Nora Arbelbide Lete.
ANALISIA

Mikrofonoak itzaltzean

2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Zuri ez zaizu inoiz horrelakorik gertatu?». Kazetaria kazetariari galdezka. Kolektibo baten bila. Intuizioz sentitzen diren horiei hitzak jartzeko.

Horrelakorik, hau da, eraso gisa senti daitekeen gertakari bat, emaztea izateagatik. Hasieran, ezetz ihardesten du kazetari emazteak. Akuilatu, eta pentsatzen hasi, eta baietz, agian izan dela zerbait. Baina ez duela ongi gogoan atxikia, hainbeste dira. Eta dena dela ez dela hain larria izan.

Gure lan eremuan gertatzen dira, baina eguneroko bizian ere gertatzen diren bezala, emazte garen puntutik. Gizartea dagoen bezalakoa delako. Klase sozial guztietan, lanbide guztietan, jazarpenik gabeko eremurik ez delako. Handitu gara arazoa integratuz. Zergatik azpimarratu, txiokatu. #MeToo, #Nierebai edo #balancetonporc (salatu zure zerria). Txio bat. Laburra. Eta, aldi berean, agian batzuentzat gehiegi ere bai. Salatzekoa ez delako hain salagarri ere agian, edo salatzekotan mundu guztiak balukeela zerbait salatzeko... jende gehiegi litzatekeela. Eta kritikak entzuteko prest izan behar. Esajerazioa. Errazegia dela. Bigarren Mundu Gerrako juduak salatzen zituztenen pare jarria.

Zurrunbilo horren erdian txio txiki bat izan zen nirea. Gizon batek jasanarazi gehiegikeria 140 karakteretan laburbiltzeko ahalegina. Gizona izendatuz. Agian Florence Darel aktoreak Harvey Weinsteinen erasoen salatzeko egin lekukotasunak hunkiturik. Elkartasun sare bat egin behar zela zioelako, biktimak babesteko: «beti izanen zara zerbaitengatik hobendun», mintzatzen bazara ala ez. Giro orokor hori salatzeko, justuki. Idatzi nuen, beste batzuei kuraia emateko anbizioarekin. Segur bainaiz ez naizela bakarra. Ezagutua baita «pisua» izateagatik. Eufemismo bat, itzal zabala gorde dezakeena. Baina ez dira iritsi beste txioak. Nihaurrena kendua dut geroztik. Difamazio arriskuagatik. Arrisku gehiago nik, hark baino. Adierazgarria.

Hori bai, babes zabala jaso dut ingurukoengandik. Nire lekukotasunaren bila jin diren kazetarien partetik ere bai. Mikroa itzali, eta izan solasak are interesgarriagoak izan dira.

Ikasten ari garelako. Eskertzen da euskal kazetari emazteon arteko eragingune bat sortu izana, adibidez. Eskertzekoa da Gabiltza emakume adituen biltoki digitala. Elkarrizketatzen diren adituak ez daitezen beti gizonak izan. BERRIAko estilo liburuan ere bada nondik zer ikasi. Eskertzekoa daPrenons la Une ere, Parisen (Titularrak guregana ditzagun). Horiek ere gogoetarako giltza emaile dira. Adibidez, «pasiozko krimena» edo «familia drama» saihesteko gonbidapena egiten diete kazetariei. Horrek gogora ekarri dit 2009ko Irisarriko (Baxenabarre) hilketa. «Familia drama» aipatu zuen Baionako prokuradoreordeak. Bikotekideak bi emazte hil zituelarik. Emaztea eta amaginarreba. Indarkeria matxista. Baina kazetari gehienek «familia drama» aipatu zuten.

Dena lotua baita, azkenean.Isiltasuna haustea baino urrunago doa guztia. Emazteak uste baino gehiago mintzo dira, hasteko. Entzutea da kontua. Lanean jazarpena salatzen dutenen %95ek lana galtzen dute. Nola entzun. Nola babestu. Hori ere kazetarien lanetako bat. Inkestak egin. Weinsteinena horrela da atera. Denis Baupin Frantziako politikariaren erasoena ere bai. Gehiago dena, politikarien partetik jasaten duten sexismoaz Parisko kazetari emazteek idatzi manifestuak mintzatzeko kuraia eman ziela. Hori erran izan zuten erasoak salatu zituzten batzuek. Kazetaritza lana ere BERRIAko Maite Asensio Lozanok egin lekukotasun bilketa, Sortuk eta Donostiako Piratek militante ezagun bat egotzi eta, «emakumeen kontrako abusu praktika bategatik».

Sexu jazarpena egiteaz lau andrek Jean Lasalle diputatua akusatzeak ez du nehor harritu hemen —hor ere kazetari baten lana izan da—. Hainbesteraino, non ez zitzaion gehiago kasu egiten. Baina, alta, kasu egin behar. Ez baita bakarra. Kazetarien artean ukan solasetan aipatu da ez dela gehiago pasatzen utzi behar. Edozein botere gunetako ordezkari batek lekuz kanpoko ohar-eraso bat egiten duenean, boteari errefera ematea. Kolektiboki. Behingoz ahalkea lekuz aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.