Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Suari su!

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Iritsi zen birusa, eta hankaz gora jarri zigun bizimodua, artean 2008ko eztandaren ondoko depresio luzean geundela. Errezeta ekonomiko neoliberaletara jotzeak eragin zuen krisi hura, halakoak munduaren jaun eta jabe egin baitziren 1973ko atzeraldiaren ondoren. Aski ezaguna da orduko gobernu gehienen erantzuna: krisi ekonomikoa sortu zuten politiketan sakondu, porrota ekarri zuten alternatibak errepikatu, eta sutea piztu zuen eredu berera itzuli.

Hala, higiezinen eta zorraren burbuilen kontra, adreilua eta likidezia; zorpetzea ekarri zuen soldata beherakadaren kontra, barne debaluazioa; langabezia hauspotzen duen prekaritatearen kontra, lan erreforma gehiago; sektore publikoaren ahultzeak ekarritako bazterkeriaren kontra, enpresa taldeentzako negozio hobi berriak; sektorerik zaurgarrienen abandonuaren kontra, ongizate sistema desegitea; eta osasun zerbitzuaz baliatzeko desberdinkerien kontra... bada, pribatizazio gehiago. Halaxe gabiltza gero.

Koronabirus berria agertu, eta zart egin zuten zerbitzu publikoen josturek. Orduan, bistan geratu ziren osasun ereduaren eta ongizate estatuaren lotsariak. Pandemiari aurre egiteko erantzun sanitarioa mugatuta baldin badago giza baliabideak eta baliabide materialak falta direlako, zorretan oinarritutako politika publikoen ondorio da hori, sektore pribatua lehenetsi baitzuten, osasunaren defentsa lehen mailan jarri gabe. Zahar etxeetan izandako heriotza gehienak zentro pribatuetan gertatu dira, hain zuzen, gobernuek ontzat jo zutelako adinekoak negozio mamitsu bihurtzea.

Koronabirusak estu eta larri harrapatu ditu zerbitzu publikoak, hamarkadaz eta hamarkada murrizketak izan direnez gero, bide orri ideologiko eta ederki planifikatu bati jarraikiz. Botere ekonomikoaren eta buruzagi politiko batzuen aurreiritzi doktrinalen mende egonda, arrisku bat dugu parez pare: errezeta berberekin saiatzea krisitik ateratzen. Su gehiagorik ez suari, arren!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.