martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Badauzkagu «terroristak»

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Askok uste genuen baino beranduago iritsi da, baina aukera handia zegoen gertatzeko. Aspaldi zeuden seinalatuta estatuaren behatzarekin, etengabekoa zelako kriminalizazio politikoa eta mediatikoa, haien aurka zer edo zer egin beharko zela eskatzen zuten ahotsek gero eta ozenago hitz egiten zuten eta gero eta bozgorailu indartsuagoak erabiltzen zituzten, eta duda bakarra noiz iritsiko zen jakitea zen. Asteon etorri da: CDRen aurkako operazio juridiko-poliziala (Errepublikaren defentsarako batzordeak).

Euskal Agenda deritzanaren eskuliburua segitu dute CDRen kasuan ere. Lehendabizi, beroketa sozialaren ariketa operazioaren jomuga izango dena kriminalizatzeko, aurre epaiketa soziopolitikoa, kolpea jasoko dutenek ondo merezia daukaten ideia gizartean txertatzeko ahalegina. Bi dira fase horretan lan egiten duten eragileak; alde batetik, politikari batzuen etengabeko adierazpen kriminalizatzaileak, eta, bestetik, komunikabide batzuen ustezko kazetaritza ikerketak, oinarrian Poliziaren filtrazio hutsak direnak. Horrela egin dute hamarkadetan Euskal Herrian, eta ia batere aldaketarik gabe aplikatu dute orain Katalunian.

«Talde terrorista» bat egotea beharrezkoa dute estatu egiturek haien estrategia sozialki irensgarriagoa egiteko. Ez badago, sortu egiten da. Horixe egin dute aste honetan CDRekin, «talde terrorista» bat sortu dute, eta hemendik aurrera errazago izango da estatuaren egiturentzat Kataluniako independentziaren aldeko gizarte mugimendua judizialki gogor jipoitzea. Alegia, jarrera baketsuak dauzkatela eta haien erresistentzia aktiboa baina bortizkeriarik gabekoa dela dioten CDRak, azken finean, ardi-larruz mozorrotua diharduten otsoak baino ez direla.

Eta, horrekin batera, mezu argia bidali aktibatzeko prest dauden herritar independentziazaleei, hori da CDRen eskutik mobilizatzen segituz gero ordaindu beharrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.