Buru osasuna pandemian

ARRASTO SAKONA UZTEN ARI DA

COVID-19 gaitzaren pandemiak kolokan jarri ditu oreka emozionala eta buru osasuna, eta gero eta agerikoagoak dira haren ondorio psikologikoak. Nekeak, antsietateak, beldurrak eta depresioak gora egin dutela ohartarazi dute adituek.

BERRIA.
Edurne Begiristain.
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
COVID-19ak eragindako osasun eta ekonomia krisiak beste pandemia baten kurba igoarazi du: buru osasunarena. Koronabirusaren izurriak berekin ekarri du ondorio psikologikoei lotutako beste bat,desoreka emozionalekin eta osasun mentalarekin zerikusia duena. OME Osasunaren Mundu Erakundeak aspaldi ohartarazi zuen epidemiaren eraginez buru osasuna arazo bihur daitekeela denbora gutxian, eta koronabirusak eragindako talka emozional biziak ondorioak utziko dituela eremu horretan. Azken hilabeteotan egin diren ikerketa zenbaitek ematen dute neurria: izurria hasi zenetik, gizartean areagotu egin dira estresa, antsietatea eta larritasun sentimenduekin lotutako kontsultak; hiru lagunetik batek lo egiteko arazoak ditu; nekea eta ahultasun sentsazioak orokortu dira, eta baita tristura sentimenduak ere. Beldurra ere zabaldu egin da gizartean, eta, zenbait kasutan, «irrazionala» edo «neurriz kanpokoa» ere bada. Gehiegi arduratzeko joerak gero eta ohikoagoak dira, eta fobiak agertzen ari dira: kontaktu fisikoa izateko beldurra, beste pertsona batzuekin espazio itxietan egotekoa...

Itxialdiaren, bakartzearen eta krisi ekonomikoaren ondorioek milaka bizitza zeharkatu dituzte, eta gizartearen bizimoduaren oreka hauskorra kolokan jarri dute, neurri handi batean. Hori dela eta, izurriak sortutako emozio asaldura «guztiz normala» dela nabarmendu du Nerea Perez Uria Bizkaiko Psikologoen Elkarteko dekanordeak: «Egoera hau salbuespenezkoa da, eta naturala da antsietatea, ezinegona, artegatasuna eta larrimina pairatzea. Erabat normala da hori sentitzea; egokitu zaigun egoera hau, horixe ez da normala». Ia urtebete igaro da pandemia Euskal Herrira iritsi zenetik, eta, osasun krisiak bezala, gizartearen buru osasunak ere okerrera egin du. Bataren ondorio baita bestea. Perezek esplikatu du kontsultan artatzen dituen pazienteengan «higadura» eta «nekea» sumatu dituela, eta baita «asperraldi orokortua» ere. Haren esanetan, ulergarria da gaitzak horrelako ondorio psikologikoak loratzea, gizakia «emozionala» delako eta sozializatzea ezinbestekoa duelako: «Babes soziala ezinbestekoa dugu, baina orain ezin dugu hurkoa besarkatu, musukatu edo alboan izan, eta horrek, ezinbestean, eragin bat dauka emozioetan».

Psikologoek neke pandemikoa deitu diote izurritearen ondorioz jendeak sentitzen duen nekeari. Adituek uste dute gizartearen gehiengoak jasan duela sintomaren bat, eta ziurgabetasun eta ezjakintasun egoerekin lotu dituzte neke fisikoa eta emozionala. Aitor Aritzeta EHUko Psikologia irakasleak azaldu du izurriak «koktel konplikatu» baterako osagai guztiak dituela: «Epidemiaren eragina asko ari denez luzatzen, pertsona batzuk beldurrari aurre egiteko baliabiderik gabe geratzen ari dira, ezinean, egoerari nola aurre egin jakin gabe».

Ziurgabetasun egoerei aurre egiteko gaitasun apalagoa dutenak emozionalki «askoz zaurgarriagoak» izaten dira, eta haiek ari dira orain gehien sufritzen. Hala, ohikoa da larritasun orokortua sentitzea, baina oso ongi jakin gabe zergatik den. Psikologiaren ikuspuntutik azaldu du arrazoia Aritzetak: «Ziurgabetasun egoera batean, gure burmuinak arreta sistema bat aktibatzen du datorrena identifikatzeko: gertatu denari azalpen bat ematen diogunean, amaitu egiten da behar hori, eta lasaiago sentitzen gara. Ordea, etorriko denaz etengabe ezkor pentsatzen badugu, asko sufrituko dugu». Pandemiarekin gertatzen ari da azken hori, zerumugan kostata ikusten baita argi izpirik, EHUko irakasleak azaldu duenez.

Gazteen «fobiak»

Osasun krisialdiak sortutako desoreka emozionalak oso agerikoak dira gazteen eta nerabeen artean. Autobabeserako neurriekin «nekatu» direla eta lasaitzera jo dutela dio Aritzetak. «Ezjakintasunari, itxialdiei eta etorkizunari aurre egiteko baliabideak falta dituzte, eta gogaitu eta nekatu egin dira». Joera askoz kezkagarriagoa antzematen ari da gazte askorengan Izar Arregi psikologoa. Aspaldi ikusi gabeko «broteak» detektatu ditu bere kontsultan: «Denbora gutxian, triste egotetik depresiora jotzen dute; fobia asko garatu dituzte; eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboak ugaritu egin dira». Azaldu duenez, egoeraren gaineko kontrolik ezak eta ziurgabetasunak «obsesioak» sortzera daramate, eta, gazteen kasuan, «pentsamendu absolutuak» izateko joera handitzera. «Ez dute erlatibizaziorako tarterik uzten: alde zaude edo kontra. Arauak betetzen dituzu ala ez».

Kontsultan ez ezik, 12-13 urteko ikasleei ematen dizkien ikastaroetan ere sumatzen ari da horrelako jokaerarik: liskar eta borroka ugari, tokiz kanpoko bihurrikeriak... «Gainezka egingo balute bezala ari dira jokatzen. Ematen du barruan daukaten hori guztia bideratzeko espazio osasuntsurik ez dutela topatzen; kirola, adibidez». Sozializatzeko arazoak ere sumatu ditu gazteen artean, «oso modu gordinean» gainera: «Kuadrilla egiteko garaian daude, baina fobia asko garatu dituzte birusaren eraginez, eta askok ez dute etxetik irten nahi, ez dute eskolara joan nahi, goizetik bazkalordura arte ezer jan gabe egoten dira maskara ez kentzearren...».

Unibertsitatean dauden gazteen artean ere larritzeko motiboak ikusi ditu Chloe Saint-Guilhem Baionako fakultateko psikologoak. Oro har, uste du Ipar Euskal Herriko bigarren konfinamendua lehenengoa baino «okerrago» bizi izan dutela ikasleek, «motibazio falta» eta «zailtasunak» emendatu zaizkielako, eta, finean, «aspertuta» daudelako. Ikasle guztiak ez dira gaizki pasatzen ari, eta batzuk ari dira egoera ongi kudeatzen, baina gehienentzat «hondamendi» bat da egokitu zaiena, eta depresioaren sintomak areagotzen ari dira haien artean. Saint-Guilhemek uste du arazoaren muina egoera ulertzeko ezintasunean dagoela:«Trauma baten gainean beste trauma bat ezartzea da haientzat».

Dolua ezin egin

Izurriak eragin dituen min emozionalaren zauriak ikusezinak dira, eta, kasu askotan, itxi gabekoak. Asko dira oraindik pandemiak eragindako absentzien zauria behar bezala itxi ez dutenak eta dolu prozesua egiteko aukerarik izan ez dutenak. Haiengan ere nabaritzen da zama emozional handia, malkartsua ari baita izaten saminetik askatzeko bidea. Maite Urzain erizain geriatrikoa da, eta doluan aditua; izurria hasi zenetik, pertsona askori lagundu behar izan die doluan, eta denetan sumatu du sentsazio bera: nekea. «Askotan, haiekin eseri, eta hasperen luze bat egoten da. Galdetzen diet hasperena hitzekin azaltzeko, eta orduan husten dituzte barruak. Nekatuta daude, eta hau guztia arrastoa uzten ari zaie».

Izurriak zaildu egin du, nabarmen, dolua egiteko prozesua, eta «etsipena» eragin du horrek gertuko pertsona bat galdu dutenengan. Urzainek azaldu du familia askok «hutsune bat» sumatu dutela agur esateko unean eta bizitzaren azken momentuetan: «Sentsazioa dute dena oso azkar joan dela, kolpe gogorra barneratzeko astirik gabe. Askok esaten didate egun batean etxetik oinez irteten ikusi zutela senidea ospitalera joateko, eta egun batzuen buruan senidea errauts kutxa batean itzuli zietela». Azaldu du pandemiak ezarritako neurri zurrunek berekin ekarri dutela agur errituetan eta dolu prozesuetan urte luzez egindako lana zapuztea, eta horrek «frustrazio» handia sortu duela.

Maite zuten pertsona bat galdu dutenengan ez ezik, gaixo larri daudenengan ere arrasto sakona uzten ari da pandemia. Minbizia dutenei, esaterako, zama erantsi bat ekarri die osasun krisiak: bakartuta egoteko beldurra. Pandemiak areagotu egin ditu gaixo horiek aurretik zituzten beldurrak, eta «hersturaz» bizi dute egoera; horrek estresa, antsietatea eta depresioa eragiten die, Naiara Martinez de Ilarduia AECC minbiziaren aurkako Arabako elkarteko psikologoak dioenez. «Onkologoarengana, kimioterapia saiora edo ebakuntza batera bakarrik joateak angustia sortu die, eta, askotan, izugarri zailtzen die gaixotasuna onartzeko prozesua». Azaldu du minbizia dutenen erdiek ez dutela lortzen errealitatetik «deskonektatzea», eta izurriaren inguruko kezka egunerokoa bilakatu zaiela.

Adinekoek ere kezka eta bakardadea bidelagun dituzte egunero, baina haiek «erresilientzia» handiagoa erakusten ari direla azpimarratu du Urzainek. Izurriagatik gehien sufritzen ari direnetakoak izanagatik ere, gutxien «kexatzen» dira. «'Hauxe tokatu zaigu; dagoena dago'. Horixe da esaten duten lehenengo esaldia. Baina, bihotza zabalduz gero, erraz antzematen da barruan samin izugarria dutela pilatua». Eta horrek baditu bere ondorioak: edadetuen buru osasunak nabarmen okerrera egin du. «Itxialdiak kalte handia egin die egoera kognitibo ahulean zeudenei, eta buru nahasmenduak areagotu egin dira».

Aurrera begira

Ez dago errezeta magikorik, baina adituek uste dute osasun mentala zaintzeko gakoa dela norberaren buruarekin «malgu» jokatzea. Are gehiago pandemia garaiotan. Perez: «Ziurgabetasunari beste begi batzuekin begiratu ahal diogu, geure buruaz ikasi, eta malgutasunez bizi». Haren ustez, nekea sentitzea normala dela onartu eta gertatzen dena«erlatibizatu» beharra dago. Malgutasuna ere aipatu du Urzainek, «oreka» bilatzeko eta «enpatikoagoak» izateko: «Hanka sartzen badugu, malguak izaten jakin behar dugu, geure buruarekin eta parean dugunarekin».

Aritzetaren ustez, egoerari «modu eraginkor» batean aurre egin nahi bazaio, ezinbestekoa da osasun fisikoa, emozionala eta kognitiboa lantzea. Eta esperantzari atea ireki dio: «Pentsatzen dut gizarte moduan enpatikoagoak izango garela aurrerantzean sufrimeduarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.