Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Feijoo, mitinez mitin

2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Feijoorena lotsagabekeria hutsa da. Galizia «muturreko egoeran» dagoen honetan, Galiziako Xuntako presidentea lanaldi laburtuan ari baita— alderdi barreneko kanpaina egitera joan da. Ortzegunean, Galiziako Gobernuaren asteroko bileraren ondoko prentsaurrekoan, ohartarazi zuen «sektore estrategiko anitz kinka larrian» daudela, eta, agerraldia bukatu eta berehala, kanpainako birari lotu zitzaion berriz, horretan baitabil buru-belarri: egun hartan, Asturias eta Kantabriara joan zen, ekitaldi batzuk programatuak baitzituen PPko presidentea hautatzeko kanpainaren barrenean.

Galizian, lehen sektorea kinka larrian da, eta nekazaritza eta abeltzaintza, berriz, desagertzeko arriskuan, Landa Inguruneko kontseilariaren beraren hitzetan; industrian, 33.000 lanpostu gutxiago daude Feijoo presidente denetik; soldatak estatuko batezbertzekoa baino %10 apalagoak dira, eta inflazioa Galizian goititu da gehien. Eta, hori guzia jakinda ere, Feijoo gehiago kezkatzen da Pedro Sanchezen aurkako oposizioaren buruarena egiteaz, Galiziako Gobernua zuzentzeaz baino; ez dezagun ahantz, gainera, presidente lanaren truke kobratu egiten duela oraindik ere.

Martxelo, Vicent, aspaldidanik biltzen ari gara orriotan Galiziako Xuntako presidenteak bere zereginak alde batera utziak dituela erakusten duten adibideak. Kontua jada ez da 2009tik, hau da, gobernura ailegatu zenetik eskumenik eskualdatzeko eskatu ez izana, baizik eta bere esku dituenak ere ez erabiltzea. Pedro Sanchezi zer egin behar duen erraten ematen du denbora, baina ez dago inoiz Xuntaren egoitzan, San Caetano karrikan, eta ez du neurririk hartzen prezioen igoerak eragindako krisia geldiarazten saiatzeko.

Jada ez du disimulatzeko lanik hartzen. Hainbertze gustatzen zaio «askatasuna», non berriz Madrilera joan nahi baitu bizitzera. Zutabe honetan lehen ere ohartarazi genuen horretaz, «etxera» itzuliko zela erran genuenean, eta hark ere onartu du berriki: «Madrilek askatasuna maite du, eta horregatik joan nahi dut berriz hara bizitzera». Feijook, zeina konplexuz betea baitago, erran zuen Espainiako hiriburua «hiri abegikor eta irekia» dela, «oparoa», Galizia abegikorra eta irekia ez balitz bezala. Badakigu Galizia oparoa bederen ez dela, Feijooren agintaldietan ezarritako politika antisozialen eta murrizketen eraginez, baina lor daiteke oparo bilakatzea, baldin eta gobernuak balioa ematen badie egun itoak dauden produkzio sektoreen potentzialtasunari eta erabakitzeko gaitasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.