Gero eta hesituago egon arren, Johnsonek esan du «aurrera» egingo duela

Tory kritikoek Erresuma Batuko lehen ministroaren aurkako alderdi barruko beste zentsura mozio bat bultzatu nahi dute hurrengo astean

Boris Johnson, atzo, Downing Streeteko 10. zenbakitik ateratzen. T. AKMEN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Boris Johnson gero eta hesituago dago. Izan pandemian Downing Streeteko 10. zenbakian egindako festek eragindako eskandaluagatik, izan duela hilabeteko barne zentsura mozioan ikusi zelako Alderdi Kontserbadorearen diputatuen erdiak, %41 hain zuzen, kontra dituela, izan hedabideek kaleratu dutelako eta Johnsonek onartu duelako Chris Pincher Komunen Ganberako toryen talde parlamentarioko bigarren arduradun aukeratu zuela nahiz eta bazekien sexu jazarpenagatik maiz salatua izan dela, edo izan, azkenik, gobernuko kideek dimisioa aurkezten jarraitzen dutelako. Hori guztia kontuan hartuta ere, Erresuma Batuko lehen ministroak «aurrera» jarraitzeko asmoa du. «Agindu ikaragarri bat eman zaionean [2019ko hauteskundeetan toryek lortutako emaitzengatik], aurrera jarraitzea da lehen ministro baten egitekoa egoera zaila denean. Hori egingo dut».

Mezu bera errepikatu zien Downing Streetera lehen ministroarekin biltzera joan ziren ministroei. Erresuma Batuko hedabideek argitaratu dutenez, ohartarazi zien dimisioa emanez gero hauteskundeak deitzeko presioa handituko dela, eta behartutako boz batzuetan galtzaile irtengo dela Alderdi Kontserbadorea. Alderdi Laboristaren eta SNP Eskoziako alderdi independentistaren arteko balizko koalizio baten gaineko kezka ere agertu zien, iturri horien arabera. Ikusteko dago jarrera horren aurrean ministro gehiagok dimisioa aurkeztuko duten ala gobernuan jarraituko duten.

Aurretik, kontrol saioan mintzatu zen atzo Johnson, Komunen Ganberan, eta dimisioa eman dezala eskatu zioten oposizioko kideek. Baina batez ere Sajid Savid herenegun arte Osasun ministroa izandakoak egin zuen lehen ministroaren aurka. Dimisioa aurkeztu zuen, eta, hori jakinarazteko gutunean bezala, atzo ere kargua uzteko eskatu zion Johnsoni. «Ondorioztatu dut arazoa goi-goian hasten dela», egotzi zion. «Balioak eta jarrerak» izan zituen hizpide, eta gobernuko kideak «kontzientziaz» jokatzera deitu zituen.

Gobernuko kide nabarmenenetako bat zen Savid. Dimisioa eman zuen, eta ia-ia aldi berean gauza bera egin zuen Rishi Sunak Ekonomia ministroak ere, «seriotasunik» eza leporatuz Johnsoni. Azken bi egunetan gobernuko beste 30 bat kidek eman dute dimisioa, nahiz eta horiek maila apalagoko karguak zituzten. Atzo, dozena bat inguruk hartu zuten erabaki hori.

Lehen ministroaren prentsa idazkariak adierazi zuen Johnson prest dagoela alderdi barruko beste konfiantza mozio bati aurreko egiteko.Bloomberg berri agentziak toryen iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, Johnsonen dimisioa eskatzen duten alderdiko diputatuek datorren astean egin nahiko lukete beste bozketa bat. 1922 Batzordeak deitu behar du horretara —gobernuan ez dauden diputatu toryak biltzen ditu—, arautegiak zehazten duenez, diputatu toryen %15ek hala eskatuta. Arautegiak dio, gainera, azkena egin zutenetik urtebete igaro arte ezin dela beste zentsura mozio bat egin. Ekainaren 6an izan zen aurrekoa. Nolanahi ere, arautegi hori alda daiteke taldeko zuzendaritza aldatuz, esaterako, eta, horrenbestez, beste bozketa batera deitu.

Lehen ministroa ahalegindu da azken asteetan brexit zale gogorrenen babesa biltzen, beste bozketa posible bat irabazteko eta aurrera jarraitzeko. Horretarako, esaterako, Ipar Irlandarako Protokoloa alde bakarrez erreformatzeko lege proiektu bat aurkeztu du Komunen Ganberan. Bestalde, «azken hamarkadako zerga murrizketarik handiena» aginduzuen atzoko kontrol saioan, eta haren bitartez diputatu tory liberalenen botoak arrantzatzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.