Guatemala. Presidentetzarako hauteskundeak

Aldaketarako itxaropenik gabe

Guatemalako hauteskunde orokorren bigarren itzulia egingo dute bihar. Giammattei eta Torres presidentegaiek ez diete babesik adierazi azken urteotan ustelkeriaren aurka abiatutako proiektuei

UNE alderdi sozialdemokratako Sandra Torres hautagaiak lortu zuen boto gehien presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian. EDWIN BERCIAN / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Duela lau urte, Guatemalak bide berri bat hasi zuen, estatuan sakoneko aldaketak egin, eta demokrazia eta gardentasuna areagotzeko helburuarekin. Herritarren protestek eta epaile batzuen lanak balio izan zuten pisuzko lorpenak erdiesteko: Otto Perez Molina orduko jarduneko presidentea eta haren gobernuko zenbait kide espetxean sartu zituzten, ustelkeria egotzita. CICIG Guatemalako Inpunitatearen Aurkako Nazioarteko Batzordea —NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta— eta Ministerio Publikoa —Thelma Aldana fiskal ohia buru zuela— eredu bilakatu ziren ustelkeriaren aurkako borrokan. Jimmy Morales herrialdeko jarduneko presidenteak gogor egin izan du CICIGen aurka; irailean desegingo dute batzordea, hark aginduta. Bihartik aurrera, baina, presidente berria izango du herrialdeak: Alejandro Giammattei edo Sandra Torres. Ekainaren 16an egin zituzten hauteskundeak Guatemalan, eta bihar egingo dute bigarren itzulia. Presidentegaiek ez dute CICIG babestu.

Ekainean, hauteskundeen lehen itzulian, ez zen irabazle garbirik izan. Botoen %26 lortu zuen Torres hautagaiaren UNE Itxaropenaren Batasun Nazionala alderdi sozialdemokratak, eta haren atzetik geratu zen Giammatteiren Vamos kontserbadorea (%14). Hurrengoak PHG Alderdi Humanista (%11) eta MLP Herrien Askapenerako Mugimendua (%10) izan ziren. Guztira, hemeretzi alderdik hartu zuten parte hauteskunde orokorretan. Orain, bi hautagai besterik ez daude: Giammattei espetxe zuzendari ohia eta Torres enpresaria.

Biek bide luzea egina dute politikan: aipatutako lehenengoaren laugarren hauteskundeak izan dira aurtengoak, eta hurrenaren bigarrenak. Duela lau urte, Torresek bigarren itzulian galdu zuen Moralesen aurka, baina Giammatteik ez du arrakasta handirik izan aurtengo hauteskundeetara arte.

Lehen itzulian, zenbaitek «iruzurraz» hitz egin zuten. Hautagai batzuei ez zieten utzi parte hartzen, —Aldana fiskal ohiari, besteak beste—, eta parte hartu zuten beste batzuei legea ez bete izana egotzi zieten. Marielos Chang politologoa da, eta irakaslea, Francisco Marroquin unibertsitatean. Haren esanetan, «klientelismo dinamikak» egon ziren hauteskunde prozesuan. Presidente izateko bi hautagaiak dinamika horien parte direla uste du: «Bi presidentegaiek errepikatzen dituzte babes eta klientelismo dinamikak; haien arteko alde bakarra da nork bere interes taldeari egiten diola mesede».

Giammatteik Perez Molina espetxeratuaren eta Moralesen aldekoen babesa du. Hura buru duen Vamos alderdia iraganeko Lider eta Patriota alderdien «birziklatzea» da, Changen hitzetan. Alderdi horien buruak espetxean daude egun. Giammattei 2007an aurkeztu zen herrialdeko presidente izateko lehenengoz, eta, ordutik, lau urtean behin egin du saialdia; emaitza kaskarrak izan ditu, orokorrean.

Dena dela, espetxe zuzendari lanean eman zuen zeresan handien. Bi urtez izan zen Guatemalako presondegi sistemako arduradun nagusia, 2006 eta 2008 artean. Kargua hartu zuen urtean egin zuten Indioilar operazioa, Guatemalako Hiritik gertu dagoen Fraijanes herriko Pavon presondegian. Urte askoan, kontrolik gabeko eremua izan zen espetxe hura: presoek etxeak, jatetxeak, bideo jokoen aretoak eta droga ekoizteko laborategiak eduki zituzten haren barruan. 2006ko irailaren 25ean, 3.000 polizia eta militar sartu ziren barrura, kartzelaren kontrola berriz hartzeko helburuarekin. Zazpi preso hil zituzten. Giza Eskubideen Prokuradoreak adierazi zuen «exekuzio estrajudizialak» izan zirela. Orduko goi funtzionarioak auzipetu zituzten, tartean, Giammattei bera; guztiak absolbitu dituzte azkenean.

Torres 2011. urtean bilakatu zen UNE alderdiko idazkari nagusia. Urte hartan presidente izateko aurkeztu zen, baina ez zioten utzi, Alvaro Colom orduko presidentearen emaztea izan baitzen hura karguan zegoen bitartean. 2015. urtean bai, aurkeztu zen, eta botoen %35 lortu zituen bigarren itzulian.

Torresen historiak ere orban nabarmenak ditu. Hautagaiari leporatzen diote 2015eko hauteskunde kanpaina deklaratu gabeko bi milioi eurorekin finantzatu izana. Halere, fiskalburuak ez zuen haren aurkako kargurik aurkeztu aurtengo hauteskundeetarako hautagaitza ofizial egin eta hurrengo egunera arte. Changen ustean, presidentegaiak statu quo-aren eta ustelkeriaren segida ordezkatzen du: «Bere proposamena ez da egungo dinamikekin haustea, programa sozialen bitartez klientelismoa elikatzen jarraitzea baizik». Gainera, hori Giammatteirentzat aukera bat dela uste du: «Torresen aurkako botoak edonori egiten dio mesede».

Indigenak jomugan

Aldana fiskal ohia ustelkeriaren aurkako ikurra da herrialdean, hainbat politikari eta enpresariren aurkako ikerketak abiatu baitzituen Ministerio Publikoaren buru zela. Inkesten arabera, hauteskundeak irabazteko faboritoa zen, baina ez zioten parte hartzen utzi. Herrialdetik atera behar izan zuen, bera atxilotzeko agindu baitzuten. Democracy Now! albistegiari adierazi zionez, ezin da esan hauteskunde prozesua «demokratikoa» izan denik, estatua «harrapatuta» baitago.

Fiskal ohiaren aurkako presioaz aritzean, Ustelen ituna aipatu ohi du zenbaitek. Herrialdean bere interesen arabera agindu izan duen klase politikoa kokatzen dute han. Aldana baztertu egin dute, baina gizarte zein indigenen eskubideen aldeko mugimenduek ere egoera larria bizi dute. Azken urte eta erdian, nekazari indigenen mugimenduko hamalau kide hil dituzte. Hilketa bakar bat ere ez dute argitu.

Mugimendu hori erakundeetara eramateko asmoarekin sortu zuten MLP alderdia. Emaitza onak izan zituen ekaineko hauteskundeetan: Thelma Cabrera boto gehien lortu zituen laugarren hautagaia izan zen. Mugimendua alderdi bihurtzeak, ordea, areagotu egin du haien aurkako indarkeria. Estigmatizazio, jazarpen eta kriminalizazio kanpainak hauspotu egin dira.

Zenbait eragilek Cabreraren hautagaitza babestera dei egin zien herrialdeko indar aurrerakoi guztiei, abstentzioa gelditzeko asmoarekin (%38). Aldanari «samingarria» zaio ados jarri ez izana, hori baitzen «politika tradizionalari» aurre egiteko modua. «Estatu plurinazional bat behar dugu, huts egindako estatu ustel bat ordezkatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.