Koronabirus. GIZARTEA PENTSALDIAN

Gizarte Zerbitzuen pribatizazioaz

Gernika-Lumoko (Bizkaia) Kaltzada zahar etxeko ataria. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Joseba Zalakain.
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Gure artean, zerbitzu publikoak ez dituzte beti erakunde publikoek zuzenean ematen: kale garbiketa edo zabor bilketa, esaterako, enpresa pribatuen bidez egiten da normalean; segurtasun zerbitzuak, berriz —oro har behintzat—, erakunde eta langile publikoen bitartez. Gizarte politiken esparruan egoera askotarikoa da oso: osasunaren arloan hiritar orok dugu zerbitzu publikoak erabiltzeko aukera, nahiz eta batzuek zerbitzu pribatuetara jo edota erakunde publikoek gero eta gehiago, agidanez enpresa pribatuak erabili ahal izan zerbitzu horiek emateko. Hezkuntzaren arloan, gurasoek hezkuntza publikoa eta pribatuaren arteko aukera egin dezakete, eta Euskadi da Estatu espainolean itunpeko irakaskuntzan ikasle gehien dituen autonomia-erkidegoa, ikasle guzien erdia, gutxi gorabehera.

 

Gizarte zerbitzuen arloan, Euskadin, zerbitzu gehienak erakunde pribatuen bidez ematen dira, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskadi mailan, alor horretan diharduten lau langiletik hiruk enpresa edo erakunde pribatuen bitartez egiten dute lan.

Horri pribatizazio deitu izan zaio, nahiz eta oso argi ez egon pribatizazio termino horrekin zer esan nahi den. Alde batetik, argi dago zerbitzuen hornidura eragile pribatuen esku dagoela maila handi batean, eta esan daiteke, gainera, norabide horretan aldaketa handi samarra izan dela gure artean (gaur egun langileen %77k erakunde pribatuetan egiten badute lan; 2000. urtean, esaterako, %65 ziren). Gizarte zerbitzuen hornidura erakunde pribatuen eskuetan egoteak ez du, ordea, pribatizazioa adierazten nahitaez: finantzaketaren aldetik, 2000. urtean familiek gizarte zerbitzuetan egiten den gastu osoaren % 13 hartzen zuten bere gain, eta 2017. urtean %13koa da familien koordainketa. Izan ere, batzuek pentsatzen omen dutenaren kontra eta ekonomiaren beste esparruetan gertatu denaren kontra, eragile pribatuek ez dute bereganatu aldez aurretik jabetza publikoa zuen baliabide, zerbitzu edo erantzukizunik. Alderantziz, ekimen pribatuak sorturiko zerbitzu eta baliabide asko erantzukizun publikopean daude gaur egun.

Askotan, bestalde, hornidura pribatua lan baldintza kaskarrekin eta arreta kalitate txarrarekin lotzen da. Lehengoari dagokionez, argi dago lan baldintzak hobeak direla sektore publikoan: adinekoen egoitzei erreparatzen badiegu, Eustatek ematen dituen datuen arabera, erakunde publikoetan lan egiten duten langileek soldata bikoitza jasotzen dute erakunde pribatuetan diharduten langileekin konparatuta. Kalitateari dagokionez nahiz eta askotan lan baldintzak eta arreta kalitatea txanpon baten bi alde bezala aurkeztu? gauzak ez daude horren argi: gutxitan neurtzen da arreta kalitatea gure artean, eta nekez baieztatu daiteke zalantzarik gabe, nahiz eta susmoa izan, erakunde publikoek ematen duten zerbitzua beti dela pribatuena baino hobea. Zaila da, gainera, pentsatzea gaur egun gizarte zerbitzuak emateko behar diren gaitasunak (malgutasuna, gertutasuna, banakako beharrei egokitzeko gaitasuna...) langile publikoen bitartez bereziki hobeto bermatzen direla. Era berean, zaila da esatea gizarte zerbitzuen arloan hornitzaileen arteko lehiak arreta kalitatean berebiziko eragina duenik.

Erantzukizun publikoa eta hornidura pribatua hau da, gure modelo mistoa bateragarri egitea ez da edozein kasutan erraza. Erakunde publikoek zerbitzu horiek planifikatzeko, zehazteko, kontratatzeko, ikuskatzeko edota ebaluatzeko gaur egun ez dituzten gaitasunak bereganatu behar dituzte, eta horretan jarri beharko genuke zerbitzuen kalitatea bermatzeko? begirada. Horretarako, beharrezkoa da alde batetik erakunde publikoen antolaketa eta baliabideak eraldatzea eta, kontratu publikoen lizitazioa egiten denean, benetako balio erantsia ematen duten erakundeei lehentasuna eman ahal izatea, kontratazio publikoetan ezarri daitezkeen klausula sozialak indartuz eta lehiari buruzko araudiaren mugak bihurrituz. Beharrezkoa izango da, bigarrenik, gai honen inguruan benetan dakitenek esan bezala, zerbitzua eman dezaketen enpresa eta erakunde pribatuen eraldaketa, besteak beste, zaintzen kooperatibizazioaren aldeko apustua indartuz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.