Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Suari su

2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Galiziako osasun arloan murrizketak egiten aritu dira urteetan, eta horren ondoriozko gabeziek agenda politikoa markatzen dute oraindik. PPk badaki bere ahulgunea dela hori, eta arazoa ezkutatzen saiatzen ari da, hirietan soilik baietz da baietz legearen aurkako protestak antolatuz —ez dute arrakastarik izan—. Badaki lege horren interpretazioa bihurritzeak Espainiako Gobernua higatzeko balio duela, eta, halaber, badaki osasungintza publikoaren kolapsoak min egiten diola, min handia, Galiziako Gobernuari. Hala eta guztiz ere, aitortu ordez esparru hori ezin okerrago kudeatu duela, eta murrizketak indargabetu ordez, Galiziako Xuntak errezeta hau ezarri berri du, osasun arloa gehiago suntsituko duena: are pribatizazio handiagoa.

Joan den igandean, mobilizazio jendetsu batek Santiago de Compostelako kaleak bete zituen —Galizian osasungintza publikoaren alde sekula egin den manifestaziorik handiena izan zen—, eta, handik hiru egun eskasera, Galiziako Gobernuak iragarri zuen akordio bat egin zuela hiru mediku elkargorekin, hots, Coruñakoarekin, Ourensekoarekin eta Lugokoarekin —Pontevedrakoarekin ez, hango elkargoak harremana hautsi baitzuen kontseilaritzarekin, osasun sistemaren larrialdiaren erantzulea delakoan—, eta adierazi zuen sektore publikoko bateraezintasun erregimena malgutzeko zela akordioa, publikoko profesionalak aldi berean zentro pribatuetan ere aritu ahal izan daitezen, baita Galiziako administrazioak finantzatutako osasun hitzarmenak dituztenetan ere. Gaur egun, Sergas Galiziako osasun zerbitzuko 630 medikuk jarduten dute osasun arlo pribatuan ere.

Kontseilaritza hiru mediku elkargo horiekin bildu zen —zeinen zuzendaritza organoak profesionalen %10ek baino gutxiagok hautatu dituzten, sindikatuen iturrien arabera—, baina sindikatu nagusiei eta SOS Osasun Publikoa plataformari, aldiz, ez zien aditu nahi izan; hain justu plataforma horrek antolatu zuen igandeko manifestazioa, Galiziako hiriburuan 50.000 lagun baino gehiago bildu zituena. Kolektibo horrek herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuen, parlamentuan eztabaidatu zedin, lehen arretaren kolapsoa konpontzeko asmoz. Haren ustez, Xuntak mediku elkargo horiekin egin duen akordioa osasungintza pribatuko patronalari emandako erantzun bat da; izan ere, arlo pribatuak jakinarazia du beste 120 mediku behar dituela Galiziako administrazioarekin sinatuak dituen hitzarmenak beteko baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.