Elkarrek 50 urte. Ibilbide historikoa

ELEFANTE BAT MALETAN

1972an Baionan hogei gazte elkartu, Hegoaldetik beste hogei batu, eta hala hasi zen Elkar, apurka, euskararen ardatzean kultur industria martxan jartzen. Zailtasunak eta erasoak izan dituzte 50 urtean, baina proiektua handitu, eta, sortzaileen ustez, hastapenetako ideiei eutsita egin da bidea.

Sors, Lantziri, Erramuspe eta Jaka, Elkarren Adunako egoitzan. JON URBE/ FOKU.
itziar ugarte irizar
Aduna
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun

Disko labur gutxi batzuk, eskuz esku zebiltzan dozena erdi bat titulu, eta ez askorik gehiago. «Maleta batean sartzen zen hasieran geneukan funts guztia». Elkarrek Adunan (Gipuzkoa) duen egoitza berrian —iaz ireki zuten— egin dute BERRIArekin hitzordua Patxika Erramuspek (Aldude, Nafarroa Beherea, 1943), Jon Jakak (Zegama, Gipuzkoa, 1952), Gexan Lantzirik (Urepele, Nafarroa Beherea, 1941) eta Joxemari Sorsek (Errenteria, Gipuzkoa, 1951). Elkarren sortzaile taldeko kide izan ziren laurak, eta proiektuak 50 urteotan egin duen goranzko bidearen lekuko biziak izan dira. «Duela urtebete hona etorri ginelarik, hitzik gabe gelditu nintzen, gaindituta. Hasi ginenean, baziren bizpahiru disko, liburu guti, eta denborarekin ikusi dugu handitzen, handitzen... Xinaurritik abiatu zena elefante bilakatua da», esan du Erramuspek, eta barre txikiz erantsi Jakak: «Arrisku bat du horrek: inurriak gutxi jaten du, baina elefanteak asko». Saihetsezina da, bada, irudikatzea zenbat maleta bete daitezkeen gaur Elkarren jardunarekin. Elkarlanak, berrinbertsioak eta garaian garaiko erronkei adi egoteak ekarri du handitze hori; euskal kulturaren sustapena ipar izan duten kide askoren lanak.

 

NOLA HASI ZEN DENA
Hogei gehi hogei gazte

Hasiera-hasieran jarritako izen osoaren laburdura gordetzen du Elkarrek: Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria. 1972an jarri zioten izena, eta euskal kultur sistemako enpresa zentraletako bat bihurtuko zenaren oinarria; baliabide gutxirekin, baina aski konbentzimendurekin. Urria zen euskarazko produkzio kulturala, argitaratzeko zailtasunak handiak ziren, baina halakoxea zen kultur premia ere, eta horri erantzuteko hasi ziren lanean. Lehen urratsa hogei gazte biltzea izan zen, hogeiak Ipar Euskal Herrikoak —horietatik bederatzi, emakumeak—. Tartean ziren Erramuspe eta Lantziri, eta izen bat jarri dute sorrerako talde haren buruan: Manex Pagolarena. «Garai hartan, anitz kantatzen genuen gure artean, baina diskoak-eta guti ziren, eta Manexek zioen zerbait sortu behar genuela», hasi du Erramuspek, eta Lantzirik segitu: «Hasi zitzaigun goizeko kafea hartuz esaten: 'Goiztiri gelditu da: behar diagu beste argitaletxe bat egin'. Eta ziri eta ziri, bakerik ez zuen ematen. Zenbait ideia ere bagenituen: guhaurek kontrolatuko genuela hastetik buru, argitaratzetik zabalkundera. Bilkurak egiten hasi ginen, eta, beraz, Elkar sortu genuen».

Kide bakoitzak 1.000 franko jarri zituen, garaiko hilabete bateko soldata. «Pixka bat gehixeago, zeren gure hilabetesaria 900 zen», zehaztapena Lantzirik. Diru horrekin, 1962an sortutako Goiztiri argitaletxearen —geldirik zen 1969az geroztik— funtsak erosi zituzten, hogei bat disko labur eta sei bat liburu, denera; Txillardegiren Huntaz eta hartaz, Federico Krutwigen Vasconia, Manex Pagolaren Burgos, Mixel Labeguerieren Lau kanta eta Mikel Laboaren Azken, besteak beste.

«Ber denboran, Joseba [Jaka] etorri zen harat», azpimarratu du Erramuspek. Elkarren sorreran beste izen garrantzitsu bat. 1973 amaieran heldu zen Iparraldera hura, eta baita Sors ere: «Iritsi ginenean, ikusi genuen gehiago egiteko aukera eta beharra zegoela». Hala, 1974an, kapital zabalkuntza bat egin, eta hogeiko taldeari beste hogei gehitzea erabaki zuten, kide berri guztiak Hegoaldean bilduz. «Nazio espiritu hori hasieratik sortu zen». Diru ekarpen berbera egin zuten bazkide berriek ere. «Garbi genuen ez genuela berreskuratuko, baina ikusten zen euskarak hainbesteko ahalegina eskatzen zigula», esan du Jakak.

Anaia zuen Joseba —1996an hil zen, istripuz—, 1960ko urteetan jada banaketa klandestinoan hasia zena. Jaka: «Joseba hasia zegoen etxez etxe liburuak saltzen, eta abuztu batez probatzera animatu ninduen. Hernanin [Gipuzkoa] ibili nintzen, eta hain gaizki ez nuen egin: lana utzi, eta mundu honetan sartu nintzen. Bi gauza egiten genituen: liburuak etxez etxe saldu [Walt Disneyren Gauza harrigarriak oroitu du] eta diruaren zati bat euskarazko material posiblea ikastoletara bideratzeko utzi. Ikastola batzuetan egiten zituzten matematiketako fitxak, bestean natur zientzietakoak... eta guk asteburuetan multikopian atera, eta banatuz joaten ginen, ikastolaz ikastola»

Elkar 1972an sortu arren, banaketa lehenago hasi zela zehaztu du, bada, Sorsek. «Zentsuragatik, Hegoaldean banaketa soilik egiten zen. Guretzat, Iparraldea zerua zen orduan, baina Franco hil eta gero, hurrengo pausoa argitaletxea, denda eta banaketa Hegoaldera ekartzea izan zen». Bizpahiru urte kostatu zitzaien, baina garbi zuten kate osoa jarri behar zela martxan. «Sorkuntza liburuak falta zirelako, argitaletxea; ikusgaitasuna eman behar zelako, dendak; eta Euskal Herri osora zabaltzeko, banaketa».

Elkarren zigilupean publikatu, erakutsi eta banatu zituzten lehen lanen artean egon ziren, besteak beste, Maite Idirinen eta Pantxoa eta Peioren diskoak, eta Xabier Amurizaren Hil ala bizi eta Bernard Gayonen Les basques: un peuple, une nation liburuak.

URRATSAK ETA TENTSIOAK
Politikarekin jokatzen

Baionako Pannecau karrikan egon zen «indargunea» lehen urteetan. Han ireki zuten Zabal liburu denda, eta handik antolatu banaketa Ipar Euskal Herri osora. Igandean ere irekitzen zuten. «Orduan, lan egiten zen larunbatetan, eta Hegoaldeko euskaldun askok igandea aprobetxatzen zuten Iparraldera joan eta liburuak erosteko», oroitu du Sorsek.

Maleta batean sartzeko adinako bolumenarekin aritzen ziren banaketan artean, 1975ean Bilintx denda ireki zutenean, Donostiako Parte Zaharrean. Diktadura artean indarrean zenez, Iparraldean publikatzen zuten materiala, eta kontrabandoan bidali Hegoaldera. «Bidenabargoaren filosofiari segika, bidenabar bost gauza egiten ahal dira», Lantziriren hitzetan; eta zehatzago Erramusperenetan: «Gure haurrak ttipiak zirenean [bikotekide dira Lantziri eta bera], haiek ibilian ibiltzen genituen autoa kargaturik. Saskian, matalazaren azpian liburuak jarri, eta haurra gainetik». Parking batean deskargatzen ari zirela Poliziak harrapatu zituenekoa ere oroitu du Lantzirik: «Kaseteak ere pasatzen genituen, hamarreko zorroetan edo, eta Guardia Zibilak zer pentsatu, eta metraileta kargatzekoak zirela». Sors ere atxilotu zuten, Erramun Martikorenarekin batera. «Viktoria Eugenian gelditu ginen irratira joateko, grabatzera, baina komisarian bukatu genuen, 24 orduz desagertuta. Orain barre egiten dugu, baina politikarekin jokatzen ari ginen».

«Sasiklandestinitatean zen materiala» plazara ateratzeko baldintzak iritsita, Zabaltzen banaketa enpresaren delegazioak hiriburuetara hedatuz joan ziren, baita dendak ere aurrerago: 82an heldu zen Bilbora —Urretxindorra izenarekin—, eta 85ean Iruñera (Xalbador), esaterako—. Sors: «Beti filosofia batekin: herri batean liburu denda batek funtzionatzen badu, euskara ondo tratatua bada, ez dugu konpetentzia egin; hutsunea ikusiz gero, joan gara».

Bideko erabaki funtsezkotzat dute eskaintza «dibertsifikatu» izana ere. «Helburua hasieratik euskara eta euskal kultura sustatzea izan da, baina, horretarako, irabaziak behar ziren eta ez zen posible soilik euskal produkziotik lortzea». Horregatik erabaki zuten materiala erdaretan ere argitaratzen, banatzen eta saltzen hastea. Bide bertsutik, Donostiako Parte Zaharreko bi dendak batzea erabaki zuten; «euskal gauzak» zituzten batean, erdaretako lanak bestean, eta biak uztartzean «euskaltzaleen erasoak» heldu zitzaizkiela oroitu dute. «Euskaldunak lehenengo euskal dendara joan behar izaten zuen, eta, gero, erdaldunera, baina erdalduna ez zen euskararekin topatzen; horregatik batu genituen». Orduan ezarri zuten gaur arte iraun duen irizpide bat ere: «Euskal produkzioak [Espainiako] estatuan %2 bada, gure dendetan %25 da. Hamar aldiz handitu dugu ikusgaitasuna emateko, eta, hala ere, jende batek esango dizu ez dagoela aski euskaraz. Hurrengoa litzateke denda bakar-bakarrik euskal produktuekin jartzea, baina ez luke bizirik iraungo».

Igoera nabarmena 1980ko urteetan heldu zen. «Booma», Sorsen hitzetan. «[Joan Mari] Torrealdaik egiten zituen liburu estudioetan dator 80ko hamarkadan aurreko mende guztietan baino liburu gehiago publikatu zirela. Hor sortu ziren argitaletxeak, diskoetxeak, elkarteak... Dirua eta bezeroak falta ziren».

1996an bihurtu zuten Elkar fundazio, «sorrerako ideiei babes juridiko bat emateko», baina kide batzuek ez zuten begi onez ikusi, eta «haustura bat» ekarri zuen horrek. «Penalean bukatu genuen: gogorra izan zen». Horren ostean, Elkarrek egindako azken urrats handia 2015etik aurrera Espainiako Estatu osoan banatzen hastea izan da, sortzaileen ustetan. «Euskal Herritik irteteak aukera ematen du salmenta handiagoak egin eta irabazia bueltan ekartzeko. Baita kanpotik etor daitekeenari ateak ixteko ere», nabarmendu du Jakak.

BIDEKO ARGAZKIAK
Hizketaldiak eta heriotzak

 

Galdetuta bost hamarkadako bidetik zer datorkien burura, hastapenetako giroa azpimarratu du Erramuspek. Kantagintza berriaren bueltan euskal kulturara hurbildu aurretik, «arrunt giro frantsesean» bizi zela kontatu du —Seaskan buru-belarri aritu zen gerora—, eta Elkarren sorrera urteetan zegoen mugimendua goratu: «Kantua, musika, liburuak, antzerkia... Emeki-emeki eman zuten sustrai bat hizkuntza berritzeari». Hark ere pare bat lan kaleratu zuen Elkarren zigilupean: Xoxolo, Moxolo eta Ttottolo (1982) eta Kantuz kantu (1983). Aurrez, Zazpiribai eta Ortziken ikuskizunetan ere aritu zen. «Piztea izan zen; elkartzeko okasioa».

Gozotik erreskatatu du akordu bat Jakak, eta ubeletik beste bat. Bilintxen dendari aritu zen urteak ospatu ditu lehenengo. «Egunero hainbat jende pasatzen zen, euskaltzale asko, gaurko presarik gabe, eta tertulian egoten ziren. Gozamen hutsa zen». Ilunago, baina, anaiaren heriotzak ekarritakoa. «Josebak bazuen irudi bat enpresaren barruan, eta Haren heriotzak dudak sortu zituen kanpoko banketxe eta argitaletxeen artean. Planeta, Santillana, Oxford... Josebarengan bazuten konfiantza, baina guri ez ziguten ezer erraztu. Sufritu genuen».

Beste galera handi bat ere izan zuten urtebete eskasera: Jean Louis Maitiarena. Kudeaketa hiru lagunen artean eramaten zuten orduan —Maitia Iparraldean, Joseba Jaka banaketa eta kanpo harremanetan eta Sors argitaletxean eta finantzen arloan—, eta Maitia eta Jaka hiltzean dena berrantolatu behar izan zuten. Lantzirik hartu zuen, hain justu, Maitiaren lekua, eta Zabal dendan aritu zen lanean, 2004an erretiroa hartu arte.

Urte berean, 1997an, beste gertaera bat ere izan zen: Donostiako Igara auzoko almazenaren zati oso handi bat eraman zuen urak, eta 500 milioi pezetako kalteak izan zituen Elkarrek —hiru milioi eurotik gora—. Hondatutako musika masterrak ditu gogoan Sorsek: «Eskerrak Eresbiletik eta Herri Irratitik berreskuratu genituen». Jendea liburu bustiak lapurtzen hasi zela ere oroitu du.

ERASOAK ETA SUSMOAK
'Egunkaria'-ren aurrekari

Kolpeetan handiena, baina, mende berriarekin heldu zen. «Amesgaiztoa», sortzaileen gogoan. 2001eko udaberrian, Zabaltzen-en aurkako operazioa agindu zuen Baltasar Garzon epaileak; nahiz eta ezer ez topatu, hura Egunkaria auzia-ren hasiera izan zela gogorarazi dute. «Galdeteketetan, galdera gehienak Elkar fundazioaz ziren, eta ez Egunkaria-z», kontatu du, horren erakusgarri, Torrealdaik hil aurretik ia amaituta utzi zuen Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta liburuak.

Sors: «Haien akusazioaren arabera, faktura txiki asko egiten zituen enpresa batek zuritzen zuen dirua ETArentzat, eta, guk liburuak saltzen ditugunez, guk zuritzen genuen. Badaukat Poliziak eta epaileak sinatutako paper ofizial bat dioena: 'Elkarrek diru zikina zuri bihurtzen du erreaktore nuklearrak erosteko'». Eta irria atera zaio Lantziriri: «Aitzinatuak ginen hemen, e!». 2003ko otsailaren 20az oroitu da Erramuspe: «Joan Mari-eta arrastatu zituzten egunean justu, gure etxera etortzekoak zineten; Poliziak ere esan zien bazekitela gurera etortzekoak zinetela».

Urte horretako urrian, Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako bigarren operazioan atxilotu zituztenetako bat izan zen gero Sors. Orain barre egiten duela dio, latzak ahaztu gabe. «Beste bat ere badut ona: ni Gexanekin ari nintzen telefonoz gauzak fundaziora nola pasatuko genituen komentatzen, eta nik esan nion: 'Beti bezala egingo dugu, Gexan, ondasun guztiei uko egin, eta dena fundaziora pasatu'. Eta, orduantxe, moztu egiten zen, eta 'zer esan duzu?' galdetu zidan, eta nik 'uko egingo diogula'. Eta Poliziak idatzi zuen: 'Orain badakigu non dagoen dirua: UKO erakundean'».

50 urteko historian, hiru bonba eraso ere egin dizkiote Elkarri: 1976an Baionako Zabal dendan, 1985eko azaroaren 20an Donostiako Bilintxen —Franco hil zenetik hamar urte bete ziren egunean—, eta urtebetera berriz, leku eta egun berean. «Baionakoa izugarria izan zen. Teilatuetan agertu ziren liburuak. Batallon Vasco Españolek aldarrikatu zuen».

Bidean, alderdi politikoekiko zein instituzioekiko independentzia «larrutik» ordaindu dutela ere nabarmendu du Sorsek. «Liberrera joaten ginenean [Espainiako liburu azokarik handiena da] 'Badatoz ETAkoak' esaten ziguten, edo inbertsio bat egiten genuenean ea bahiketatik zenbat atera genuen galdetzen ziguten». Fundazioa sortzean, instituzioak ez zituzten sartu patronatuan, autonomia hori zaintzeko, hain justu. «Elkarlana bai, baina erabakiak gure aldetik».

MILITANTE ETA PROFESIONAL
«%100 bietatik»

Elkar bezala, euskalgintzako beste hainbat eragilek ere 50 urte bete dituzte azken urteetan —Elhuyarrek eta UEUk aurten, esaterako—, eta sasoi hartako «kultur militantzia» transmititzen jakin dela iruditzen zaie Elkarren sortzaileei. «Belaunaldi aldaketa egina dago, eta oraingoek izpiritu berarekin segitzen dute; formulazio eguneratuan defendatzen dituzte sorrerako balioak», aipatu du Sorsek, eta berrinbertsioaren ideiari eutsi izana nabarmendu Lantzirik: «Hasieratik bazen izpiritu berezi bat; irabazia berriz sartzen zen inbertsio modura, ez genuen gure artean banatzen. Eta hori beti atxiki da».

Nolanahi ere, militantziaren eta profesionalizazioaren arteko gogoetan maiz aritu izan direla aipatu du Sorsek. «Joan Mari [Torrealdai] eta biok askotan joaten ginen Londresera, Parisera... bilatzera gure kulturaren, kultur industriaren ulerkera nola osatu. Frantzian egon zen diskurtso bat zioena %50 militante eta %50 profesional antolatu behar zela sektorea. Orduan idatzi genuen guk bietatik %100 egingo genuela».

Jakaren ustez, duela 50 urte «militantzia osoa» eskatzen zuen euskararen inguruak. «Ez zen beste ahalmenik; pentsa zer miseria kobratu duten andereñoek, AEK-ko langileek... Hori hobetuz joan da, baina bai esango nuke, oraindik beharrezkoa den arren, militantzia jaitsiz joan dela». Erramusperen irudipena da «naturalki» egin zirela garaian garaiko urratsak; eta ñabardura egin du Lantzirik: «Naturalki, baina militanteen naturan».

Sorsek aitortu du euskal kulturak «enpresa handi bat» behar badu ere, handitzeak «mendekotasun arazoak» sortzen dituela, aldi berean. «Militantzia soilak ez du etorkizunik, baina profesionaltasun soilak ere ez euskal kulturan». Eta auzitan jarri du Elkarrek, hazkundeak hazkunde, egungo testuinguruan eragiteko egiaz duen indarra. «Lehen eskala 1etik 10era bazen, orain 20ra iritsi gara, baina besteak 200era. Gu eusten ari gara kanpora atera garelako, baina euskal mundua pandemiatik oso kaltetuta atera da, eta, apustu askoz handiagoak ez badatoz, garai latzak etorriko dira euskal kulturarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.