Gose greba utzi du Gueñes Bizia taldeko kideak

2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zallako eta Gueñesko udal arduradunei Glefarani buruzko eztabaida publikoa eskatzeko gose greban zegoen herritarrak bertan behera utzi zuen protesta ostiralean, biomasa plantari buruzko txosten zientifikoa aurkezteko hiru ikerlarik herriotara egindako bisitaren harira. Otsailaren 10ean hasi zuen baraualdia Gorka Llantada Gueñes Bizia taldeko kideak, eta bi asteotan ez du udalen berririk jaso: «Ez dugu halakorik espero. Ez dira mugituko Jaurlaritzak dioenetik».

Hala, xede nagusia lortu ez arren, pozik agertu da beste helburu batzuk erdiesten ari direlako: «Hedabideen arreta erakarri dugu, eta alkateen jarrera agerian utzi dugu: ez daude prest gai honi buruz publikoki hitz egiteko». Gogora ekarri du ostiraleko ekitaldira bostehun lagun baino gehiago agertu zirela: «Jendea gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari da».

Epaitegietako bidea ere zabalik du Gueñes Biziak oraindik —Jaurlaritzaren eta enpresaren aurkako salaketak jarri dituzte, dokumentuak faltsutzea egotzita—, baina jakinarazi diete asteon 15.000 euroko bermea ordaindu behar dutela auzibideokin segitzeko; finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.