Defizitaren mamua txikitzen ari da EBn

2015ean zortzi estatu kidek lortu dute %3ko defizitaren mugatik jaistea. Beste zazpi geratzen dira hortik gora

Iker Aranburu.
2016ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren mamu beltzetako bat txikitzen ari da. Defizit publikoa, Bruselak hainbat urtez obsesio bilakatutakoa, 65.000 milioi euro txikitu zen iaz EB osoan. EBk bere buruari jarritako %3ko muga magiko horretatik behera geratu da jada: EBn, BPGaren %3tik %2,4ra jaitsi da kontu publikoen desoreka, eta %2,6tik %2,1era, berriz, eurogunean.

Eurostatek atzo zabaldutako datuek, ordea, oso panorama desberdina erakusten dute herrialde batetik bestera. Badira iaz gastatu baino diru gehiago bildu zuten hiru estatu. Luxenburgok (%1,2) eta Estoniak (%0,4) txikiek ez ezik, Alemaniak ere superabita izan zuen (%0,7). Austeritatearen sustatzaileari 21.204 milioi euro sobratu zitzaizkion kutxan 2015eko faktura guztiak pagatu ondoren. Horri esker, eta BPGa handitu zaiolako, zor publikoa beste koska bat jaitsi ahal izan du, BPGaren %74,7tik %71,2ra.

Beste muturrean, berriz, %3ko muga gainditzen duten zazpi estatu kide daude. Ororen buru, Grezia. Eurotik kanpo geratzeko arriskuan izan zen urtean, %7,2ko defizita izan du; besteak beste, bankuak kapitalizatu behar izan zituelako. Zuloa handitu duen estatu bakarrenetarikoa da, gainera, %3,6ko defizita izan baitzuen aurreko urtean. Hori bai, azkenean zorra gutxitzeko gai izan da, bere kontuan apuntatuak zituenerreskate funtsetako 10.000 milioi ez baititu erabili. Hala ere, Atenasek du zor publiko handiena; alde handiz, gainera: 311.452 milioi zor ditu, BPGaren %176,9.

Espainia, luzapen eske

Zerrenda beltzean bigarrena Espainia da, %5,1eko defizitarekin. Beste behin, Bruselarekin hitzartutako defizitaren muga hautsi du Madrilek, Gizarte Segurantzaren galera gero eta handiagoei pilatu zaizkielako zerga jaitsiera populista bat —hauteskunde urtea zen— eta autonomia erkidegoek gastu sozialean guraizeak gehiago sartzeko zailtasunak. Guztira, 55.000 milioi euroko zuloa eragin dute administrazio publikoek. Gauzak horrela, Espainiako Gobernuak laugarren aldiz eskatu dio EBri defizita %3tik behera uzteko epea atzeratzeko, 2017ko abenduaren 31ra arte oraingoan.

PPren jarduneko gobernuak egintzat jo du luzapena, eta aurten %3,6ko defizita iragarri duen egonkortasun plan bat bidali du Bruselara. Aldi berean, defizit hori banatzen hasi da bere menpeko administrazioen artean. Autonomia erkidegoei, %0,3 eskaini beharrean, %0,7ko defizita eskaini die. Ongi hartu dute, gehienek ohartarazi baitzuten ezinezkoa izango zela %0,3ra iristea; matxinatzeko prest azaldu ziren Cristobal Montoro Ogasun ministroak zigorrekin mehatxu egin zienean.

Jaurlaritza, zuhur

Eusko Jaurlaritzak zuhur hartu du Madrilen eskaintza, eta gogorarazi du artean EBren baimena behar duela defizitaren mugak handitzeko. Jaurlaritza izan zen iaz gobernu autonomiko bakarrenetako bat %0,7ko muga errespetatzen, Galiziarekin eta Kanariekin batera. BPGaren %0,69ko zuloa egin zuen. Aurtengo aurrekontua %0,3ko defizitarekin kalkulatu du, baina, %0,7koa izanez gero, gutxi gorabehera beste 260 milioi gastatu ahal izango lituzke —edo zerga bilketa uste baino txikiagoa konpentsatu ahal izango luke—.

Nafarroari, berriz, %1,28ko defizita eman zion Espainiako Ogasun Ministerioak, baina foru gobernuak uste du benetako datua %0,85 dela. Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak azaldu du defizitaren gaineko interpretazio desberdinek eragin dutela aldea

Greziarekin eta Espainiarekin batera, defizitaren %3ko mugatik gora daude Portugal eta Erresuma Batua (%4,4), Frantzia (%3,5), Kroazia (%3,2) eta Eslovakia (%3). Azken hori izan da 2014an mugaren azpitik geratu eta aurten gainditu duen bakarra. Kontrako bidea egin dute zortzi kidek,%3tik behera jaitsita. Haien artean daude Italia eta Irlanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.