Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hizkuntzak eta demokrazia

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Asteartean, moderatzaile aritu nintzen Galiziar Kulturaren Kontseiluak antolatutako mahai inguru batean. BBCn galizierazko emanaldiak hasi zireneko 75. urteurrena oroitzeko saio bat izan zen. Nazionalistek bultzatu zuten ekinaldi hura, eta, hari esker, 1947tik 1956ra ahotsa eman zitzaion galiziar kulturari erbestetik, hala bat eginez gure hizkuntzarentzako beste esparru sozial batzuk eskuratzeko borondatearekin.

Ez zen izan galizierazko lehen irrati emanaldia, aurretik dozenaka programa izan baitziren errepublikaren garaian, baina bide eman zien erbestetik iritsitako proposamen berri batzuei. Hor dago, adibidez, Siempre en Galicia programa, Uruguain, herrialde hartako talde galegistak sustatua eta Galiziar Kulturaren Montevideoko Patronatuak diruztatua.

BBCko galizierazko emanaldiek berretsia utzi zuten hizkuntzen aldarria beti egon dela eskari demokratikoei loturik. Diktadura osoan, ubera horretan egin zuten aurrera galizierazko irrati egitasmoek, Mexikotik hasi —oso ekinak izan ziren hango erbesteratuak, eta aurten omenaldia egin diete, Florencio Delgado Gurriaranen figura goretsiz— eta apirileko Portugal hartaraino —ezin ahaztu Margarita Ledok sustatutako emanaldi hura—.

Espainieraz besteko hizkuntza ofizialek esparru gehiago hartzeko aldarria izugarri garrantzitsua da oraindik ere. Horren erakusgarri, Santiagon BBCko galizierazko lehen emanaldiaren 75. urteurrena ospatzen ari ziren egunean bertan, Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko presidenteak hitza kendu zion behe ganberan Galiziako parlamentariari, baita katalanei eta euskaldunei ere, beren hizkuntzan aritzeagatik. Batetek alde bakarrez hartu du erabaki hori, eta ez du funtsik Kongresuko arauen arabera, zeren arautegi horrek ez baitu debekatzen espainiera ez beste hizkuntza ofizialak erabiltzea, eta ganberako presidentetzaren esku uzten baitu aukera hori. Beraz, erabaki politiko bat da hori, Andaluziako hauteskundeen ondoko ajealdi betean hartua, gobernuak eskuinerantz egin duen biraldiaren erdian —zeren gobernuak bere egina baitu PPren programa ekonomikoaren parte handi bat—.

Martxelo, Vicent, irakurleok: honenbestez, uda bukatu arte amaiera emango diogu Galeusca-ko gutun trukearen denboraldi honi, berriro ere azpimarratuz ezen galiziera, katalana, euskara eta demokrazia eskutik hartuta doazela beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.