Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Zer Galizia utziko digun Feijook

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Datozen asteetan, Alberto Nuñez Feijook ofizialki utziko du Galiziako Xunta. Oraintxe, lanaldi laburtuan ari den presidente bat da, Alderdi Popularrak estatuan duen jarduna kudeatzera emana. Egia esan, bere agintaldian bertan ere ez du askorik egin galiziarren bizimodua hobetzeko. Hainbesteraino egin dio ez ikusiarena bere gobernuburu eginkizunari, ezen hamahiru urtean ez baitu eskumen bakar bat ere eskatu Galiziarentzat; are, uko egin zion Xuntak eta Espainiako Gobernuak 2008an adostutako eskumenak tramitatzen segitzeari. Urte hartantxe eskualdatu zen azkenekoz eskumenen bat, Anxo Quintana presidenteorde ohiak eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak bederatzi eskumen transferitzea hitzartu zutenean.

Feijooren hamahiru urteko gobernualdian, desberdinkeriak 1,5 puntu egin du gora, eta erosahalmenak, berriz, %6,9 behera. Gainera, pentsiorik apalenak kobratzen dituzten herritarrak %35 ugaritu dira; hain justu ere, 400.000 pentsiodun baino gehiago pobre bizi dira, eta horien %22, pobrezia larrian. Hala erakusten dute Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Europako Sarearen eta Galiziako Estatistika Institutuaren datuek.

Galizierari dagokionez, 15 urtetik beherako biztanleen %23,9k ez dakite berezko hizkuntza, Estatistika Institutu Nazionalak dioenez. Eta hori Feijook onartutako lehen dekretuaren ondorio da: eleaniztasunaren dekretuarena. Izan ere, dekretu haren bidez ikasgaiak galizieraz ematea debekatu zuen, non-eta Galiziako berezko hizkuntzaren murgiltze eredurik ez duen hezkuntza sistema batean.

Feijook alde egingo duen honetan, 73.500 gazte gutxiago daude Galizian, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren arabera: etorkizun hobe baten bila emigratu behar izan dute. Lanaren esparruan, 2013tik hona autonomoen 23.200 lanpostu baino gehiago galdu dira, eta industriako soldatapekoen 33.500 enplegu baino gehiago. Eta nekazaritzaren sektorean ia 16.000 behi ustiategi itxi dituzte.

Zor publikoari erreparatzen badiogu, berriz, hutsean geratzen da Feijooren «kudeatzaile onaren» fama ere: azken hamahiru urteetan, 7.760 milioi egin du gora zorrak. Eta horrela zorpetzeak, gainera, ez du balio izan zerbitzu publikoak sendotzeko. Osasun arloan bakarrik, lehen arretak 74,8 milioiren inbertsio gutxiago ditu orain 2009an baino.

Horra hor, labur-labur esanda, Feijook zer Galizia utziko digun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.