maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ileak

2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Depilatzailearenetik atera eta ile itsusi bat aurkitu dut kokotsaren puntan. Ez dit depilatzaileak kendu, ezta neukanik abisatu ere; existitzen duenik ere onartuko ez lukeenez. Pintzarekin eutsi diot, eta indarrez tira, inork ikus ez nazan albo batera begira, badaezpada.

Ez dira ustez existitzen ez diren ile bakarrak. Horiekin batera baitaude titiburuaren ingurukoak, ipurdikoak edo bizkarraren behealdean ateratzen diren horiek, inork izan ez, aipatu, eta ustez kendu ere egiten ez dituenak. Ez dira agertzen krema eta argizarien iragarkietan, ez da inor mintzo horietaz. Ezta inguru feministenetan ere.

Miren Amurizak aski argi idatzi zuen kazeta honetan ustezko aurrerakoion inkoherentziaz. Nola uzten ditugun luze ile batzuk, eta besteak berehala kendu: «Depilatzeari erabat uzteko baino inkoherenteagoa baitzara zu (edo, zuk esaten duzun lez, koherentzia malguagokoa); besapeko ileei (neurrian) luzatzen uzten dien bitartean, zangoetako biloa kentzen dutenetarikoa». Eta beste ile batzuk ere bai.

Ez dut erraten kendu beharko ez genituzkeenik: nardagarriak dira; gutxien espero dugunean ateratzen direnak gutxien nahi duzun lekuan, eta gure emetasuna ere zalantzan jartzen digutenak istant batez. Lagun batek aitortu zidan garai batean erdi-gizona ote zen zalantza egiten zuela, aurpegian ateratzen zitzaion ileagatik. Eta ez zela lasaitu berandu baina beste batzuekin horren arruntasuna deskubritu zuen arte.

Guk ere hobe genuke albo batera begiratzeari utzi eta onartuko bagenitu. Eduki, denok izan eta izaten ditugulako seguruenik, baita kendu ere. Eta ez erran ez dakizula zertaz ari naizen. Ez dute merezi iritzi zutabe hau baino hiru lerro gehiago, agian. Jada sobera luzatzen ari naiz. Baina uste dut urrats handia eginen genukeela lasaitasunez hitz egingo bagenu horietaz. Halako transzendentziarik gabe, baina dauzkagula onartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.