Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Demokrata dena bakezalea da

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Bakezaletasuna da edozein alternatiba demokratikoren bizkarrezurra XIX. mendeaz geroztik. Hain zuzen ere, horixe hartu zuten banderatzat pertsonen eta herrien arteko berdintasuna aldeztu zutenek udaberri europarraz geroztik, zeina 1846ko apiril hartan hasi baitzen Galizian. Ez da kasualitatea herriak mendean hartu zituzten haiek, kulturak suntsitu zituztenek, nazioak elkarren kontra jarrarazi zituztenek eta pertsonak esplotatu zituzten haiek indarkeria hautatzea borrokarako baliabide gisa eta terrorea baliatzea aurkarien kontrako jardunbide gisa.

Tradizio politiko progresistek bakea hartu izan dute betidanik beren programa alternatiboko ardatz nagusitzat. Galizian bertan, nahikoa da Alderdi Galegistaren printzipioen adierazpenari erreparatzea —Daniel Castelaok eta Alexandre Bovedak sortu eta zuzendu zuten alderdi hura— eta ikustea beren proposamen politikoaren ardatz gidaritzat zeuzkala bai «autodeterminazio politikoa» eta bai «antiinperialismoa, federalismo nazioartekoa eta bakezaletasuna».

Castelaok, hiru gerraren artean bizi izan baitzen, zalantza izpirik ez zuen izan, batetik, bere burua bakezaletzat deklaratzeko, eta, bestetik, «militarismoa» kontsideratzeko, klerikalismoarekin eta kapitalismoarekin batean, «Espainia suntsitzen ari ziren hiru izurrietako bat». Eta horretan segitzen dugu, iritzi politikoaren parte handi batek gerraren alde egiten baitu Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkarako konponbide gisa, bai eta armamentua bidaltzearen alde ere, gasolinaz amatatzearren oso aspaldikoa den sute bat.

Asteotan gerrari buruz egin diren inkesten arabera, kanariarrak, katalanak, galiziarrak eta euskaldunak dira Europa ekialdean konponbide militarra baliatzearen aurkakoenak. Hain zuzen ere, Electomaniak landutako iritzi azterketa batean nabarmendu dutenez, lau herri horietan gehiengo handi batek errefusatu egingo luke Espainiako armadan izena ematea herrialderen batek Espainiako Estatuari eraso eginez gero.

Vicent, Martxelo, argazkia berbera da behin eta berriro. Iragan aldietan monarkia alde handiz errefusatu zuten herritar horiek berek, Voxi proportzioan askoz ere boto gutxiago eman zioten herritar horiek berek, Eliza katolikoari bere hartan eusten laguntzearen kontra gehien egin zuten horiexek eta abortu eskubidearen aldekoen agertu zirenek berek eusten diote irmo gaur egun oraindik ere bakezaletasunaren banderari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.