Albistea entzun

PENTSALDIAN

Hi(e)zkuntza emozionala

Maitane Nerekan Umaran - Filosofia Irakaslea

2021eko abenduak 8

Anariren erritmoan oheratu. Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori eleberriaz negar egin, trenean, jende aurrean. Azokara sartu eta etxean sentitu, eroso. Zuberoako Maskaradan ikasteko zenbat duzun deskubritu. Mikel Laboaren Haize hegoa ahapetik kantatu etxea atondu bitartean. Alaba beso artean duzun lehen aldian, Baratze bat abestu, zoriontasun malko artean. Ulertzea nahi ez duzun horren aurrean lagunarekin euskaraz eginez babestu. Berri Txarrak-en azken kontzertua dardara batean amaitu. Basatiki maite duzun horri euskaraz adierazi. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken ikuskizunean emozioz aulkitik altxatu 36 urterekin. Ander Lipusen antzezlana ikustean hori gozatu ahal izatearen pribilegioaren kontzientzia hartu. Amama Xalbadorren heriotzarekin agurtu. Espainiako lagunari hizkuntzak sentitzea posible dela azaltzen gaua eman, eta berak, inbidiaz, zu ulertu. Gure Herrira babes bila etorri behar izan zuen horri euskarak babestuago sentiarazi ziola entzun. Joxe Ripiaurekin herriko jaietan aske dantzatu. Bilboko denda horretan sartu, euskaraz eskatu eta dendariak euskaraz erantzutean asebete. Kutxidazu bidea Ixabel filmaren atxiloketaren eszenan, negar egiteko gogoa ezkutatu. Erlauntza lagunartean ikusi eta, identifikaturik, barrez lehertu. Solasaldi filosofiko oso bat euskaraz hasi eta amaitu. Euskaraz ez dakiten gurasoei zu euskaradun heztearen eskertza sentitu. Euskal Herriko bertso finaleko azken isiluneekin, biloak tente izan. Gaur hemen idazteko ardura hartu.

Ikasle euskaldun eleaniztunak hezten ez baditugu, belaunaldi berriei sentitzeko gaitasuna lapurtuko diegu. Goiko paragrafoan adierazitako guztiak emozioetatik bizitakoak dira. Batzuk horiekin identifikatu egingo zarete; besteek, agian, beste istant batzuetan sentitu duzue euskara, sentitu duzue euskaraz. Hizkuntz eta kultur transmisio duin bat ez badago, aukera hori ukatuko diegu datozen belaunaldiei. Euskaratik sentitzeko aukera, hain zuzen ere.

Ezin dugu inor sentitzera behartu, absurdoa litzateke, aukera besterik ezin dugu mahai gainean jarri. Baina aukera izan dezagun, hizkuntza konpetentziak sendo izan behar ditugu eta kultur transmisioa egon behar du. Euskaraz eroso sentiarazi behar ditugu gure ikastetxeetako protagonistak; euskal musika, zinea, literatura eta folklorea eskura jarri behar diegu. Bakoitzak askatasunetik identifika dezan zer eta nondik sentitzen duen. Hori egin ezean, nekez izango dira aukeratzeko aske.

Aspaldi agortu ziren euskal hizkuntza sistemetan darabilzkigun transmisio ereduak. Frankismoaren osteko hogei urteetan balio izan zuen agian, jada ez. Faktore berri asko (globalizazioa, migrazio fluxu berriak, hirigune handiak...) eta errealitate sozial eta politiko ezberdina dugu aurrez aurre. Euskal erakundeak, Mauletik Muskizera, Tuteratik pasatuta, ez dira ari politika eraginkorrak egiten. Batzuk euskarafobia publikoki adieraziz; beste batzuk, gauza bat esanez eta bestea eginez. Horregatik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion ardura da, ez dutelako beste batzuek egingo. Ausardiaz eta konplexu barik lan egin behar dugu. Euskaragatik egingo dugulako, baina baita askatasunagatik ere. Ez diezaiogun inori gehiago gure gurasoei ukatutako aukera lapurtu. Gora euskara eta gora bihotzak!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak urteko txostena aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak 46 biktima aitortzeko eskatu du

Oihane Puertas Ramirez

1961etik 1997ra bitartean jasan zituzten erasoak. Sei hil egin zituzten, eta 28 torturatu. Eskatu dute kalte ordainak zehazten dituen legea aldatzeko
Esperientzia ezagutarazteko egindako mahai ingurua, atzo Donostian. ©JON URBE / FOKU

Euskal curriculuma: paperetik praktikara

Irati Urdalleta Lete

'Euskal curriculuma: egungo esperientziak eta etorkizuneko aukerak' jardunaldiak egin dituzte Donostian. Hutsuneetatik zer eraikitzen ari diren ekarri dute hizpidera.
Sariguren eta Badoztain arteko sutea. ©Radiovoluntarios Emergencias Navarra

Kontrolpean daude Badoztain eta Sarriguren arteko, Sartagudako eta Beireko suteak

Iñaut Matauko Rada

Badoztaindik Sarrigurenera jaisteko bidean piztu da sua, eta hamabost hektarea inguru erre dira. Sartagudan eta Beiren ere suteak piztu dira, baina kontrolpean daude.

Alprazolam botika ©

Alprazolam antsietatearen aurkako botikaren sorta batzuk merkatutik kendu dituzte

Berria

AEMPS Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak eman du agindua, «egonkortasun azterketetan arazoak» atzeman dituztelako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...