Albistea entzun

ZUZENDARIEN GALEUSCA

Mozioak eta 78ko erregimena

Maria Obelleiro - 'Nòs Diario'-ko zuzendaria

2023ko martxoak 26

Aste honetan, zentsura mozioak izan dira nagusi gure inguruko agenda mediatikoan. Haietako bi Frantzian aurkeztu dituzte, Borne lehen ministroaren kontra, eta biek porrot egin dute. Bestea Espainiako Estatuan aurkeztu dute. Frantzian, Asanblea altxatu egin da Macronen gobernuak pentsioen erreforma inposatzearen aurka; Espainian, berriz, Voxek bere mozioa defendatu du, baina haren asmoa ez zen Sanchez eta haren gobernua eraistea; aitzitik, mozioa estrategia gisa erabili du berriz arreta bereganatzeko, bere toki politikoa zabaltzeko eta PP estu hartzeko.

Espainiako Kongresuan ikusi duguna 78ko erregimenaren ispilu izan da. Batetik, erregimena modurik sutsuenean defendatzen duen alderdiak aurkeztu duelako mozioa, eta, bestetik, Sanchezen kontra aurkeztutako hautagaia Tamames izan delako, PCEko kide historiko bat; hain zuzen, alderdi hori izan zen 78ko erregimena eraikitzeko oinarrietako bat. Espainiako zenbait hedabidek ia santutzat jo dute Tamames azken egunetan; aurrena, PCEko erreferentziazko kide bat izan zen, eta IU sortzeko prozesuan parte hartu zuen, baina CDSra joan zen gero, eta brunete mediatikoko tertulietan parte hartzen hasi zen.

Koalizio gobernuak etorkizuna irudikatu du: gobernuak bultzatutako «ezkutu soziala» defendatzen aritu da Sanchez, eta Yolanda Diaz panorama politikoaren lehen lerrora itzuli da, bere plataforma aurkezteko egun gutxi falta diren honetan. Ustezko alternatiba, berriz, iraganaren isla izan da, eta ez hautagaiaren adinagatik bakarrik: jarrera antidemokratiko eta erreakzionarioak izateagatik ere bai, falaziaz eta manipulazioz josiak.

Sanchezi eta Diazi ez zaie gaizki atera. Batasun itxura eman dute, eta orduak izan dituzte gobernuak egindakoez aritzeko, mitin batean baleude bezala. Voxi ere ondo atera zaio. Agenda baldintzatzea lortu du, eta PP mugiaraztea. PPri, ordea, ez zaio ondo atera: Casado buru zutela, Alderdi Popularrekoek kontrako botoa eman zioten Voxek aurkeztutako mozioetako lehenbizikoari, baina Feijooren PPk, alderdi ultrari Gaztela eta Leonen agintzeko alfonbra gorria jarri zion horrek berak, orain bidea erraztu dio Voxi abstentzioaren bidez, ondo baitaki eskuin muturrari eskutik helduta joan beharko duela Sanchezen ordez beste norbait jartzea lortzeko. Moderatu itxurak egitea garai bateko kontua da!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.