Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hemen gara berriz

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, azkenik berrekin diogu gure gutun trukeari; eta «azkenik» diot, gutun hauek idaztearen falta sumatzen nuelako ez ezik, beti plazera delako zuek irakurtzea eta elkarri norbere iritziaren berri ematea. Lehen Galeusca hau Vilaweb-i eskaini nahi diot, haren 25 urteak —gehi bi—ospatzeko erakusketara gonbidatua izan bainintzen. Vicent: egin duzuen lan gogorragatik zorionak eman besterik ezin dut egin, baita jendaurrean ere, gure orrialdeetatik; lan horri esker, etxebizitza bateko gelan zenuten erredakzioa utzi, eta lokal propio eder bat lortu duzue Bartzelonaren erdialdean, abangoardian, eta Valentzian ere bulego bat zabaldu.

Urrun dago 1995 hura, Vilaweb-en beste alma mater Assumpcio Maresma eta zu hasi zineten urtea; egunean behin baino ez zineten konektatzen Internetera, eta ahalik eta gehien aprobetxatzen zenuten webgunea eguneratzeko, hiru konexio ordu 1.500 pezeta kostatzen baitzen. Zeinek esango zuen handik 27 urtera hain aldatuta egongo zenik kazetaritza egiteko modua eta elkarrekin erlazionatzekoa! Iraultza erabatekoa izan da, urteurrena dela-eta argitaratu duzuen liburuaren izenburuak adierazten duen bezala.

Aitzindariak izan zineten, hein handi batean, harpidedunei esker: hazteko aukera eman zizueten, eta, gaur egun, haiek dituzue sostengu nagusi. Joan den astean, Palau Roberteko ekitaldian egon ginen hirurok, eta harpidedun horietako batzuk ezagutzeko parada atsegina izan nuen. Gustura jakin nuen gure Galeusca honetako iritziak irakurtzen dituztela, eta gustura hartu nuen Nòs Diario-ren inguruan interesa azaldu izana, defendatzen dugun kazetaritzarengatik eta harpidedunak funtsezko dituen eredu batekin funtzionatzeagatik; are gehiago kontuan hartuta gure gaur egungo gobernuak modu sektarioan jokatzen duela, hala eskubidez dagozkigun laguntzak nola publizitate instituzionala ukatuz.

Baina, esan izan dudan bezala eta zuek ederki dakizuen bezala —harpidedunetan oinarritzen baita zuen hedabideen finantza egitura—, harrotzeko modukoa da eskuak libre izatea gure lerro editorialari jarraituz idazteko, hots, galiziarren interesen alde idazteko, eta ez Galiziako Xuntak edo finantza botere handiek esandakoari jarraituz.

Laburbilduz, herriaren indarra da kontua. Herriak gure hedabideak irakurri eta babestea; herrialdea egitea. Katalunian, erakutsi berri du hori herriak, modu masiboan kalera irtenez eta demostratuz Espainiako Estatuarekin elkarrizketa mahaia osatzea ez dela nahikoa, gehiago nahi duela. Avant!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.