularen bat bilatu beharko dugu elkarlanean aritzeko: ezagutzan, ekintza formetan, eskala ekonomian eta langileetan». Portuen artean lehiatu behar hori ez du ontzat jotzen Peñak: «Administrazioan ez du inork lehiatzen. Bi seme badituzu, bata bestea baino trebeagoa, nola jarriko dituzu biak lehian?».

Pasaiako portuko agintariak nabarmendu du ez dagoela bi portuak bat egitearen alde. «Ez litzateke desiragarria izango». Federico Landera ATAP Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteko presidentea ere portuen bategitearen aurka agertu da: « Hondamendi bat izango litzateke».

Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak, bestalde, esan du orain ez dagoela Jaizkibelen kanpoko kaia egitearen alde: «Gaur egungo egoeran, izendatu nauen sailak eta neronek ez dugu ikusten kanpoko kaia serio hartzeko moduko proiektua denik». Dena den, nabarmendu du Pasaiako Portuak Gipuzkoako ekonomiarentzat garrantzitsua izaten jarraitu behar duela. «Pasaiako portua txikia da, baina operadore interesgarriekin egiten du lan. Balio garrantzitsuak ditu». Peñak iragarri du kontainerren terminal bat jarriko dutela, eta zentral termikoa dagoen lekuan kontainerrak mugitu ahal izango dituztela etorkizunean.

Bilboko Portu Agintaritzako administrazio kontseiluko idazkari Agustin Bravok, bestalde, aitortu du Bilboko portuan trafikoa %25 jaitsi dela azkeneko bost urteetan. «Diru sarrerak %2-3 inguru gutxitu dira. Baina portuaren egoera ekonomikoa ona da, azkeneko hogei urteetan austeritate politikak izan ditugulako eta hainbat diru laguntza lortzen ahalegindu garelako». Bravoren arabera, portuaren tasak «oso lehiakorrak» dira. Portuak Eusko Jaurlaritzari Zorrozaurreko lur batzuk saldu zizkiola ere gogorarazi du. Etorkizunari aurre egiteko plan estrategiko bat landu du Bilboko portuak, eta erakundeekin elkarlana sustatzen saiatuko da. «Intermodalitatea bultzatzea eta trenaren sarbidea erraztea dira helburuetako batzuk». Pasaiako portuarekin elkarlanean aritzeaz ez zuen hitzik egin.

Garraiolariak kexu azaldu dira

Mahai inguruan, halaber, kaiko zamaketarien eta garraiolarien sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten. Mikel Abellanal EGAS Euskal Herriko garraiolarien sindikatuko ordezkariak salatu zuen «kate logistikoaren lurzorua» direla. «Gure azpitik ez dago inor. Kontuan hartu behar da portuetarako kamioi ontzidi bat dagoela eta katerako beharrezkoa dela. Horregatik, egonkortasuna eskatzen dugu». Abellanalek esan zuen zenbaitek garraiolarien sektore estrategi- kotzat jotzen dutela baina iritzi publikoan haien lana ez dela ondo ezagutzen: «Grebengatik eta istripuengatik gara ezagunak».

Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteko presidenteak «segurtasuna» eskatu zuen sektoreko langileentzat: «Gure sektorea amildegi ertzean dago. Krisiak ez die denei berdin eragiten. Garraiolarien sektoreak laguntza behar du, langileen baldintzak oso kaskarrak baitira».

Xabier Alonso OUTPF Bilboko kaiko zamaketarien sindikatuko ordezkaria kexu agertu zen, Miramar jauregian egindako ikastaroan, zamaketarien soldatak handiak zirela esan zutelako hizlari batzuek. «Bilboko zamaketarien lana sekulakoa izan da urteotan. Zamatze kostuak handitu egin dira, baina gure soldatak ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.