Ukrainako presidentearen bisitak 27 gobernuburuen ezohiko goi bilera aztoratu du. Brusela Europaren zilbortzat hartzen dutenak haserretu egin ziren Zelenski bezperan Londresen ezustean agertu zenean, ustez Ukrainatik zuzenean Bruselara etortzekoa zelako. Hiru egun lehenago, bazetorrela filtratu zuten parlamentutik, eta Ukrainako presidentearen segurtasuna arriskuan jar zezaketen filtrazioek bidaiaren planak aldatuko zituztela ohartarazi zuten batzuek. Eliseoan are gehiago haserretu ziren. Político-ren arabera, Parisera afaltzera etortzera behartu zuten Zelenski azken orduan, Londresko harreraren irudiak ikusi eta gero. Parisko bidaia inprobisatuak Macronkeria itxura har ez zezan, Scholtz Alemaniako kantzilerra ere Eliseoan afaltzera eraman zuten. Hurrengo egunean, Meloni lehen ministroak protesta egin zuen publikoki, Italia EBko hirugarren ekonomia izanik, Parisera Zelenskirekin afaltzera gonbidatu ez zutelako edo. Espainia, laugarren ekonomia, aferari normaltasun itxura ematen saiatu zen. Moncloako iturrien arabera, ez zegoen protestatzeko arrazoirik, ezta Macronkeriarik ere: Normandiako formatuan egindako afari-bilera izan omen zen Pariskoa; Frantziak eta Alemaniak Minskeko akordioen formatuko bilera egin zutela Ukrainako presidentearekin, alegia. Minskeko akordioak aspaldi ahaztuta eta lurperatuta daudela kontuan hartuta, zentzurik ez duen azalpena eman zuten.
Macronek edo Zelenskik euren memoriak eta Netflixen dokumentala kaleratzen dituzten arte itxaron beharko dugu Parisko afariaren inguruko xehetasunak jakiteko. Afariak Parisen Bruselan baino erakargarriagoak izaten diren arren, EBko hiriburuan Zelenskiren bisitaren inguruko lilura ez zen desagertu. Frantziako presidentearen hegazkinean Belgikara lehen aldiz bidaiatu duen Zelenski aireportura agurtzera joan ziren Von der Leyen, Michel, eta DeCroo Belgikako lehen ministroa. Protagonismoaren bila etengabe lehian ari diren Von der Leyenek eta Michelek Metsolaren eguna izan zela onartu behar izan zuten. Azken finean, Metsolak izan zituen Zelenskirekin minutu gehien komunikabideen aurrean. Batetik, Ukrainako eta Europako Batasuneko ereserkiak osorik jo zituztelako —lau minutu—. Bestetik, Europako Parlamentuan izan zuen harrera beroa izan zelako, eta bertan gertatu zelako bisitarenune sentibera publiko bakarra: Zelenskik «Slaba Ukraina» esan eta gero, Parlamentuan bildutakoek «SlabaUkraina» erantzun zutenean, Zelenski presidentea hunkitu egin zen, eta negar egiten hasteko zorian egon zen. Ordu batzuk geroago, Michelek bota zuen «Long live Europe, Slaba Ukraina» esaldia ez zen hain eraginkorra izan.
Komunikabideak ere Zelelenskiren zain geunden, ia urtebetez pantailetan maiz ikusi eta gero, aurrez aurre ikusteko irrikaz geunden. «Von der Leyen bezain txikia da», erreparatu zuten batzuek. Gerra hegazkinen eta Europako Batasunean sartzeko eskaeren inguruan ez zen aurrerapausorik espero, eta halaxe izan zen. Albistea bisita bera izan da. Parlamentuan gertatu zen moduan, 27 gobernuburuak bilduta zeuden Europar Kontseiluko eraikineko funtzionarioak ere Zelenski ikustera pilatu ziren pasilloetan eta prentsa gelan. Zelenskik, beste behin, tituluetarako egokia den beste esaldi biribil bat bota zuen: Ukrainaren etxea Europako Batasunean dagoela adierazi zuen. Bruselan, etxekoa bezala sentitu zuten askok, azkenean afaltzera geratu ez bazen ere.

LEKU-LEKUTAN
Zelenski Bruselan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu