Kalitatezko Irakasleen Prestakuntza Masterraren oinarriak jartzen

Aitor Martxueta, Arkaitz Lareki, Zuriñe Gaintza eta Mikel Garmendia
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Azaroaren 20an Espainiako Estatu mailako komunikabide batek (eldiario.es) Irakasleen Prestakuntza Masterrari buruzko berri bat argitaratu zuen. Bertan, ikasketa hauekin lotutako zenbait arazo jasotzen ziren, besteak beste, ikasketen matrikularen prezio altuak eta ikasleen prestakuntzarekiko asebetetze maila baxua. Halaber, hasiera batean Irakasleen Prestakuntza Masterra bera ontzat ematen bada ere, azkenean tramite huts gisa aurkezten da.

Egia esan, artikuluak esaten duen guztia ezin da orokortu eta tokian tokiko egoera aztertu beharko litzateke jakiteko zein puntutaraino betetzen diren hor aipatzen diren baieztapenak. Hala ere, kontuan hartzeko informazioa da.

Hezkuntza sistema gertutik ezagutzen dugunok garbi ikusten dugu Derrigorrezko Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako irakasle batek prestakuntza pedagogiko sendo bat eduki behar duela. Horregatik, Irakasleen Prestakuntza Masterra behar-beharrezkoa ikusten dugu. Inork ez luke ikasgela batean sartzeko aukerarik eduki beharko ikastegi bateko antolakuntza organoak, Curriculuma, inklusio teoriak, metodologia, irakasgaien programazio didaktikoak eta abar ondo ezagutu gabe. Inolako zalantzarik gabe, gure kasuan funtzio hori beteko luke masterrak.

Formakuntza horren kalitatea bermatze aldera, inplikatuta gauden eragile guztiok gure esku dagoena egiten jarraitu behar dugu, baina kontziente izan behar gara badaudela faktore batzuk masterreko irakasle eta arduradunen eskumenak gainditzen dituztenak. Horietako batzuek, gainera, zerikusi handia dute gaur egungo gizarte ereduarekin eta egikaritzen diren zenbait erabaki politikorekin.

Erabaki hauen adibideak ugariak dira eta nabarmen baldintzatu dute unibertsitate publikoek eremu honetan eskaini dezaketen prestakuntza-eskaintza, eta horrek eragina izan du masterraren garestitasunaren pertzepzioan. Izan ere, unibertsitate pribatuek merkatu-hobi ederra aurkitu dute irakasle prestakuntza master horretan, eta, gaur egun, ez dago unibertsitate pribaturik irakasle izateko masterra eskaini nahi ez duenik. Horregatik, agian, azken urte hauetan unibertsitate eta goi mailako irakaskuntza zentro pribatu berriak sortu dira han eta hemen merkatu hori okupatzeko.

Teknologia digitalek ere zerikusi handia dute egoera honetan; izan ere, online irakaskuntza gastuen murrizketa eta etekinak handitzeko erabili ohi dira. Ideia hau ez da berria, 1998an David F. Noblek Diploma Digitalen Lantegiak (Digital Diploma Mills) izenburuko lau artikulu argitaratu zituen. Idazki horietan autoreak Estatu Batuetako egoera aztertu ondoren baieztatu zuen unibertsitate gehienak —diru publikoarekin finantzatutakoak (State Universities) zein pribatuak— online ikasketen eskaintzan murgildu zirela, sarritan ikastegi atxikiak sortuz. Noblek salatu zuen egoera horrek irakasleen kontratazio baldintza kaskarrak, online ikastaroen masifikazioa eta prestakuntzaren kalitatezko jaitsiera orokorra ekartzen zituela. Hasieran aipatutako berriak azaltzen duena kontuan hartzen badugu, badirudi 1998an deskribatutako errealitate hura iritsi dela gure testuinguru hurbilera.

Bestalde, goi mailako irakaskuntzak hartu duen bideak ere ez du laguntzen derrigorrezko hezkuntzako etorkizunezko irakasleei formakuntzarik hoberena eskaintzeko. Azken urteotan unibertsitateek ikerketa merezimenduei eman diete lehentasuna eta irakaskuntza ez da mereziko lukeen moduan balioan jarri. Zentzu horretan, aipatu beharra dago unibertsitateko irakasleen garapen profesionala, nagusiki, argitaratutako ikerketa artikulu kopuruaren edota ikerketa desberdinetan parte hartzearen baitan dagoela. Saiakerak egin badira ere, irakaskuntza merezimenduei ez zaie eman zor zaien garrantzia. Horregatik, irakasleek, eta batez ere finkotasuna ez duten irakasleek, dagokien egonkortasunaren bila, irakaskuntzaren gainetik ikerketa lehenesteko beste aukerarik ez dute.

Egoera konplexu honetan ezin da, orduan, masterraren arazoei aurre egiteko erantzukizun nagusia irakasle eta arduradun zuzenengan jarri. Aitzitik, arazoak konpontzeko erabaki globalak hartu behar dira. Horrela, unibertsitate publikoak behar dituzten baliabideez hornitu beharko dira irakasle izan nahi duen edozein hiritarrek masterra egiteko aukera izan dezan prezio publikoak ordainduz. Halaber, online sistemaren ordez aurrez aurreko prestakuntza aldarrikatu eta bultzatu beharko da, azken finean, lehen eta bigarren etapetan irakasle lanetan arituko diren profesionalek espazio fisiko bera partekatuko baitute beraien ikasleekin. Eta azkenik, irakaskuntza unibertsitarioari zor zaion balioa eman beharko zaio unibertsitateko irakasleen garapen profesionalean, eta modu horretan unibertsitateko irakasleek behar duten denbora dedikatu ahalko diote irakaskuntzari.

Beraz, momentu honetan birdefinitzen ari den Irakasleen Prestakuntza Masterra berriak ondo funtzionatzea nahi badugu, aipatutako neurriak hartu beharko dira, bestela zaila izango da hasierako artikuluan jasotzen diren arazoak guztiz konpontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.