Albistea entzun

ZUZENDARIEN GALEUSCA

«Bai astuna eta bai kirasduna!»

Maria Obelleiro - 'Nòs Diario'-ko zuzendaria

2023ko otsailak 12

Maileguan harturik dakart gaurko titulura Castelaoren ideia hura: emakume bat, bizkarrean hilkutxa bat zekarrena, lex hitza agerian, eta haren azpian esaldi bat, justiziari buruzkoa: «Bai astuna eta bai kirastuna». Eta Auzitegi Gorenak hartu berri duen erabakia dela-eta ekarri dut esaldia, men egin baitie patronalaren eta Espainiako CCOO eta UGT sindikatuen presioei, Ence zelulosa fabrika Pontevedrako itsasadarrean iraunarazteko, Auzitegi Nazionalak aurrez emandako beste bi sententziari kontra eginik.

Sortzez Pontevedra ingurukoak garenok ondotxo dakigu nolako kiratsa darion fabrika horri; 1958az geroztik dago hango itsasadarrean, Francok —epe jakinik ezarri gabe— emandako kontzesio bati esker. Epe jakinik ez zuenez, 30 urterako emandakotzat jo zuten, 1988ko Kosta Legea indarrean sartu zenez geroztik; 2018an zegokion, beraz, itsasadarretik beste norabait aldatzea. Rajoyren jarduneko gobernuak enpresaren alde egin nahi izan zuen, eta 2073ra arte luzatu zion han egoteko baimena. Luzapen hori iruzur erabatekoa izan zen: enpresa hori pribatitzatzeko prozesua bururatzeko, Caixa Galiciak, Banco Zaragozanok eta Bankinterrek 230 milioi ordaindu zizkioten estatuari 2001ean, baina kalkulaturik kontzesioa 2018an bukatuko zela, eta ez 2073an. Alegia, gaur-gaurkoz, Encek doan darabil itsas- lehorretako eremu bat.

Auzitegi Gorenak porrokatu egin zituen Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia eta Estatuaren Abokatutzaren irizpidea: haien arabera —Kosta Legean jasota dagoenez—, itsas-lehorretako eremu bat okupatzeko, nahitaezkoa da dena delako jarduera hori halako inguru batean egitekoa izatea ezinbestean. Encek, ordea, modua izango luke beste kokalekuren batean gauzatzeko bere jarduera.

Hori guztiori hobeto ulertzeko, esan dezagun PPk baduela loturarik Encerekin, enpresa horretako Administrazio Kontseiluan jardundakoak baitira, besteak beste, Isabel Tocino, Aznarren garaian Ingurumen ministro izandakoa, eta Carlos del Alamo, Fragaren garaian Ingurumen kontseilari izandakoa. Halaber, gogora ekar dezagun harako irudi hura: Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak Feijoo sutsuki besarkatu zuenekoa, 2009an Feijook Xuntako presidente kargua hartu zuenean. Feijoo gizon irribarretsu bati begira zegoen: Arregiri begira, Enceko presidente ohoragarri eta lehenbiziko akzioduna bera, eta Iberdrolako presidenteordea izandakoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...