KRITIKA. Dantza

Ene maitea da!

Agus Perez.
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun

'Swan Lake'



Konpainia: Dada Masilo, Dance Factory Johannesburg. Koreografoa: Dada Masilo. Musika: Txaikovski, Rene Avenant, Camille Saint-Saens, Arvo Part, Steve Reich. Bideo sorkuntza: Mickael Vivier. Argiak: Suzette le Sueur. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 1.

Dada Masiloren Swan Lake honetan, agertokiak ez du batere apaindurarik erakutsi, edozein elementu eszenikok, gauzarik txikiena izanik ere, traba egingo liokeelako dantzaren ospakizunari. Behegainak eta atzeko pantailak noizean behin hartutako tonu monokromoak—laranja-arrosa, urdin turkesa eta erabateko beltza— argiekin eratu dira, eta haiekin eratu giroak, kontraste bikaina lortuz jantzien erabateko zuritasunarekin.

Emanaldian zehar Siegfrieden ama izango zenak azaldu digu ballet klasiko guztien funts eta mamia —ingelesez, goiko pantailan, euskarazko zein gaztelaniazko itzulpenarekin—; benetan umoretsua izan da ballet-jarreren deskribapena, eszenara gizon zein emakume beltxargak sartzen ziren bitartean —guztiak oinutsik, tutua jantzita eta luma zuriekin buruan—, eta gizonen enbor perfektuak agerian zirela. Hona hemen jarrera klasikoen izendapenak Masiloren hiztegian: Nesken exodoa, balizko emaztegai zapuztuek eszena uzten dutenekoa; Maite nau, amodio erromantikoaren paradigma; Alga-besoak eta Irabiagailu-hankatxoak, izendapen zinez adierazgarriak; eta beste asko, hala nola Su artifizialak, Gorputz-jasotzailea neskak hankekin 4 zenbakia irudikatzen duela eta Konorte galtzea, emozio erromantikoaren gailurra omen dena.

Ikusten denez, umorerik ez zaio falta Hegoafrikako koreografoari, eta hiztegi berrituari zegozkion jarreretan dantzari guztiek erakutsi dute ballet klasikoan duten maila bikaina. Apurka-apurka joan gara sartzen jatorrizko balletaren istorioan, baina lehenago konpainia osoak erakutsi digudantzatzearen artea nola ikusten den Hegoafrikatik: klasikoa, garaikidea eta sustrai afrikarrak ezin hobeto uztartuta, gorputzen edertasuna lagun, afrikar dantzarien mugimendu kalitate berezia nagusi eta energia eztandekin batera zetozen oihu kolektibo sinkronizatuak han-hemenka.

Une jakin batean, Masiloren solo mitikoetako bat gozatzeko aukera izan dugu, Odettek Siegfried konkistatu nahi duenean; eta jarraian erakutsi du bere hautu sozial eta politikoa, Siegfried gizon batekin maitemindu eta gorte osoaren aurrean He is my lover! (Ene maitea da!) aldarrikatu duenean.

Siegfriedek, ordea, gizartearen eta ustezko adiskideen ukoa jaso du energiaz beteriko pasarte kolektibo ezin kementsuago batean, eta hortik aurrera, tristeziaren eremuan sartu gara. Gona beltz luzeekin eta bularra agerian etorri dira hamar gizon eta emakume, jatorrizko balleteko gai nagusiaren aldaera teknologiko baten pean, eta banan-banan joan dira lurrera erortzen, azken bikoteak elkar besarkatu eta haiek ere lurrera ziplo jausi baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.