Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Arrantza ito

2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent: itsas arrantzari eragingo dion beste murrizketa baten berri izan dugu aste honetan. Hain zuzen, 2024ko martxoan, Europako Batzordeak arraste arrantza debekatuko du EBko estatu kide guztien itsas eremu babestuetatik %20tan, eta, 2030ean, portzentaje hori %100era igotzeko asmoa du. Gaur egun, Galiziako 128 itsasontzi dabiltza arraste arrantzan; azken hamar urte hauetan, %26 apaldu da kopurua.

Oraingo murrizketa horren aurretik beste bi izan dira. Bata, Europako uretako 87 arrantzategitan hondoko arrantzari jarritako betoa, 2022ko urrian ezarria. Bestea, txitxarro arrantza murriztu zuena —txitxarroa da inguraketa ontzien espezie nagusietako bat—: 77.000 tona arrantzatu ziren 2022an, eta 3.000 tona 2023an. Hain zuzen, egonkortasun erlatiboaren printzipioan oinarritzen da Arrantza Politika Bateratuaren banaketa sistema, eta etengabe diskriminatu izan du Galiziako ontzidia, zeinak 2004az geroztik 1.400 itsasontzi inguru galdu baititu: 2004an, 5.600 zituen; 2022an, 4.200.

Santiago de Compostela Unibertsitateko irakasle Gonzalo Rodriguezek eta Maria do Carme Garcia Negrok zuzenduriko taldeak egina da Galiziako Arrantza-Kontserba industrien Input-output Taula, eta, horren arabera, BPGaren %4,8 dagokie itsasoari eta itsas industriei: 12.000 milioi euro inguruko fakturazioa dute; hau da, zuzeneko 64.000 lanpostu inguru biltzen dituzte. Hala ere, Bruselak planifikaturiko politikak ez du aintzat hartzen Galiziako errealitatea, eta ez Espainiako Gobernuak —badakigu Madrildik oso urrun dagoela itsasoa— eta ez Galiziako Gobernuak ez dituzte irmo babesten Galiziako ontzidiaren interesak.

Badirudi energia lobbyaren interes ekonomikoak daudela arrantza itotzen duten murrizketa horien atzean, hari ez baitzaio aski mendiak haize errotaz betetzea urteroko mozkinen kontua puzteko. Galizian, itsasoko haize energiaren inguruko bederatzi proiektu ere daude oraintxe —zergak Madrilen ordaintzen dituzten enpresa batzuek bultzatuak—, eta arriskutsuak dira kostarentzat; horiek aurrera aterako diren edo ez, berriz, estatuko gobernuaren mende dago, aurki onartuko baitu itsasoko haize energia antolatzeko plana (POEM). Egun gutxi barru jakingo dugu zer gertatuko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.