Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Emakumeek dute errua

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Kirola egiteko galtzak jantzi ditu. Korrika egitera doa, gauez. Zer gertatzen da halakoetan? Ez luke gertatu behar, baina gertatzen da»; «Diskoteka batean, edalontzi bat edonon utzita. Zer gertatzen da halakoetan? Ez luke gertatu behar, baina gertatzen da»; «Neska bat bakar-bakarrik, paseoan, gauez. Giltzak eskuan ditu. Zer gertatzen da halakoetan? Ez luke gertatu behar, baina gertatzen da». Lelo horiexek erabili ditu Galiziako Xuntak azaroaren 25erako kanpaina instituzionalean. Hitz gutxi erabilita, kanpaina horrek biktimari egozten dio errua, eta agerian uzten du gobernatzen gaituztenen ikuspegi patriarkala.

Ideia matxista eta paternalista hori bera islatzen da Carballiñoko Udalak —PSOEk gobernatua— egindako kartelean: lokarridun zapata bat ageri da (gizonezko batena, ustez) takoidun zapata bat zapaltzen (emakumezko batena, ustez). «Ez utzi inori zu zapaltzen. Ez utzi inori zu hiltzen», emakumeek utzi egingo balute bezala gizonek tratu txarrak eman diezazkieten eta erail ditzaten, emakumeak balira bezala gizonezkoek emakumeen aurka darabilten indarkeriaren erantzule.

Emakumeen Mundu Martxak ohartarazi bezala, indarkeria matxistak ez du zerikusirik ez emakumeen janzteko moduarekin, ez testuinguruarekin, baizik eta patriarkatuaren nagusitasun eta boterearekin. Hala ere, aurrekoen moduko adibideek erakusten dute administrazio publikoak ez duela genero ikuspegia segurtatzeko galbahe nahikorik, eta beharrezkoa dela tratu txarrak ematen dituztenei begira egitea kanpainak.

Azken urtean, 6.200 emakume baino gehiago izan dira indarkeria matxistaren biktima, Fiskaltzaren datuen arabera: horixe izan da aurtengo azaroaren 25aren testuingurua. Egiturazko arazo bat denarren, oraindik ere ez da lehentasunezkoa Galiziako Gobernuarentzat: diru gutxiago jarri du genero indarkeriaren aurkako politikak aktibatzeko eta biktimei babesa emateko. Are, 2023ko aurrekontuen lege proiektuan, 20,5 milioi euro baino ez dute jaso indarkeria matxistaren aurkako borrokarako, aurrekontu osoaren %0,16 baino ez.

Murrizketa horretan, argi islatzen da konpromiso eskasa: iazko aurrekontuarekin konparatuta, 186.000 euro gutxiago jarri dituzte; eta aldea are handiagoa da PSdeG eta BNGren gobernuak Xuntan egindako azken aurrekontuekin konparatuz gero, 31,2 milioi jarri baitzituzten horretarako. Izan ere, indarkeria matxistaren adierazpide guztien aurkako borroka ezin da mugatu minutu bateko isiluneetara, xingola moreetara eta kanpaina instituzionaletara. Baliabide ekonomikoak funtsezkoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.