KRITIKA. Musika

Wagnerren ustekabea

2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun

Bilboko Orkestra Sinfonikoa



Egitaraua: Joseph Haydn, Wolfgang Amadeus Mozart eta Richard Wagnerren lanak. Zuzendaria: Erik Nielsen. Abeslariak: Michelle DeYoung, Stuart Skelton, Callum Thorpe. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: ekainak 8.

Publikoaren txalotze luzeak eta biba oihuek eman zioten amaiera Bilboko Orkestra Sinfonikoak egin duen denboraldi onari. Ez zen gutxiagorako. Izan ere, bukaera ospatzeko, beste hainbat piezaren artean, Richard Wagnerren Walkiriak operaren lehen ekitaldia eskaini zuten Erik Nielsen zuzendariak eta musikariek, luxuzko abeslari taldearekin.

Bikain abestu zuen Stuart Skelton tenorrak Siegmunen rolean, dramatiko graberako partitura: bolumen handia, afinazio txukuna, fiato aproposa fraseoetan, indarra tonu altuetan. Haren kantaldiak dardara sortu zuen Udaberriko eszenan (Winterstürme wichen), eta baita Amodiozko eszenan ere (Du bist der Lenz), bere bikotekidearekin batera. Michelle DeYoung mezzoak ederki interpretatu zuen bere abestaldi ziurra Sieglinderen rolean; hunkitu egin gintuen Der Männer Sippe sass hier im Saal eszenan, eta bikotekideari eutsi zio Amodiozko eszenan. Egokiagoa sumatu genuen Callum Thorpe baxua Walkiriak-en Hundingen rolean, lehen zatian abestu zuen Mozarten kontzertuko arian baino. Wagnerren lanean ahots koloretsua atera zuen beheko tesituran, eta aise ibili zen erdi eta goi tesituretan dauden zati fraseatuetan, sendo bere rol laburragoan.

Nielsen zuzendariak exekuzio zehatza lortu zuen 25 leitmotive dituen Wagnerren partitura laberintikoan, eta malgutasunez gidatu zuen operetan aspalditik ondo trebatutako orkestra.

Denboraldi bukaerako kontzertuaren lehen zatian, Joseph Haydnen 82.sinfonia Do Maiorrean edo Hartzarena jo zuten. Indarraz eta graziaz aparte, aniztasuna eta dirdira erakutsi zituzten dantza desberdinetan. W.A. Mozart-en Alcandro lo confesso... arian, Thorpe baxuak ahaleginak egin zituen erdi eta goi tesituretan, eta ahots tinbratua azaldu behekoan, baina, beharbada, juxtuago agertu zen bolumenaren aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.