Katalunia

Torra: «Eutsiko diogu gure herriaren askatasuna lortzeko borondateari»

Diada bezperan agerraldi instituzionala egin du Generalitateko buruak. «Estatu autoritario» baten gisan aritzea egotzi dio Espainiari

Quim Torra, Generalitateko presidentea. JORDI BEDMAR.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Urtero moduan, Diada bezperan agerraldi instituzionala egin zuen atzo Quim Torra Generalitateko presidenteak, eta ohartarazi zuen orain arteko bideari eutsiko diotela, «askatasunerako eta independentziarako» bideari: «Eusten diogu eta eutsiko diogu gure herriaren askatasuna lortzeko borondateari, gure herriaren osotasun nazionala lortzeko, independentzia». Hala, nabarmendu zuen bide horretan ez dutela inor alde batera utziko, eta herritar guztientzako «herrialde hobea» eraikitzea izango dutela helburu.

Torrak gogorarazi zuen Kataluniaren historian etengabea izan dela «askatasuna berreskuratzearen aldeko borroka», eta nabarmendu zuen horrek iraungo duela itxaropenak irauten duen bitartean: «Itxaropen horrek berak mugitu zituen Kataluniako herritarrak urriaren 1ean, Espainiako estatuak demokrata baketsuen aurka egiteko baliatutako indarkeriari aurre eginez». Orduan gertatutakoaren ondorioz, egun preso eta erbestean dauden ordezkari politikoak ere gogoan izan zituen Torrak, eta «estatu autoritario eta mendekuzale» baten gisan jokatu izana leporatu zion Espainiako Gobernuari.

Generalitatearen jauregitik egindako agerraldian, gogoan izan zuen duela 80 urte hildako Lluis Companys presidentea ere, eta haren hilketagatik oraindik barkamenik eskatu ez izana egotzi zion Madrili: «Espainiak ez du oraindik bere erantzukizuna aitortu. Ekitaldi ofizial bat egin behar du, non Espainiako estatuburuak eta gobernuburuak, jendaurrean, barkamena eskatuko duten Companys presidenteari jazarri eta hura atxilotu eta fusilatu izanagatik, baita erbestean, kontzentrazio esparruetan eta Kataluniako espetxeetan hildako milaka herritarrengatik».

Torrak agerraldia baliatu zuen gizarteari «ahalegin gehigarri bat» eskatzeko, koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko. «Esfortzu eta sakrifizio askoko garaiak datoz, baina ziur nago indartuta irtengo garela iritsi den mundu berri honetara, non ezegonkortasuna egunerokoa bilakatuko den».

Pandemia dela-eta, Generalitateak berak ere Diada eguneko ohiko agenda aldatu behar izan du, eta bertan behera utzi Companysi egin ohi dion omenaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.