martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Hegalik gabeko parlamentua

2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzio Auzitegiak oso modu mehatxatzailean adierazi dio Kataluniako Parlamentuko Mahaiari ezin duela berriro tramiterako onartu Kataluniako autodeterminazio eskubidearen aldeko mozio baten eztabaida. Eta horrela eginez gero, alegia, mozio berri bati bidea emanez gero, has daitezela abokatua bilatzen, auzi aulkian eseri beharko dutelako. Dudarako zirrikiturik gabe.

Eraso asko, oso desberdinak, jaso ditzake parlamentu batek. 2013an, Kataluniako Gobernuaren neurri ekonomikoen aurka protestatzen ari ziren ehunka manifestariek blokeatu egin zizkieten sarbideak parlamentariei; batzuek Poliziaren autoetan gordeta sartu behar izan zuten, eta —ordura arte inoiz ikusi gabekoa— Artur Mas gobernuburuak eta Nuria de Gispert parlamentuko buruak helikopteroan sartu behar izan zituzten legebiltzarreko eremuan.

Zer da larriagoa ikuspegi politikotik, zerk egiten dio kalte handiagoa legebiltzar bati? Manifestari haien ekintza puntual hark, ezohikoa baina egun bakar batekoa izan zenak, edo Konstituzio Auzitegiak ezartzeak herritarren ordezkaritza den ganberari zer gai eztabaida litezkeen eta zer gai ez? 2013ko ekintza hura deskalifikatzeko batzuek erabilitako gaitzespenezko kontzeptuek balio osoa dute gaur egun.

Eusko Legebiltzarrak autodeterminazioaren aldeko bi adierazpen onartu ditu bere historian, 1990ean eta 2014an. Espainiako auzitegi goren horrek ez zituen ez bata ez bestea Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo, ezta jakinarazi ere legebiltzarreko lehendakaritzari eta mahaiari zigor ondorioak jasan zitzaketela berriro horrelakorik eginez gero.

Eskertzekoa litzateke Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetako mahaiek, berandu baino lehen, elkartasuna adieraztea Kataluniako Parlamentuko kideei. Kataluniako Parlamentuan jaio den olatu murriztaile horren hurrengo hondartza Gasteizen eta Iruñean baitago. Hegalak moztu nahi dizkigute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.