Donostiako 83. Musika Hamabostaldia. IRITZIA

Ikusi ahal izateko, begiratu behar

2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Iaz, Musika Hamabostaldiaren aurretiko analisia ireki nuen esanez jaialdiak normaltasunerako bidea hartua zuela, ohiko ziklo guztiak berreskuratuta. Bada, aurtengo programazioari so eginez, badirudi berezkoak zaizkion ahotsak ere berreskuratuko dituela. Nabaria da abesbatzek presentzia handia izango dutela, bere historian Hamabostaldiaren izaera determinatu izan duen programa sinfoniko-korala berriro ere taularatuz. Errepertorio askotarikoa, ez beti ohikoa eta, hortaz, erakargarria: G. Carissimiren Historia di Jephte, G. Gershwinen Porgy and Bess operaren hautaketa bat, C. Debussyren Nokturnoak, J. D. Zelenkaren Missa omnium sanctorum eta L. Janaceken Meza glagolitikoa, esaterako.

Opera eta zarzuela ere izango dira berriro gurean, baina bertsio urardotuan: P. Sorozabal jaio zenetik 125 urte betetzen diren honetan, La tabernera del puerto arrakastatsua soilik kontzertu bertsioan entzun ahal izango da; G. Donizettiren La fille du régiment, aldiz, bertsio erdi-eszenaratuan. Aurrekontuak, antza, ez dira oraindik euren onera itzuli; emaitza ikusteke dago. Eszenaren nahi eta ezin horren aurrean, behintzat, ibilbide handiko abeslari pareak izango dira protagonista: Miren Urbieta-Vega eta Andeka Gorrotxategi lehenengoan, Elena Sancho-Pereg eta Xabier Anduaga bigarrenean. Musikak ahotsa lagundu dezan baino ezin da eskatu.

Organo Zikloaren hamabost hitzorduetan atzerriko izen ugari topatu ditzakegu; haietatik sei lehen aldiz izango dira Hamabostaldian. Ohikoa denez, XX. mendeko konpositore frantses ugari (Widor, Vierne, Dupre, Faure, Franck...), tradizio alemaniarrean kokatzen direnak (Buxtehude, Bach, Brahms, Mendelssohn...), eta baita euskaldunak ere (Aita Donostia, Usandizaga, Guridi, Garbizu, Urteaga...). Gipuzkoako organo erromantikoen ondarea ezagututa, nahitaezko geltoki ugari ditu ziklo horrek.

Antzinako Musika Zikloak galdua du aspaldian zuen handitasun distira, baina badira urtero aukera onak. La Ritiratak F. Mancini napolitarrari bere jaiotzaren 350. urteurrenean egingo dion omenaldia izan daiteke bat; Egeria taldeak ekarriko duen XI. eta XII. mendeetako musika siziliarra, beste bat.

Hainbat estreinaldi absolutu entzun ahal izango dira Musika Garaikideari eskainitako zikloan: G. Erkorekaren bi obra eta E. Kurt gaztearen pieza bat. Izenari erreparatzen badiogu, gutxi direla pentsa liteke. Baina sorkuntza berriak beste zikloetan ere izango dira. Quartetto Adornok D. del Puertoren hari laukotea estreinatuko du Ganbera Musika zikloan, eta Kukaik Eta orain zer? aurkeztuko du Lekuona fabrikan. Ez dut oraindik topatu garaikidearen eta programazio arruntaren arteko muga.

Haurrek ere badute tokirik Hamabostaldian. Duela lau urte estreinatu zen Itsasotik obraren bertsio eguneratuaz gozatu ahal izango dute Viktoria Eugenia antzokian. Bestalde, dantzaren aldeko apustuari heltzen jarraitzen du jaialdiak, proposamen berriekin: Lokke, Lasala, Jone San Martin, Andaluziako Ballet Flamenkoa.

Lehen begiratuan, badirudi eskaintza ez dela beste urteetan bezain arranditsua. Eskerrak bitan begiratzea badugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.