Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Banku (pribatuak) erreskatatzen

2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, finantza krisia da albistea. Estatu Batuetako Erreserba Federalak esku hartu du Silicon Valley Banken, eta, handik gutxira, Signature Bank itxi dute. Horrek agerian jarri du gauza bat lehendik ere susmatzen genuena baina batzuek behin eta berriz ukatzen zutena: zein ahula den finantza sistema eta zein arazo larriak dauzkan. Oraindik goiz da jakiteko norainokoa izango den krisia, baina Credit Suisse gutxieneko historikoetara erori izanak —hilabeteak ziren banku horren inguruan zalantzak hedatzen ari zirela— ez dakar batere zantzu onik.

Berriz ere, agerian geratu da ez dagoela erregulazio eta kontrol mekanismorik, eta auditoretza taldeak ez direla fidatzekoak. Silicon Valley Bank erori baino bi aste lehenago, big four esaten zaien auditoretza enpresetako batek, KPMGk, ontzat eman zituen hankak guztiz lotuak zituen erraldoi horren kontuak. Enpresa horrek berak «bideragarritasun diagnostiko azeleratu bat» sinatu zuen Galiziako bi aurrezki kutxen bat egiteaz ebazteko, Galiziako Xuntak enkargatuta, eta bat egiteko prozesu hark porrot egin zuen azkenean. Txikizioa izan zen Galiziako finantza sistemarentzat.

Bat egite hartatik urte batzuetara, bankuen erreskatea ikertzeko batzorde bat sortu zuten Espainiako Kongresuan, eta KPMGk irmo esan zuen Alberto Nuñez Feijooren gobernuak ez ziola enkargatu bat egitearen «auditoria bat», ezta «kaudimen abal bat» ere. Era berean, ohartarazi zuen Espainiako gaur egungo oposizioburua presidente zeukan gobernu hark alderdi nagusi batzuk nabarmendu zituela eta horiek ez zetozela bat errealitatearekin; are, erantsi zuen milioi bat euro kostatu zen txosten hartan ez zegoela jasoa «bat egitea komeni zen edo ez zehazteko aholkurik».

Jakina da nola bukatu zen Feijook gidaturiko bat egite hura: 8.000 milioi euro baino gehiagoko laguntza publikoa eman behar izan zioten bi kutxek bat eginda sortutako entitateari, eta, gerora, gainera, merke-zurrean saldu zioten banku hura Juan Carlos Escotet-i. 2008ko krisian hasitako bankuen erreskateen beste erakusgarri bat izan zen hura, gehiengo sozialei murrizketa larriak ekarri zizkiena. Eta PPk erreskate horren alde hitz egiten du oraindik ere, laguntzak banku publikoetarako izan zirelako falaziaz baliatuz. Erreskate hori mamu bat da oraintxe, inoiz baino presenteago dagoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.