martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Federalismoa eztabaidara

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Federalismoa, azken urteotan gure herriko hiztegi politikoan indarrez sartu den kontzeptua da, era berean proposamena ere badena. Gurean baino dezente lehenago sartu zen zuen hiztegian, hamarkada askotan federalista izan zirelako gaur independentziazale diren asko. Espainia federalaren alde egon dira Katalunian independentziazale petoak ez ziren asko. Urteen poderioz, baina batik bat buruarekin paretaren kontra jotzearen ondorioz, etsi, eta pareko espaloira pasatu dira asko; batzuk, zebrabidea iraganda, eta besteak, kale erditik.

«Zapaterorekin egon berria naiz Moncloan, eta pena handiarekin geratu naiz ikusi dudanean Zapatero bera ere ez dela federalismoaren aldekoa. Ezinezkoa da federalismoa gure alderdian eta Espainian». Zapaterorekin batzartu eta gutxira, horixe aitortu zion Euskal Herriko oso goi mailako arduradun politiko bati Pascual Maragallek, 2003an sortu zen lehen hirukoaren presidenteak. Kataluniako sozialistak (PSC) bakartu samar geratu dira federalismoaren defentsan, eta badirudi azken urteotan independentziazaletasunari alternatiba eskaintzeko atera duela.

Kataluniako sozialistei bidaideak atera zaizkie egunotan gure herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzako irtenbide politikorik egokiena Espainia federal batean egotea proposatzen duten 200 lagun ezagunek sinatutako agiri interesgarri bat plazaratu dute asteon. Espainia federalista lortzeko helburu horretan, agiriaren sinatzaileei ez zaizkie faltako aldi baterako laguntzaileak Katalunian eta Euskal Herrian, baldin eta proposatzen duten estatu federal horren barruan dauden nazioei sezesio eskubidea onartzen badiete. Badaudelako batean eta bestean, eta ez dira gutxi, pentsatzen dutenak independentzia era adostuan inoiz lortzekotan federala izango den estatu batean lortuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.