Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Zentsurei eta isiltasunei buruz

2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, aste honetan kazetaritzari buruz idatziko dizuet; izan ere, ospatzekoak gara Sermos Galiza argitalpenak 500 zenbaki argitaratuak dituela. Prentsa Askatasunaren Eguna gogorarazten den astean egokitu da, maiatzaren 3an antolatzen baita egun hori urtero. Jardunaldi horretan bertan, Xuntako Hedabideen saileko jarduneko idazkariak —Feijooren eskuin eskua da, eta harekin batera joatekoa Madrilera— adierazi zuen Galiziako Gobernuak kazetaritza enpresentzako laguntza sail handienetik kanpo utzi duela, bigarren urtez jarraian, Nòs Diario egunkaria.

Dirudienez, ez gara egunkari bat, nahiz eta deialdian ez den termino hori definitzen, eta nahiz eta OJD Banaketa Egiaztatzeko Bulegoak egunkaritzat jotzen duen astean lau egunean edo gehiagotan argitaratzen den edozein periodiko. Ez dut halabeharrez aipatu OJD, baizik eta oinarri arautzaileek behartu egin dituztelako argitalpen guztiak EGM Komunikabideen Azterketa Orokorraren txostenean edo OJDrenean sartuta egotera.

Hizpidera ekarri dudan laguntza sail horrek helburu bat du: «Akuilatzea Galiziaren nortasunaren defentsa, haren balioak sustatzea, haren hizkuntza normalizatzea eta haren kultura defendatzea». Gainera, laguntza horiek eskuratzeko, ezinbestekoa da hizkuntza propioan ematea informazio guztiaren %10 «gutxienez», eta konpromisoa izatea «betiere galegoa erabiltzeko, edo mailaka gero eta gehiago erabiltzeko». Nòs Diario-k deialdiko eskakizun guztiak betetzen ditu eta galegoz diharduen paperezko egunkari bakarra da, baina laguntza horietatik kanpo utzi dute; galegoa oso aldi bakanetan darabilten egunkariak —azalean, urtean behin bakarrik, Letra Galegoen Egunean—, Alderdi Popularraren hurbilekoenak, horiexek dira onuradunik handienak.

Gauzak horrela daudela egin zen, Kultura Galegoaren Kontseiluan, Censuras y silencios nos medios de comunicación jardunaldia (Zentsurak eta isiltasunak hedabideetan), eta zera azaldu genuen: nola ez da egongo zentsurarik eta isiltasunik, klientelismo ugari ere bai, gobernuak lotsagarriro saritzen badu bera babesten duena, eta argiro zigortzen bera ikuskatzen duena? Feijoo Xuntaren buru izan zen garaian, ahoa tapatu zitzaien PPren interesen kontra ziharduten hedabide guztiei. Jokorik zikinenak ere balio izan zuen kritikak itzaltzen ahalegintzeko. Ruedak, zeina presidente izendatuko baitute datorren astean, agindu du segida emango diola aurrekoari; ez dakigu kazetaritza enpresentzako laguntza politikei buruz ere ari ote zen. Laguntza publikoak bai, baina arautuak eta gardenak denentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.