Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Etxea eskuratu ezinik

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Martxelo eta Vicent, lehen-lehenik, mila esker Galizian izan berri zaretelako Nòs Diario-ren harpidedunei zuen nazioetako errealitate informatiboa ezagutarazteko. Aste honetan, arazo kezkagarri baten berri eman nahi nizueke zuei bioi eta gure irakurle guztiei; kontu kezkagarri bat da, azkenaldian larriagotua, eta berriro agenda publikoan dago, Europako Banku Zentralak interesak igo dituela eta. Etxea eskuratzeko bideaz ari naiz, odisea erabatekoa, batik bat gazteentzat.

Ez dakit zuen gobernuek zer politika ezarriko zituzten etxebizitzen parkea mobilizatzeko, baina, Galizian, 340.000 etxebizitza huts baino gehiago daude —horietatik, 2.700 baino gehiago Sareb elkartearenak dira—, eta utzikeria handia dago bazter guztietan. Horren erakusgarri da 2015-2022ko Etxebizitza Plana: haren helburua zera zen, sustapen publikoko 870 etxebizitza jartzea interesa agertutako 15.000 herritarren eskura. Denbora horretan, Galiziako Gobernuak 40 etxebizitza besterik ez zuen eraiki.

Bestalde, 2016az geroztik alokairuak ia %50 garestitu diren honetan, Xuntak etxebizitzen erosketan jarri du arreta gazteei dagokienez, eta ez alokairuan, neska-mutilek aukerarik edukiko balute bezala lan egonkor bat izateko, zorpetzeko lain emango liekeen lan egonkor bat. Gainera, Galizian, etxe babestuen %0,3 baino ez daude alokairuan eskuragarri; Espainiako Estatuan, berriz, %0,9 da batezbestekoa, eta Europan, %9.

Beste kontu batek ere argi erakusten du gobernuak nolako utzikeriaz jokatzen duen eskumen propio hori baliatzeko orduan: Galiziako aurrekontuak berak. 2023ra begira, 130 milioi erabiliko ditu etxebizitzarako, 2009an baino 80 milioi gutxiago —biko gobernuaren azkeneko aurrekontuak—. Eta 2021eko aurrekontuen likidazioak erakusten duenez, etxea eskuratzeko programako 17 milioi inbertitu gabe geratu ziren.

Halakoxe egoera utzi zuen Alberto Nuñez Feijook, eta haren segida bermatu du Alfonso Ruedak, haren ondorengoak. Feijoo hizpidera ekarrita: ez al zaizue iruditzen sedizio delitua Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia ez berritzeko aitzakia gisa baliatu izanak berak adierazten duela zein ahul dagoen, zein behin-behinekoa den? Iruditzen zait ezaugarri hori beste ebidentzia bat baino ez dela, agerian uzten duena Ayusok markatzen diola politika Feijoori, eta eskuin muturreko jarreren bidean dabilela Feijoo. Haren zentrismoa goraipatzen zuten kazetari progresista espainolek berek gogor egiten dute orain haren kontra. Ez da izango abisatu ez dietelako!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.