Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Estilo bila ari den zuzendari bat

Bad Times at the El Royale filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Gontzal Agote.
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun

'Bad Times at theEl Royale'



Zuzendaria:Drew Goddard. Aktoreak: Jeff Bridges, Chris Hemsworth, Jon Hamm, Dakota Johnson, Cynthia Erivo. Herrialdea: AEB. Iraupena: 140 minutu.

Sei urte pasatu dira jada Drew Goddardek The Cabin in the Woods lehen film luzearekin zinemazaleak harritu zituela. Terrorea eta zientzia fikzioa uztartzen zituen kultuko filma bihurtu zen, eta zuzendariari asmo handiagoko proiektuei ekiteko aukera eman zion.

Telebistan arrakastaz aritu ondoren —Daredevil telesaila sortu zuen—, patxadaz prestatu du zinemarako itzulera. Teknika zein aktore aldetik baliabide handiagorekin, gustuko proiektu bat prestatzeko aukera izan duela pentsatzekoa da. Ziurrenik ez da erabat librea izan, baina zuzendari gehienek baino askatasun handiagoz jokatuko zuen.

Bad Times at the El Royale da emaitza, eta horren aurrean harridura pittin bat sortzen zaio bigarren pelikula ikusteko irrikaz zegoenari. Film txukuna da; dibertigarria tarteka, ondo egina, interpretazio nabarmenekin, zertxobait luzea akaso.

Hala ere, hori ez da filmak duen arazorik handiena, originaltasun faltarena baizik. Zilegi da zinemagile gazte batek bere eragin artistikoak zeintzuk diren agerian uztea, baina, kasu honetan, Goddardengandik beretik zerbait gehiago ematea espero ahal zen.

Zuzendari gazte ia guztiek izan nahi dute Tarantino. Batzuei adinarekin pasatu egiten zaie; beste askori, berriz, sekula ez. Auskalo Goddardek zein bide hartuko duen; oraingoz, Four Rooms eta The Hateful Eight askotan ikusi dituela da argi dagoen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.