martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Hizkuntza txikien patua

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Birusak denok berdin jotzen gaitu, ez ditu bereizten mugak, herrialdeak, hizkuntzak...», askotan entzun dugu egunotan esaldi hori jarrera uniformatzailea erakutsi duten Espainiako agintari zentralisten ahotan. Begi-bistakoa da koronabirusak ez dakiela non dauden mugak, baina aurrekoa bezain irmo esan dezakegu mugek—haiek maneiatzen dituztenek, zehatzago esanda— badakitela non dagoen gaitza. Ikusi besterik ez dago Europako estatuak hartzen ari diren neurri desberdinak. Zergatik? Denok Europa bagara, eta mugak aspaldi «ezabatuta» baziren? Hurrengoan kontu gehiagorekin esan beharko digute jakobinoek zergatik tematzen garen mugekin.

Krisi honen ondoren nola geratuko garen galdetzen diogu etengabe geure buruari; bakoitza bere talaiatik, bere sektoretik alegia: ekonomia, irakaskuntza, giza harremanak, kultura...

Aurreko krisietan ere gertatu ohi denez gero, egitura sendoa daukaten sektoreak hobeto eta azkarrago aterako dira egoera txar honetatik. Kultura ez da sektore sendoa, ezta hizkuntza handien kasuan ere; atera kontu, beraz, zer gerta litekeen gurea bezalako hizkuntzen egiten den kulturarekin.

Mundu guztiak bere sektorearentzako diru publikoa eskatuko duen garaiak datoz, eta, erakunde publikoak lehentasunak zehazten hasiko direnez, komeni da sendotasunez eramatea eskakizuna erabakiak hartuko diren mahaira. Askotan entzungo dugulako hurrengo hilabeteotan krisi honetara ahul sartu zirenak ezin direla krisi honetatik ahulago atera.

Beste sektoreek egingo dute; presiobideak ondo ezagutzen dituzte, eta bozgorailuak ez zaizkie faltako, ezta pribilegiozko harreman sareak ere.

Oraingo honetan ere ezin dugu atzean geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.