martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Eskozia berriro

2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Duela hilabete batzuk hasi zen aipatzen Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeon bigarren independentzia erreferendumaren aukera. Duela 5 urte izan zen aurrekoa, eta nahiko aldearekin irabazi zuten independentziaren aurkakoek: % 54.

Asteon berretsi du asmo hori, eta jarri dio Londresi eskaera modu ofizialean egiteko data Sturgeonek: urtea bukatu baino lehenago. Brexit-aren aurka Eskozian dagoen jarrera zabala baliatu nahi dute independentziazaleek 2014ko galdeketan lortu ez zutena 2020an egin nahi duten horretan irabazteko; independentziaren alde egin zutenek bere horretan segitu, eta aurka bozkatu zutenetako batzuek Europaren barruan egongo litzatekeen Eskozia independentea nahiago dutelakoan brexit-aren ondorioak jasango dituen Eskozia britaniarra baino. Itxaropen hori daukate duela bost urteko erreferendumean emaitza hobeak espero zituztenek.

Komeni da gogoratzea Eskoziak ez daukala Erresuma Batuko lege egituran berezko eskubide legezkorik erreferendumera nahi duenean deitzeko. Londresi baimena eskatuta egin zuten 2014koa, eta orduko lehen ministro David Cameronen babesarekin egin zituzten erreferenduma adosteko negoziazioak. Geroztik esana dauka Cameronek arrisku handiegia hartu zuela prozesu hari baiezkoa emanda, eta, emaitza independentziaren aldekoa izan zitekeela aurreikusita, kanpainaren azken egunetan jendaurreko adierazpen leun bat eskatu behar izan ziola Elisabet II.a erreginari.

Ikusiko dugu zer erabakitzen duen hurrengo hilabeteetan Londresek, baina lehen ministro Boris Johnsonek behin baino gehiagotan esan du ez duela beste galdeketarik onartuko. Eta erantzuna ezezkoa bada, eskoziarrek zer egingo duten jakiteak interes handia piztuko du uharte handian, eta handik kanpo ere bai; besteak beste, Vicent, gure bi herriotan. Braveheart-en izpiritu menderaezina hegan hasia da berriro goialdeko zelaietan barrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.