ITOLARRIAN, ARNASA BILA

Aste Santuaren atarian, turismo sektorea akituta dago. Landetxeak urritik itxita izan dira, eta, orain erreserbak izan arren, neurrien gogortze oro berehala nabaritzen dute. Hotelen okupazioa apala da, eta kinka larrian dira asko. Turismo enpresek urtebete daramate diru sarrerarik gabe.

Bilbo. Diego Lopez de Haro hotela zabalik dago egunotan. J. FONTANEDA / FOKU.
joxerra senar
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Normalean, Aste Santua bolada oparo baten sinonimo da Euskal Herriko turismo sektorearentzat, baina egungo egoerak gutxi du normaltasunetik. Sektorea akituta dago, itolarrian, erresilientzia ariketa gordina egiten. Profesionalen iritzia adituta, etsipena eta ezinegona da nagusi. Izan ere, negozio batzuek ateak itxita jarraitzen dute; besteek, irekita egon arren, pandemiaren ondorioz hartu behar izan diren neurriek baldintzatuta jarraitzen dute, diru sarrera apalekin. Bada itxaropenerako eta baikortasunerako tarterik, baina errealitate ekonomiko beltzari etorkizun ziurgabea gehitzen zaio. Osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka zaila ia ezinezko bihurtzen da euren kasuan. Aste Santuaren atarian, zenbaitek arnasa apur bat hartzeko aukera izango dute. Besteentzat, ez da ezer aldatuko. Atzean, antzematen da krisiaren erpina baino ez dela ikusten oraintxe bertan. Iraupen luzeko karrera honetan batzuek ez dute iraungo.

LANDETXEAK
Orain hasi dira lanean, baina egoera oso delikatua da


Urritik martxora, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeak itxita egon dira, jarduerarik gabe. Egoera martxoaren 5ean aldatu zen Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak (Labi) baimendu egin zuenean hiru lurraldeetako herrien artean mugitu zitekeela. «Hilabete asko eman ditugu jarduerarik gabe, eta mugitzeko aukera eman zuten momentuan bertan hasi ginen erreserbak jasotzen eta lan egiten», azpimarratu du Idoia Ezkurdiak, hiru lurraldeetako landetxeak biltzen dituen Nekatur elkarteko eledunak. Martxoaren 19ko zubian, landetxeen %49 zegoen erreserbatuta eta Aste Santurako %84, aste honen erdialdera. «Datu onak dira, 2019an %87ko okupazioa izan baikenuen».

Ziztu bizian alda daiteke dena berriro, ordea. Kutsatze kopurua gorantz doa azkar, eta ostegunean Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Labi biltzeko beharra adieraztearekin batera kezka agertu zuen Ezkurdiak: «Edozein aldaketak izugarrizko kaltea izango luke». Ezkurdia beldur zen lurraldeko itxiera ezarriko ote zen, orain arteko erreserbetan beste lurraldeetan bizi diren bezero ugari baitituzte. Ostiralean Labik ezarritako neurriak ez dira puntu horretaraino heldu, eta salbuespenak ezarri dira aurretik erreserbak ezarri dituztenentzat. Ikusteko dago, dena den, datozen egunetan zer ondorio izango duen.

Azken orduetan gertatutakoak egoeraren hauskorra adierazten du. Aldakortasun handi horretan mugitzera kondenatuta dago sektorea. Nekaturrek aukera ematen die bezeroei erreserba atzera botatzeko edo eperik gabeko txeke baten truke aldatzeko. Kalte ekonomikoari gehitu behar zaio arazo horri aurre egin beharrak kudeaketan eragiten duen lana: «Bezero bakoitzari aurreratutako dirua itzuli egin behar zaio, eta hori guztia kudeatu behar da».

Nafarroan, egoera antzekoa da, baina perspektiba okerragoa da. «Martxoko azken zubian oso gaizki joan zen dena, eta Aste Santuko eskaria oso ahula da, kaskarra. Bilkurak elkarbizitza unitate batera mugatzeak eskaria baldintzatu du. Etxe handi guztiak eta zortzi pertsonatik gorako tokia dutenak hutsik daude, eta okupatuak diren bakarrak dira etxe txikiak eta gelak alokatzen dituzten landetxeak eta apartamentuak», zehaztu du Beatriz Huartek, Nafarroako Nekazaritza Turismoaren Federazioko idazkariak. Nafarroa itxita dago, eta soilik nafarrak izan daitezkeenez bezero, erreserbatan nabaritu egin da.

Huarteren arabera, Aste Santura begira batez beste landetxeen %30 daude okupatuta eta eskualderen batean, «gehienez»%50. «Egun berean Nafarroa hegoaldetik iparraldera zeharkatu dezakegu, eta gehienek nahiago dute gaua etxean pasatu. Hala ere, batzuetan eskertzen da egunerokotik eta pandemiatik ateratzea, eta lau egun pasatzea landa eremuan».

Hego Euskal Herriko landetxeek hilabete zailak utzi dituzte atzean. Udan, bederen, lan egin ahal izan zuten, «normaltasunetik urrun bada ere», Idoia Ezkurdiaren arabera. Haatik, irail amaieran bigarren olatuak indarra hartu eta neurriak ezartzearekin batera, itxi egin zituzten ateak berriro. «Urritik lan egin gabe gaude. Udazkena sasoi ona izan ohi da guretzat Nafarroan. Eskaintza handia izan ohi dugu, baina iaz olatu bortitza izan genuen, eta erreserba guztiak bertan behera geratu ziren», adierazi du Beatriz Huartek. Horrek eragina izan du kontuetan: «2020an fakturazioan %80ko beherakada izan genuen, eta aurten, martxoaren erdira arte lanik gabe egon gara», aipatu du Ezkurdiak.

Herritarren irteteko premia abantaila gisa erabil dezakete aurrerantzean, baina ez dira ausartu luzarora begiratzera. Euren desioa baino ez dute azaldu: «Gure itxaropena da ea noiz ahaztu dezakegun Nafarroako itxiera, ea noiz etor daitezkeen bizilagunak edo gu haiengana joan. Baina laugarren olatu baten mehatxuak itxaropena galtzea dakar», aitortu du Huartek. «Oso konplikatua da planak egitea», gaineratu du Ezkurdiak: «Nahiko genuke txertaketa azkarrago joatea, osasun egoera kontrolatuago batean egoteko; eta, nahiko genuke erkidegotako mugikortasuna altxatzea ere, eta aurrerago atzerrira begirakoa», azpimarratu du Ezkurdiak.

HOTELAK
Bizirik irautea, helburu


Are ezkorrago ikusten du datorrena Alvaro Diaz Ilunion hoteleko arduradunak eta Destino Bilbao hotelen elkarteko bozeramaileak. Bilbon, udaberriko sasoia hasi berri, prezioak duela bi urtekoak baino %50 beherago daude; eta, hala ere, iragan asteburuko zubian okupazioak ez du gainditu oheen %30. «Aste Santua antzera edo okerrago izango da. Mugikortasuna hain dago mugatuta, benetan ez dugula uste aldaketa handirik egongo denik».

Bizkaiko hiriburuko hotelen erdiak itxita egon dira udazkenean eta neguan, eta gainerakoek «bizirik irauteko» egon dira irekirik, batik bat lan kontuengatik zetozen bezeroak hartuz. Urtarrilean eta otsailean %20 inguruko okupazioa izan dute. Martxoan, mugikortasun neurriak kendu ahala apurka ateak zabaltzen hasi dira, Diazen arabera. «Orain hotelen %60 baino gehiago daude irekita. Lehen pobrezia zena orain ere pobrezia da. Erkidegoko probintziak irekita ere, ez da nahikoa, eskaintza handitu egin delako. Azken batean, jendeak atera egin nahi du, baina uneotan Bilbokoen moduko hiri hotelak ez dira egokitzen behar horietara».

Konfinamendua ezarri zenetik urtebetera, hotelak indarge daudela onartu du Diazek:«Etxe bakoitzaren egoera diferentea da, baina hainbat erori egin dira. Badakigu ez direla altxatuko. Ez dute irteerarik. Hotel kate batzuk salgai daude; beste batzuk, erabateko kiebran, mugitzeko aukerarik gabe. Beste batzuek erreskatea behar dute, baina kopuru handitan, eta beste hainbatek aurrerantz egin dezakete, baina noiz arte?». Salmentan diren hotel kateek irtenbide zaila dutela uste du: «Lasterketako auto bat oihan baten erdian izatea bezala da. Auto bikaina, bai, baina oihanean deus gutxi balio du».

Eusko Jaurlaritzak bertan egoitza duten enpresentzat iragarritako laguntzek ez dutela arazoa estaliko argi utzi nahi izan du Diazek: «Laguntzak gehienez 20.000 eurokoak izango direla iragarri dute, eta 200 gela dituen gurearen moduko hotel batentzat ondasun higiezinen zerga ordaintzeko ere ez da heltzen. Ulertzen dut laguntzek muga bat dutela, baina inork ez dezala pentsa ere zerbaiterako balioko dutela».

Nafarroan, Iruñeko Alde Zaharreko Maissonave hoteleko gerente Leire Alemanek ikuspegi baikorragoarekin begiratzen dio egoera zailari. Bigarren olatuak gogor jo zuen Nafarroa, eta gobernuak urriaren 22an lurraldea itxi egin zuen. Hala jarraitzen du ordutik, baina Maissonave hotelak irauteko «leiho bat irekia» aurkitu du. «Azarotik aurrera, Nafarroako jendearentzat eskaintzak egin ditugu. Ihes gela bat dugu hotelean, eta erakarpen horrekin geratzen dira lo egiten eta afaltzen. Horrelako gauzekin ari gara lanean». Era berean, turistarik ez da iristen, baina bai lanera Iruñera datorren jendea. «Gurekin urte askoz lan egin duten enpresetako langileak dira, eta oso gogorra egiten zitzaigun ixtea eta haiek beste toki batera eramatea».

Bide bat topatu dute horrela, baina, Leire Alemanen arabera, ez da erraza izan. Iaz, 2019arekin alderatuta, fakturazioa %80 erori zen. Egunero 146 geletatik 26 inguru okupatuta izatea lortu dute azken hilabeteetan, eta horrek zein aurretik finantza egoera on batean egoteak ahalbidetu egin die irekita jarraitzea. Nafarroako Gobernuak emandako laguntzek ere lagundu dute.

Baikor dago etorkizunari begira. «Jendeak sekulako gogoa du bidaiatzeko eta ateratzeko. Osasun egoera larria da, eta ikusi beharko dugu nola jarraitzen duen txertaketak, baina espero dut udarako egoera aldatuko dela». Ez da iritzi berekoa Alvaro Diaz. Haren ustez, ziurgabetasun handia dago, eta hori «hondamendia da» sektorearentzat.

Ipar Euskal Herrian, egoera are beltzagoa da sektorearentzat, urritik itxita baitira hotelak eta ostatuak. Horrekin batera, ostalaritzak itxita jarraitzen du, eta etxerako zerbitzua eskaintzen duten tokiek baino ezin dute lan egin. Horrek ez die laguntzen, baina apurka hotel bakan batzuek ateak irekitzea deliberatu dute. Adibidez, hala egin du Hazparnen (Lapurdi), Relais Les Tilleuls hotelaren jabeak, Helene Labatek: «Duela gutxi ireki dugu, baina ez dago bezerorik, ez baita oporraldirik». Aste Santuan ez da jaiegunik izango. Iparraldean zein Frantzian, udaberrian eskoletan bi asteko opor egunak izan ohi dituzte, eta Akitania Berriaren kasuan apirilaren 10etik 26ra iraungo du, baina Labatek itxaropen gehiago du jarria udara begira: «Espero dut uztailerako neurriak arintzea, ostalaritza irekita izatea eta uda on bat izatea».

Larzabalen (Nafarroa Beherea), Espeletta hotelak bost hilabete daramatza itxita, eta Peio Bidauri jabeak ez daki zenbat denbora emango duten horrela: «Momentu honetan ez dakigu deus». Etorkizuna ere kezkaz begiratzen du Bidaurik, zer etorriko den antzeman ezinik. Asteazkenean, Akitania Berriko prefetak, Fabienne Bucciok, eskualde osoko turismoarentzako 1.600 milioi euroko laguntza plana iragarri zuen. Otsailaren amaiera arte 471 milioi euro banatu dira ostatuetan, 390 milioi euro ostalaritzan eta 760 milioi kontsumo sektorean. «Momentuz, laguntzak eman dira, baina ez da aski bizitzeko. Behar dugu egun batez hasi lanean ere», dio Bidaurik. Itxaropena du maiatzean izango ote den. «Kasu. Beti iduri hala izango dela, baina ez dakit».

TURISMO AGENTZIAK
Lan egin ezinik, egoera noiz aldatuko zain, eusten


Euskal Herrian zehar, beste toki batzuetatik etortzen diren turistekin lan egiten duten agentziek, berriz, urtebete daramate itxita. Enpresok hainbat elkartetan bilduta daude. Horietako bat da Asoarte, eta haren bazkideak lan egin ezinik daudela baieztatu du Garbiñe Naveran Bilbao Paso a Paso agentziako arduradunak: «Urtebete daramagu diru sarrerarik gabe. Ezin dugu lan egin. Euskadi itxita dago, mugak itxita, ezin da inor etorri. Baliabide ugari ere itxita daude, eta ezin dugu ezer eskaini. Bertoko jendeak ere ez gaitu ezagutzen; akaso gure erruz. Ez dago talderik antolatzerik, eta bisita bat izango banu ere, ezin duzu afari bat antolatu. Ezin duzu ezer egin. Konplikatua da».

Egoera berean dago Valen Ormazabal Goazen Bidaiak agentziako arduraduna. Nafarroan, Anartu elkartea osatu zuten 2017an, eta, egun ezer egin ezinik daude: «Iazko martxoaren 14an dena itxi zenetik ez dugu batere lan egin. Udan, zertxobait, baina gainera iazko konfinamenduagatik erreserben dirua itzuli behar izan genuen, eta 2020ko urtarrilaren 1etik ez dugu ezer fakturatu. Ezer ere ez», kexu da Ormazabal.

Bitartean, gastuei aurre egiten jarraitu behar dutela azpimarratu dute Navaranek zein Ormazabalek. Bilbao Paso a Pasok lau langile ditu oraintxe bertan aldi baterako lan erregulazioko espedientean, baina beste gastu finkoei ere aurre egin behar diela dio Naveranek. Eusko Jaurlaritzak laguntzak iragarri ditu: «Oraingoz, baina, ez dugu albisterik. Ulertzen dut tramiteak denbora behar duela, baina tramitazioa azkartzea eskatuko nuke, airerik gabe geratuko garelako bestela».

Ormazabalen arabera, iazkoa gogorra izan zen, baina aurtengoa «are okerrago» ikusten du, udako perspektiba «tristea» baita. «Gurean, jarduerari ekitea ez da berehalakoa, ez duzu lan egiten lehen egunetik. Berriz hastea kostatu egiten da. Itxaropena dut egoera konponduz joan ahala, jendeak egingo duen lehen gauza bidaiatzea izango dela, baina kostatu egingo da. Orain ez dugu datarik, zertarako hasi gauzak prestatzen? Udarako izan zitekeen, baina kutsatzeak ugaritzen hasten badira... Faktore askoren menpe gaude». Argi du sektorean eragile askok ateak betiko itxiko dituztela: «Ez dago honi eutsiko dion ekonomiarik».

BIDAIA AGENTZIAK
Merkatua, «erabat blokeatuta»


Kanpotik ia ez dator turistarik, eta euskal herritarrek ere ez dute bidaiatzen. Egoerak «bete-betean» eragin die bidaia agentziei, Miguel Rodriguez Viajes Iruñako arduradunaren hitzetan. Agentzia batzuk itxita daude, eta uste du ez dutela irekiko. «Ezin da errealitate honetara egokitu. Berdin du maskara ondo eramatea edo autobusa ondo aireztatua izatea. Itxiera perimetrala ezarri da, eta turismoagatik herrialde askotara joateko debekua dago. Legedia hori beste edozein berrikuntzaren gainetik dago. Horregatik, merkatua erabat blokeatuta dago, gutxienekotan».

Agentziak irekita daude, ordea. Batik bat, lan kontuengatik edo arrazoi pertsonalengatik bidaiatzea egokitu zaien pertsonen hegaldiak prestatzen dituzte. Rodriguezen arabera, aholkularitza profesional hori orain «funtsezkoa» da, herrialde bakoitzean araudiak egunero aldatu daitezkeelako, eta, aldaketak jakin ezean, ezuste desatseginekin topa daitekeelako bidaiaria: «Noaingo aireportura jo besterik ez dago. Egunero, atzera botatzen dute jendea paper bat falta zaiolako edo PCRa ez duelako behar denean egin. Agentzia batean tiketa erosi dutenek ez dute arazorik, informazioa eman diegulako».

Rodriguezen hitzetan, ziurgabetasun hori kudeatu behar izatea «etsigarria» gerta daiteke batzuetan, baina ziur dago luzarora begira, eustea lortuz gero, garai onak itzuliko direla: «Bidaiatzeko modua diferentea izango da, jendeak desberdin bidaiatuko du, eta honek guztiak lorratza utziko du. Jendeak segurtasuna eskatuko du. Baina urakanaren ostean, sektorea suspertuko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.