Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Arraina hemen legoke berriro...

2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Urriaren 9an, Galiziako kapitala duten eta Europako Batasuneko uretan aritzen diren berrehun ontzi inguruk bertan behera utzi beharko dute beren jarduna. Batasuneko 87 arrantzagunetan jardutea debekatu izanaren ondorioz, zuzeneko 4.400 enplegu deuseztatuko dira, eta erabakiak zuzenean eragiten dien konpainiek 350 milioi inguru galduko dituzte.

Itsasoaren industriaren balio kate osoari eragingo dio erabaki horrek, eta kontuan hartu behar da sektore horrek Galiziako BPG barne produktu gordinaren %4,8 hartzen duela, baita urtean 9.000 milioi euro mugitu ere, Santiagoko Unibertsitateko Maria do Carme Garcia Negro eta Gonzalo Rodriguez irakasleek egindako azterlan baten arabera.

Gure ekonomian, sektore estrategikoa da arrantza. Erauzketa jarduerarekin batera—zeinak, hondoratze haren ondorioz, mina eta sufrimendua ekarri baitzituen Galiziako marinel herrietara—, aitzindari garen eraldaketa polo batean garatuz joan da hamarkadaz hamarkada. Galiziako kostalde osoan, kapital propioko dozenaka enpresa daude arrainaren izozketan, arrain kontserbetan eta itsasoaren industriaren kate osoan dihardutenak. Punta-puntako sektore moderno bat, munduko estatu askorentzat eredu dena, XVIII. mendetik datorren tradizio bati lotua, garai hartan abiarazi baitzituzten gazitze industriako lehen enpresak, Kataluniako kapitalaren abaroan abiarazi ere, zuk, Vicent, ederki dakizun bezala.

Espainiako Estatuak dozenaka urte daramatza arrantza trukagai gisa erabiltzen Europako Batasunarekin negoziatzen duenean. Horren erakusgarri ona da Gran Sol izeneko ontzidiarekin gertatu zena: Espainiako Estatua Europako Batasunean sartu zenean, 300 ontzi zeuzkan, eta gaur egun, berriz, Europako Batzordeak urteetan inposatutako moldaketen ondorioz, doi-doia dauzka 70 ontzi. Beste hainbeste gertatzen ari da orain, eta estatuko gobernuak uko egin dio erabaki horren aurka beto eskubidea baliatzeari araua indarrean sartu ez dadin; gainera, zalantzan dago Batasuneko auzitegietan errekurtsoa jarri edo ez.

Bruselak neurri hori justifikatzeko erabili dituen ingurumen txostenen desfasea eta zorroztasun eskasa direla eta, ez dago azaltzerik zergatik ezarri duten debekua, ez bada horixe nahi izan dutela kapital talde handiek, hain justu ere merkatuen —ezen ez herrien— Europa honetan benetan agintzen duten taldeek. Castelaok ederki esan zuen bezala: “Gobernuek nahi balute, sardinak hemen leudeke berriro”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.