Donostiako 66. Zinemaldia. Zuzendari berriak. KRITIKA

Handia egiten naizenean gizona izango naiz

The Third Wife filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun

'The Third Wife'



Zuzendaria: Ash Mayfair. Herrialdea: Vietnam. Iraupena:96 minutu.

XIX. mendea Vietnam-en. 14 urteko May lur-jabe aberats baten hirugarren emazte bilakatuko da. Erritualez eta tradizioz betetako mundu honetan, Mayk duen aukera bakarra seme batez erditzea da. Horrek emango lioke zentzua bere bizitzari. Hala, haurdun gelditzen denean, bere esperantza guztiak haurraren generoan jartzen ditu.

Ash Mayfair zuzendariaren lehen film luzea da The Third Wife. Emakumeak haurrak edukitzeko tresna gisa tratatzen dituen gizarte bat erretratatu du vietnamdarrak. Bertan, May gaztea pixkanaka joango da jokoaren arauak ikasten, hasieran erakusten duen inozentzia galtzen joango delarik. Bigarren emaztearen alaba txikiak, ordea, argi dauka: handia egiten denean gizona izango da. Izan ere, baliozko aukera bakarra da.

Harrigarria dirudi tratatzen duen gaia horren gogorra izanik zein film ederra egin duen Mayfairrek. Ederra da hitza, bai. Azaltzen dizkigun paisaiak, erabiltzen dituen planoak, musika... protagonista bera ere da ederra. Ilea nola orrazten duten, errekan nola garbitzen diren, oheak inguratzen dituzten oihalak... Kontraesan polita sortu du zuzendari vietnamdarrak: horrenbeste edertasun artean horren bizitza itsusia bizi behar duen neskatilarena. Hala ere, Mayfair ez da ikuslea engainatzen saiatu; oso argi utzi digu filma irekitzen duen sekuentzian (baita amaierakoan ere) azaltzen den kamerari zuzendutako begiradan. Adi! Kontuz! Dena ez da horren polita izango beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.