Tere Maldonado.

Jesu Kristo eta Nietzscheren eskakizun ezinezkoak

2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Mendebaldeko filosofiaren historiaren gutxieneko nozioa duen edonork jakin badaki Jesu Kristo eta Nietzsche antipodetan daudela. Zehaztasun handiagoz: kristautasuna eta Nietzsche dira kontrako muturretan daudenak. Antza, askoz begirune handiagoa merezi zion Nietzscheri Jesu Kristok kristautasunak baino, honi ez baitzion batere begirunerik, kontrakoa baizik. Kristautasuna erlijio gisa osatu eta egituratu zuena Paulo Tarsokoa izan zen, ez Jesu Kristo, eta Nietzscheren filosofia kristautasun paulinoaren aurkako programa gisa taxutzen da neurri handi batean.

Lukas eta Mateo ebanjelariek, Jesu Kristori egotzitako eskakizun baten berri ematen dute, aurki litekeenik gogorrenetakoa. Oso ezaguna da: masail batean jotzen zaituenari, bestea ere eskaini; bestela esanda, maite izan itzazu zure etsaiak, hauxe da gonbita. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Antza, Jesusentzat maite gaituztenak maitatzea errazegia da, bistakoegia. Eta pixka bat pentsatzen badugu, egia izan daiteke, bai, «maite gaituena maitatzeak» txakurren morrontza-jokabide moduko usaina izatea. Filosofo alemaniarra gaixotu eta botaka hasten da ia, hori entzute hutsarekin. Jakina, alemaniarrarentzat inoren aurrean eta, batez ere, mintzen gaituenaren aurrean umiliatzea da jokabide txakurtia (txakurren barkamenarekin). Mendiko Sermoia bere haserrearen eta dinamitaren jomugan dago: Zorionekoak izpirituzko pobreak, zeren haiena baita zeruetako erreinua? Zorionekoak otzanak, lurra oinordetzan hartuko baitute? Broma bat izan behar du.

Errealitatea leherrarazten duen eskaera da Jesu Kristoarena. Gorrotatzen dugun hori baita etsaia, definizioz maitatu ezin duguna. Horregatik da etsaia. Maitatuko bagenu, ez litzateke gure etsaia izango. Jesu Kristoren eskaera horrek beste bat ezkutatzen du, zeharka: etsairik ez izatea. Ez da komeni etsai asko izatea. Hau ulergarriagoa da, ados egon gaitezke, nahiz eta jakin ez dela beti erraza izaten. Zuhurtziaz, etsaiak ez edukitzen edo ahalik eta gutxien edukitzen saia gaitezke. Baina norbait etsai baldin badut, ez eskatu bera maitatzeko. Hori metafisikoki ezinezkoa baita.

Zer esan eraso egiten gaituztenean «beste masaila» jartzeaz. Onartuko didazue baduela zerbait antinaturala, gaixotasunezkoa, desorekatua. Eraso bati norbere burua defendatuz erantzutea automatikoa eta erreflexua da, instintiboa kasik. Ez hori bakarrik: zein gurasok aholkatzen dio semeari edo alabari, ikaskideren batek eskolako patioan jotzen badu, beste masaila jartzeko? Ez al genuke pentsatuko guraso hori burutik gaizki dagoela? Inork serio hartzen al du eskaera hori? Inork hartu ahal du serio? Eta Jesusek berak hori defendatuko luke arlo sozial eta politikoan? Ez da indarkeriarik gabeko borroka bakarrik, harago doa: beste masaila eskaintzea..., bai, zera!

Bada, ez pentsa honen alboan Friedrich, antikristoaren defendatzaile sutsua, motz geratzen denik, gizaki gizajoei egindako eskakizun mailari dagokionez. Hona hemen berarena: «Berriro bizi nahiko zenukeen moduan bizi zaitez». Eta honelako galdera luzatzen digu: nola sentituko zinateke bizitza hau, orain bizitzen ari zaren bezala eta iraganean bizi izan duzun bezala, ezertxo ere aldatu gabe, berriz ere hamaika aldiz biziko bazenu? Hauxe da filosofoaren gonbidapena: ezer desberdina izatea nahi ez izatea, iraganean, etorkizunean eta eternitate osoan. Ez da kasualitatea honelako altuerako ataza gaingizakiari egokitu izatea. Gaingizakiak (zure gizaki ideala, ez gaitezen engaina, Federiko, zeuk ere dituzu idealak, gorroto duzun Platonetik eskapatzea ez daerraza) bere bizitza biziko luke, behin eta berriz, egindako erabakiez damutu gabe. Pozaren poz eta gogo biziz ospatuko luke gertatzen zaion guztia. Guztia.

Nor dago bere bizitzako gertakari eta pasarte guzti-guztiak errepikatzea nahi izateko moduan? Nork ez luke zerbait baino gehiago kenduko eta jarriko? Nor ez da damutzen hartutako erabakiren baten batez gutxienez? (Ez hasi damuak ezertarako balio ez duela dioen matrakarekin, gauza askok ez dute balio ageriko ezertarako, baina hor daude, eta bai, batzuetan damutu egiten gara, beranduegi denean, jada ez duenean ezertarako balio). Nork ez du mozkorturik abestu The boulevard of broken dreams? Nork ez du izan zitekeenagatik baina azkenean izatera ailegatu ez zenagatik malenkoniarik sentitzen? Zenbat bide ez ote ditugu ibiliko, zenbat kopa ez ote ditugu edango, zenbat dantzatara ez ote gara joango (agian ez gaituztelako gonbidatuko), zenbat mendi ez ote ditugu igoko, zenbat liburu ez irakurriko... asko gustatuko litzaigukeen arren?

Estoizismoaren arrasto argia ikusten da Nietzscheren gonbidapenean, Nietzschek berak onartzen duenez. Estoizismoak amor fati izenekoa aldarrikatzen du, hau da, patua maite izatea, gertaerekiko maitasuna izatea. Epiktetoren hitzetan: ez genuke eskatu behar gauzak guk nahi ditugun bezala izan daitezen, baizik eta diren bezala desiratu behar ditugula.

Eta nik diot, ez al dago hau kristau onarpen etsitutik oso hurbil? Estoizismoak eragin handia izan zuen kristautasun garailean. Kanpoko kateek axola ez dutela dioen ideia adibidez: esklabo jaiotzea, Epikteo bezala, edo enperadore izatera iristea, Marko Aurelio bezala, beste estoiko bat, garrantzirik gabea omen da, «norberaren jabe» izatea da kontua... Mundua hobetzeko matxinada eta borroka politikoa neutralizatzeko balio izan duen ideia.

Pentsamenduaren bideak labirintikoak dira, harantz doan bide bat hartzen duzu, eta konturatu gabe berriro hona itzultzen ari zara. Ustekabeko konexioak, berriro ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.