Albistea entzun

ZUZENDARIEN GALEUSCA

Zatoz bihar, edo hogei egun barru

Maria Obelleiro - 'Nòs Diario'-ko zuzendaria

2023ko urtarrilak 22

Martxelo, Vicent, Galiziako osasun publikoaren egoera jasanezina da, batez ere lehen mailako arretan. Azken hamarkadan Alderdi Popularrak ezarritako eraiste estrategiak bere helburua bete du. Osasun zentro batzuk beste batzuk baino okerrago daude. Nirea, Pontevedra-Salneskoa, langile faltarik handiena dutenetako bat da. Hain da handia gabezia, ezen etengabeko arretako osasun etxe batzuetan medikua ere ez dagoen egun batzuetan, hala nola Pontevedran, Baltarren, Sanxenxon eta Groven.

Imajinatu egoera: deitu edo ordua eskatu zure familiako medikuarekin, eta esaten dizute 15-20 egun pasatu arte ez dela posible. Gaizki zaude, eta EAG etengabeko arreta gune batera joatea erabakitzen duzu. Hara iritsi, eta... ez dago medikurik. Egoera hain da larria, ezen erizainek, lanak itota, argazkiak bidaltzen dizkieten beste EAG batzuetako medikuei, antibiotiko bat errezetatu ala ez esan diezaieten. Telemedikuntzarekin nahikoa ez, eta fotomedikuntza daukagu orain.

Alderdi Popularrak betiko argudioak ematen ditu, eta estatuko gobernuari eta ordezkatze tasari egozten die errua, baina kontua da barruko mediku egoiliarren lanpostuetarako azken deialdian ez zituela eman bete zitzakeen espezialista lanpostu guztiak. Kolapsoa hain begi bistakoa den honetan, alderdi horrek behin eta berriz esan du ez dagoela medikurik, baina osasun pribatuan ez dira falta medikuak, eta gero eta gehiagok jotzen dute horretara, osasun publikoan dagoen zerbitzu faltagatik aseguru asko sinatu baitira.

Prekaritatea da sektoreak salatzen duen arazo nagusia: behin-behinekotasuna, egun baterako edo aste batzuetarako kontratuak, lantokiz aldatu beharra... Eta Galiziako Xuntak osasun publikoan egiten duen inbertsioak hori guztia baldintzatzen du. Beharbada ez duzue jakingo, baina Galizia da lehen mailako arretan gutxien inbertitzen duen erkidegoa, Madrilen atzetik, eta denok dakigu nola dagoen osasuna Espainiako hiriburuan. Izan ere, Xuntak estatuko batezbestekoa baino %2,3 gutxiago inbertitzen du osasun publikoan, Osasun Ministerioaren Osasun Gastuaren Inkestaren arabera. Are, lehen mailako arretak 2009an baino 47 milioi euro gutxiago ditu. Baita langile gutxiago ere.

Zehatz-mehatz planifikatu eta aurrera eramandako eraiste horrek arazoak ekarriko dizkio Galiziako presidenteari: lehenengoa, otsailaren 12an Santiago de Compostelan egingo den manifestazio nazionala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.