Datuak ikusita, ez dago zalantza izpirik: sektore publikoari egindako inbertsioa lurraldeka nola banatu den azaltzen duen txostenak, Ogasun Ministerioak argitaratu ohi duenak, erakutsi du 2021ean Madrilgo erkidegoari lagundu ziola gehien Estatuko Gobernuak; izan ere, Madrilek 2.086 milioi euro jaso zituen funts publikoetatik, 2021eko aurrekontuetan aurreikusi baino 92 milioi gehiago. Madrilen inbertitzeko gogo bizi horren aldean, oso bestelakoa da beste lurralde batzuei eman zaien kopurua: aurrekontu gauzatuaren taulan azkena dago Katalunia, Vicent maitea, eta Galiziarentzat 533 milioi euroko inbertsio erreala dago erregistratuta, 2021eko aurrekontuetan hitzeman baino 260 milioi euro txikiagoa.
Estatuaren aurrekontuetan Madrili mesede egiteko erabakia ez dago irizpide koiunturaletan oinarrituta. Azken urteetan horixe izan da joera, eta, gainera, lurralde antolaketaren ereduari dagokion diseinu batek ekarri ditu gastu irizpide horiek; hain zuzen, eredu horren helburuetako bat da estatuko hiriburua sendotzen saiatzea botere politiko eta ekonomikoaren erdigune gisa.
Proiektu horrekin bat egiten dute estatuaren aparatuek, haien aldeko talde politikoek eta botere ekonomikoak; banaketa horrek mesede egiten dio botere ekonomikoari, lagungarria baitzaie Madrilen errotutako enpresa konglomeratuei. Hala dio Ikerketa Ekonomikoen Valentziako Institutuaren Madrid, capitalidad, economía del conocimiento y competencia fiscal txostenak (Madril, hiriburutza, ezagutzaren ekonomia eta lehia fiskala); lehenago ere aipatu izan dugu atal honetan.
Estatuaren inbertsioaren eta, azken batean, lurralde antolaketako haren ereduaren logika aspaldiko eskema batean oinarrituta dago. Orain dela mende batzuk sortutako eskema hori zorroztu egin zen XVIII. mendean, borboien etxeko monarkak tronura heldu zirenean, eta liberalek biziagotu egin zuten XIX. mendearen erdialdeko eta amaierako hamarkadetan. Madrilen egoera ezin da ulertu hiriburutzak ematen dizkion onurak kontuan izan gabe; izan ere, horri esker, lurreko, aireko eta tren bidezko komunikazioen erdigunea da, han pilatzen dira instituzio publikoak, eta gaitasun handiagoa du penintsula osoari dagokion kapitala osteko.

ZUZENDARIEN GALEUSCA
Dirua, Madrilentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu